Hemen zaude: Euskal industria eolikoak bere sendotasuna erakusten du Amsterdameko WindEurope azokan
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/11/25

Euskal industria eolikoak bere sendotasuna erakusten du Amsterdameko WindEurope azokan

Bilbon egingo da azoka 2019. urtean
  • Euskadiko ordezkaritza 17 enpresak osatzen dute, eolikoak eta zerbitzu osagarrietakoak.
  • Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Energiaren Euskal Erakundeko presidentea bilkuran izango da, nazioarteko proiektu eolikoetan euskal industriaren parte hartzea sustatzeko. Han aurkeztuko dio Europako sektore eolikoari hurrengo WindEurope azoka; hain zuzen ere, Bilbon egingo dena, 2019ko apirilaren 2tik 4ra.
  • Euskadiko sektore eolikoaren puntako konpainiek eta proiektuek presentzia izango dute WindEurope azokan, Europako hitzordurik garrantzitsuenean, Amsterdamen egingo dena, azaroaren  28tik 30era. Antolatutako harrera ekitaldian Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua izango da, eta bertan, 2019ko edizioa aurkeztuko du, Euskadin egingo dena, hain justu. Bi urtez behin egiten den azoka horrek sektorearen goi mailako eragileak eta konpainiak erakarriko ditu Bilbora, Energiaren Euskal Erakundearen eskutik.

    Energia Eolikoaren Europako Elkarteak antolatzen duen “WindEurope Conference & Exhibition” ekitaldia erreferentzia nagusia da esparru eolikoan, Europan. Izan ere,  mundu osoko 8.000 ordezkari eta profesional baino gehiago bertaratu ohi dira, eta azokan haien produktuak erakusten 50 herrialdetako 400 enpresatik gora izaten dira. Ezinbesteko hitzordua da alor horretan diharduten enpresetako ordezkarientzat, etengabe hazten ari diren egitasmo eolikoen inguruan erabakigune garrantzitsuena baita. Gainera, harreman berriak egiteko eta sektorearen etorkizuneko joerak ezagutzeko aukera aparta eskaintzen du.

    Azokan euskal industriaren ordezkaritza hauexek osatuko dute: 17 enpresak eta korporazio teknologikok, proiektuen garatzaileak, zerbitzu osagarrietan dihardutenak eta ikerkuntzan aritzen direnak. Azokan, sektore eolikoari lotutako balio-kate osoan duten eskaintza bereizgarria eta ahalmena aurkeztuko dute, hala nola proiektuaren planifikazioan eta egikaritzan, teknologiaren hornikuntzan eta aerosorgailuaren sekzio guztien fabrikazioan, parkeen eragiketetan eta mantentze lanetan, itsasoan nahiz lehorrean.

    Basque Country-Wind Energy deritzon stand instituzionala izango da euskal eragileen parte hartzearen erreferentzia-gunea; bertan, Euskadiren eta bere ahalmen industrial eolikoaren berri emateaz gain,  Bilbon egingo den 2019ko WindEurope azokaz ere informazio ugari emango dute. Stand horretan, Euskadiko Energia Klusterrean elkartuta dauden enpresa eoliko hauek hartuko dute parte: Kimua Group, Regenblade, Supra, ErrekaFastening Solutions, Laulagun Bearings, Ormazabal, Haizea Wind Group, Maxwind Technology eta Saitec Offshore Technologies. Horiekin batera,  WindBox eta BiMEP ikerketa zentroek ere presentzia izango dute. Horietaz gain, Siemens Gamesa Renewable Energy, Nem Solutions, Hine, Ingeteam eta Global Energy Services (GES) enpresek stand bana izango dute azokan. Horiek guztiek azokara joko dute beren eskaintza bereizgarria aurkeztera eta geroko enpresa-lankidetzei begirako harremanak egitera.

    Tapia sailburuaren bisita
    Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Energiaren Euskal Erakundeko presidentea Amsterdamen izango da, eta sektoreko eragile nagusiekin bilera batzuk egingo ditu, euskal enpresetako arduradunekin batera. Hartara, proiektu industrial berrien  garapenean puntan dabiltzan euskal enpresen ehuna zabaltzeko eta sendotzeko aukera izango da. 

    Bestetik, Amsterdamen, euskal ordezkaritzak izango duen standen zenbait bilkura eta hitzaldi egingo dira. Gainera, Energiaren Euskal Erakundeak eskainiko duen harrera ekitaldian, besteak beste, azoka horren hurrengo edizioaren berri emango du, Bilbon izango dena, hain zuzen ere.  Hala, EEEko presidente buru izango den ekitaldi horretan era ofizialean aurkeztuko zaio Europako sektore eoliko guztiari 2019ko WindEurope azoka, Bilbon, apirilaren 2tik 4ra, egingo dena. Zehazki,  Bilbao Exhibition Centreko bi pabiloietan egingo den azoka horretan industria eolikoaren eragile nagusiak bilduko dira.

    Aipatutako azokaren edizio hori, dudarik gabe, Energia Eolikoaren Europako Elkarteak Euskadiren eta Bilboren alde egindako apustuaren adierazgarri da, elkartearen erreferentziazko bilkura nagusiaren egoitza gurean kokatuz. Erabaki hori hartzeko, EAEn sektore horrek duen ahalmena edo sendotasuna aintzat hartzeaz gain, etorkizuneko perspektibak ere aipatzekoak dira. Halaber, Marine Energy Week Kongresuaren zenbait edizioren bidez, itsas energiak dibulgatzeko burututako lanaren aitortza  ere bada gurearen alde egindako apustu hori.

    Negozio eolikoan Euskadi goi mailako gune industrial eta teknologikoa bilakatu da, bertan ekoizteaz gain, Europara eta nazioarteko beste merkatu batzuetara ekipamenduak eta teknologia esportatzeko ahalmena baitu.  

    Euskadiko industria eolikoak potentzial handia du eolikoaren balio-katearen multzo osoan; izan ere, nazioartean erreferentziazkoak diren enpresa garrantzitsuak izatearekin batera, enpresa osagarri ugari daude. Hartara,  EAEko sektore eolikoaren lehiakortasun eta garapen teknologikoaren maila ezin hobea da. Horren erakusgarri da, besteak beste, 15.000 enplegu baino gehiago sortzen dituzten 105 enpresa bertan izatea. Langile horietatik, 976 I+G alorrean aritzen dira, urtean 7.000 milioi eurotik gorako fakturazio globala eraginez.