Hemen zaude: Energiaren Euskal Erakundeak aurrezteko aholku praktikoak gogorarazi ditu hotz-boladaren eta energia
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/01/19

Energiaren Euskal Erakundeak aurrezteko aholku praktikoak gogorarazi ditu hotz-boladaren eta energia-tarifa handiko aldiaren aurrean

Azken egun hauetako egoera atmosferikoaren aurrean, hotz-boladak tenperaturak jaitsarazi dituela (eta ondorioz berokuntzara bideratutako energia-kontsumoa igo dela) eta, aldi berean, energiaren prezioa –egun hauetan historiako handienetara iritsi dena– igo dela ikusirik, Energiaren Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia) hainbat neurri gogorarazi ditu; neurri horiek erraz eta berehala aplika daitezkeenez eta herritar guztien eskura daudenez, egungo kontsumo handia murrizten laguntzeaz gain, fakturako kostua murrizten ere lagundu baitezakete.

Segidako hiru hamarkadatan aurrezpen- eta eraginkortasun-neurriak sustatzen jardun ondoren, Energiaren Euskal Erakundeak egiaztatu ahal izan du politika hori ideia ona izan dela, politika horren bitartez, Euskadiko energia-aurrezte maila egungo energia-eskaeraren % 40 izatea lortu delako 1982az geroztik. Adibide gisa, azken lau urte hauetan 350 M€ mobilizatu dira energia-eraginkortasuneko neurrietara bideratutako inbertsioetan hainbat sektoretan.

Hotz-bolada honen aurrean herritarrek beren etxebizitzetan berehala har ditzaketen neurriei dagokienez, honako ekintza hauek nabarmenduko ditugu.

Isolamendua eta leihoak
  • Gauez pertsianak jaitsi, kanpora berotasun gutxiago joateko.
  • Egiaztatu ez dagoela aire-korronterik leihoetan, ateetan edo kanpoko airea sartu ahal den lekuetan. Eta kanpotik airea sartzen dela antzemanez gero, estali zirrikituak silikonaz, mastikaz edo burletez.

Berokuntza
  • Berokuntzaren helburua ez da etxean norbera bero izatea, hotzik ez izatea baizik.
  • Egunez, termostatoa 20ºC eta 21ºC bitartean edukitzea nahikoa da. Hortik gorako gradu bakoitzak %7 altxaraziko du kontsumoa.
  • Etxetik kanpo ordu batzuk eman behar dituzunean, ez itzali berokuntza: jaitsi lehenetsitako tenperatura 17ºC-tara.
  • Termostato normalaren ordez, erabili termostato programagarria, egunaren arabera eta eguneko orduaren arabera tenperatura desberdina programatzeko moduan.

Etxeko ur beroa
  • Etxeko ur beroa beharrezkoa denean soilik erabili, eta ez utzi txorrotak irekita premiarik ez badago. Ura aurreztea energia aurreztea da.
  • Norbera garbitzeko aski da ura 30º-35ºC-tan irtetea. Egokitu zure sistema maila horretara.

Argiteria
  • Aprobetxatu argi naturala eta ez utzi bonbillak piztuta beharrik gabe.
  • Erabili kontsumo txikiko lanparak (ahal bada, elektronikoak) edo LED motakoak; bonbilla halogenoekiko edo goritasun-bonbillekiko %85erainoko energia aurreztuko duzu.
  • Ahal bada, saihestu bonbilla asko dituzten lanparak.

Etxetresna elektrikoak
  • Ez ireki ateak beharrezkoa ez bada, eta irekitzen dituzunean, ahalik eta denbora laburrenean egin. Energia alferrik gastatzea saihestuko duzu.
  • Doitu termostatoa fabrikatzailearen aholkuei jarraiki. Adibidez: mantendu beti 6º-8ºC-ko tenperatura hozkailuan, eta -12º eta -18ºC bitartekoa izozkailuan.
  • Ikusi ateetako gomak ondo daudela eta ondo ixten dutela. Hotza joatea saihestuko duzu.

Irudi Galeria