Hemen zaude: Euskal herritarrak berriztagarrien eta gasaren alde
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/11/16

Euskal herritarrak berriztagarrien eta gasaren alde

EAEko biztanleek uste dute klima-aldaketa gertatzen ari dela, gai horrek kezkatzen ditu baina energia berriztagarrien garapena konponbidea izatea espero dute

  • Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterlan baten arabera, gizarteak badaki ingurumen-arazo hori konpontzeko ohiturak aldatu behar izango direla. Izan ere, % 88aren ustez energiaren kontsumoa murriztu behar da.
  • Inkesta egin duten pertsonen % 50ek uste dute lehorteak, bero-boladak, aurrez jakin ez daitekeen eguraldia eta urtaroen artean dauden aldaketa eskasak dira klima-aldaketaren ondorioetako batzuk.
  • % 95ek pentsatzen dute energia berriztagarri gehiago garatu beharko litzatekeela, eolikoa edo eguzkiarena esaterako; % 92 garraio publikoa bultzatzearen alde dago eta % 80k uste dute ibilgailu elektrikoen erosketa sustatzen jarraitu behar dela.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, Ihobe Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoarekin eta EEE Energiaren Euskal Erakundearekin elkarlanean eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalen laguntzarekin, azterlan bat egin du EAEko biztanleek energiari eta klima-aldaketari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko; bada lehenengo azterketa horren emaitzen arabera, EAEko biztanleen % 90ek uste dute klima-aldaketa gertatzen ari dela, eta % 80a baino gehiago kezkatuta dago ingurumenaren arazo horrekin.
 
Urriaren 5etik 11ra bitartean elkarrizketa batzuk egin zitzaizkien EAEko 18 urteko eta gehiagoko mila biztanleri, helburu nagusia baitzen EAEko biztanleek klima-aldaketari eta energiari lotutako gai batzuen gainean duten portaera neurtzea. Jasotako datuen arabera, biztanleak ziur daude klima-aldaketa gertatzen ari dela eta, gainera, horren eragile nagusia gizakien ekintzak direla uste dute; horrez gain, ohiturak aldatu behar direla eta energia berriztagarrien alde egin behar dela pentsatzen dute.  
 
Txostena gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak eta Iñigo Ansola EEEko zuzendariak. Bertan nabarmentzen da EAEko biztanleek dutela kezkarik handiena klima-aldaketaren gainean, Frantzian, Norvegian eta Alemanian egin diren antzeko azterketekin alderatuta.
 
Ingurumen-gertaera horrek EAEn izan ditzakeen ondorioei dagokienez, inkesta egin duten pertsonen % 50ek uste dute lehorteak, bero-boladak, aurrez jakin ez daitekeen eguraldia eta urtaroen artean dauden aldaketa eskasak dira ondorioetako batzuk. Klima-aldaketak dakartzan sentimenduei dagokienez, % 48ek ezintasuna sentitzen dute, % 36k haserrea eta % 31k beldurra.
 
Badirudi EAEko gizarteak barneratuta duela klima-aldaketaren aurka egiteko ohiturak aldatu behar direla. Izan ere, % 88aren ustez pertsonen energia-kontsumoa murriztu behar da, eta % 85aren ustez erosotasun batzuei uko egin beharko zaie. Bizimodua aldatu gabe klima-aldaketaren aurka egiteko zientziak ekar ditzakeen konponbideei dagokienez % 55ek adierazi dute baieztapen horrekin ez daudela oso ados edo batere ados.
 
“Garrantzitsua da azterketa honetan ikustea EAEko biztanleek ingurumenari buruz erakutsi duten heldutasuna. Heldutasun horren erakusgarri da, hain zuzen ere, inkesta egin duten pertsonen % 90en esanetan EAEk helburu handizaleak izan behar dituela klima-aldaketaren aurka egiteko, eta % 56k uste dute erronka horrek gizartearen eragile guztiak hartzen dituela: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, udalak, enpresak eta biztanleak. Denek parte hartu behar dute aldaketak aurrera egin ez dezan” horiexek dira Elena Moreno Ingurumen sailburuordearen hitzak. Ondoren sailburuordeak gehiago zehaztu du: “Jarrera positibo hori indartuz, biztanleen % 77 ados dago erakundeek klima-aldaketaren aurka borrokatzeko inbertsioak egitearekin”.
 
Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko neurriak direla-eta, % 95ek apustu egiten dute energia berriztagarri gehiago garatzearekin —energia eolikoa edo eguzki-energia, adibidez—; % 92 garraio publikoa bultzatzearen alde daude, eta % 80k uste dute ibilgailu elektrikoak erosteko pizgarriak ematen jarraitu behar dela.
 
Udal-esparruan herritarrek oso argi daukate zer nolako neurriak aplikatu behar liratekeen. Izan ere, % 93tik % 82ra bitarteko portzentajeetan baieztatu dute guztiz edo nahiko ados daudela udal-instalazioetan energia-kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak ezartzearekin; berdegune gehiago atontzearekin; oinezkoentzako eremuak eta bizikletaren erabilera sustatzearekin; tokian tokiko janarien kontsumoa sustatzearekin, edo auto pribatuen erabilera murriztu eta hiri barruko garraio publikoa sustatzearekin.
 
Gehien kutsatzen duten ibilgailuei zergak ezartzearekin % 59 guztiz edo nahiko ados daude eta % 36 ez daude oso ados edo batere ados. Halaber, kontsulta egin zaien biztanleen erdia baino gehiago, % 53, hegazkinez egiten diren bidaien gaineko zergak igotzearen aurka agertu dira, eta % 34k egin dute horrelako neurrien alde apustu.
 
Azterlanean klima-aldaketa murrizteko proposatu diren neurri guztien artean honako hau nabarmentzen da: biztanleen % 69k ez lukete gasolinaren prezioa igotzerik nahi airearen kutsadura murrizteko, eta % 25 guztiz ados edo nahiko ados daude neurri horrekin.
 
Klima-aldaketaren aurkako ekintzarik zergatik ez duten egiten galdetuta, arrazoi nagusia erosokeria edo denbora falta dela erantzun dute biztanleen % 24k, ez dakitela zer egin behar den esan dute % 23k, eta neurriak hartzea enpresen eta administrazio publikoen ardura dela uste dute % 22k.
 
Klima-aldaketaren eta energiaren artean dagoen loturari dagokionez, biztanleen % 83k uste dute lotura handia edo dezentekoa dagoela. EAEn sustatu behar liratekeen energia-iturriez galdetuta, eguzki-energiak, eolikoak, itsasokoak eta geotermikoak lortu dituzte puntuaziorik onenak, eta petrolioaren eratorriek eta energia nuklearrak, aldiz, lortu dute puntu gutxien, planteatutako aukeren artean.
 
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen azterlana urriaren 5etik 11ra bitartean egin zen hiru lurralde historikoetan. Mila elkarrizketa egin zitzaizkien telefonoz, banaka, 18 urteko edo gehiagoko biztanleei. Zehazki, Araban 250 elkarrizketa egin ziren, Bizkaian 425 eta Gipuzkoan 325.
 
OHARRA: Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webgunean aurki daiteke txosten osoa.
http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ikerketa-soziologikoak/



Irudi Galeria