Hemen zaude: Energiaren Euskal Erakundeak garraio elektrikoaren aldeko apustua indartu du ibilgailu elektrikoak a
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2018/07/03

Energiaren Euskal Erakundeak garraio elektrikoaren aldeko apustua indartu du ibilgailu elektrikoak arin kargatzeko instalazio berri bi bultzatuz

  • Bilboko Udalaren eta Energiaren Euskal Erakundearen akordio bati esker jarri ahal izan dira Ibilgailuak azkar kargatzeko puntu berri biak.
  • Instalazio horietako bat erabilgarri dago Etxaniz Suhiltzailearen plazan. Bigarrena Sabino Arana kalean jarriko dute. IBIL karga-gestoreak kudeatuko ditu biak. Energiaren Euskal Erakundeak IBILen % 50eko partaidetza du eta beste %50 Repsolek du.
  • Terminal hauek biak abian jarrita, Bizkaiko uriburuan guztira hiru puntu egongo dira IBILen ibilgailu elektrikoak arin kargatzeko.

Karga arineko puntuaren aurkezpenaEnergiaren Euskal Erakundeak garraiobide elektrikoei bultzada emateko konpromisoari jarraituz, ekimenak garatzen dihardu. Energia eredu berri bat lortzeko, energia tramtsizioaren habe nagusietako bat da konpromiso hori, iraunkorragoa izango den eta petrolioaren menpekotasun txikiagoa  izango duen eredu bat lortzeko.

Bilbon ibilgailu elektrikoak arin kargatzeko IBILen puntu berri bi egongo dira. Gaur goizean aurkeztu dute Etxaniz Suhiltzailearen plazan egongo den instalazioa. Bestea Sabino Arana kaleko 53aren parean egongo da eta hau irailean martxan egotea dago aurreikusita. Instalazio berri biak Bizkaiko uriburuan lehendik dauden horien moduko beste hiru instalazioei gehitu behar zaizkie.

Bilboko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak urtarrilean sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker instalatu ahal izan dira instalazio berri hauek. Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko aholkulari eta zuzendari nagusiak sinatu duten hitzarmenak lau urteko iraunaldia izango du, kargatzeko puntuak funtzionatzen hasten direnetik hasita.

Energiaren Euskal Erakundeak badu “R-KARGA” promozioa. Horren bidez promozioan inskribatutako ibilgailu elektrikoen erabiltzaileek kargatzeko puntu publikoetan ibilgailuak dohainik kargatzeko aukera dute. Promozio hori 2019ko ekainaren 30era arte da.

Bilboko Udalak jasangarritasun-arloan beste batzuekin batera parte hartzen du zenbait  ekimenetan, mugikortasun elektrikoa sustatzeko eta gas kutsagarrien isurpenak murrizteko asmoz. Horrela dago jasota udalaren plan batzuetan. Horien artean daude Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Plana eta Bilbon Ibilgailu Elektrikoa zabaltzeko Plan Estrategikoa; eta horietan bietan beste erakunde batzuekin elkarlanean aritu nahi du udalak.

“Gure helburua Bilbon ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzea da eta horientzako elektrizitate-horniketa berma dezaten kargatzeko azpiegiturak ezartzea” esan du Alfonso Gilek. Pozik agertu da “garraioaren elektrifikazio-arloan egiten ari diren aurrerapenenengatik”. Haren hitzetan “horrelako azpiegiturak edukitzea funtsezkoa da, baita erakundeen artean elkarlanean aritzea ere”.

Energiaren Euskal Erakundeak, bere aldetik, helburu berberak ditu, ibilgailu elektrikoen masa kritikoa lortze aldera, 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoak ezarri bezala.

Energiaren Euskal Erakundeak azkar kargatzeko puntu hauen kudeaketa IBILen esku utzi du. Enpresa horretan Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetza du eta gainerako % 50a Repsolek. Kokaleku berri bietan 50 kW-ra arteko potentzia duten hiru tutuko karga arineko terminalak jarriko dituzte. (Chademo, Combo CCS eta Mennekes konektoreekin). Gainera, denak bide publikoan daude; era horretan, ibilgailu elektrikoaren erabiltzaileek kargak edozein ordutan eta asteko edozein egunetan egiteko aukera izango dute. 

“Energiaren Euskal Erakundeak lanean jarraitzen du Euskadin mugikortasun elektrikoa sustatzeko, garraioaren efizientzia energetikoari begira eta euskal industria-ehunaren elementu traktore gisa. Hori lortzeko funtsezkoa da kargatzeko azpiegiturak lurralde guztiari estaldura ematea. Teknologia honek enpresen mugikortasunera heldu behar du, baita herritar partikularren mugikortasunera ere” esan du gaur goizeko aurkezpenean EEEren zuzendari nagusia den Iñigo Ansolak.

EEEk hau bezalako proiektuez gain, badu abian asmo handiko diru-laguntzen programa bat, garajeen barruan zein kanpoan kargatzeko puntuak jartzen laguntzeko. Garaje kolektiboetako enbor-instalazioak % 100eko diru-laguntzak ditu. Neurri aurrendari hori 2017an  hartu zen.

Arin kargatzeko 5 puntu Bilbon

Instalazio berri bi hauek zerbitzuan jarri ondoren (inauguratzen dena abian dago jadanik), bost izango dira Bilbo urian ibiltzen diren ibilgailu elektrikoak arin kargatzeko puntuak. Lehendik dauden hiru karga-puntuak leku hauetan daude:
  • Begoñako Andra Maria 47an, basilika ondoko taxi-geralekuaren alboan.
  • Leizaola Lehendakariaren etorbideko 5ean.
  • Elcano 8an, Moyua plazaren ondoan.

Irudi Galeria