Hemen zaude: Bihar hasiko da WindEurope, Europako sektore eolikoaren azokarik garrantzitsuena
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/11/27

Bihar hasiko da WindEurope, Europako sektore eolikoaren azokarik garrantzitsuena

17 enpresak eta energia proiektuetan diharduten erakundeek osatuko dute euskal ordezkaritza Amsterdamen, eta sektore eolikoan duten ahalmena azalduko dute azokan
  • Euskadik sektore horretan duen potentzial industriala aurkeztuko du Arantza Tapia sailburuak eta, aldi berean, Bilbon egingo den 2019ko WindEurope azokaren berri emango du.
  • Europako industria eolikoa Amsterdamen bilduko da bihartik aurrera,  WindEurope kongresua eta erakustaldia egingo baita hiru egunez hiri horretan; zehazki, azaroaren 28tik 30era. Bi urtez behin antolatzen da erreferentziazko bilkura hori Energia Eolikoaren Europako Elkartearen eskutik. Sektoreko 8.000 profesional baino gehiago bertaratuko direla espero da, eta 50 herrialdetako 500 enpresa ingururen eskaintza ezagutzeko aukera izango dute. 

    Eskaintza horien artean, nabarmentzekoa da euskal industria eolikoarena; izan ere, azokan, Energiaren Euskal Erakundearen gidaritzapean, ordezkaritza zabala izango du industria horrek. Ordezkaritza punta-puntako 17 enpresak, korporazio teknologikoek, proiektuen garatzaileek, zerbitzu osagarrietan dihardutenek eta ikerkuntzan aritzen direnek osatzen dute. Zehazki, Wind Europe-Basque Country deritzon standean hauexek izango dira: Kimua Group, Regenblade, Supra, ErrekaFastening Solutions, Laulagun Bearings, Ormazabal, Haizea Wind Group, Maxwind Technology, Saitec Offshore Technologies. Horiekin batera, WindBox eta BiMEP ikerketa zentroak ere presentzia izango dute. Horietaz gain, Siemens Gamesa Renewable Energy, Nem Solutions, Hine, Ingeteam eta Global Energy Services (GES) enpresek stand bana izango dute azokan.

    Azoka horretan bertan, Euskadiko Basque Country-Wind Energy standean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu buru izango den ekitaldi batean, Energia Eolikoaren Europako Elkartearen 2019ko WindEurope azoka aurkeztuko zaio Europako sektore eolikoari, Bilbon egingo dena, hain zuzen ere.  WindEuropek parte hartze aktiboa izan du Bilbao Marine Energy Week kongresuaren eta erakustaldiaren aurreko edizioetan, eta haren bilkurarik garrantzitsuena Bilbon egiteak agerian uzten du europar elkarte horren aldetik aitortza edo esker ona euskal sektore eolikoarekiko; batez ere, sektore horren garapen teknologikoa eta industrialari dagokionez.

    Euskadik sektore produktibo sendoa eratu du energia eolikoaren inguruan; izan ere, goi mailako lehiakortasuna eta garapen teknologikoa duten 105 enpresaz osatutako gune estrategikoa bilakatu da, nazioarteko merkatu nagusietan lehiatzeko modukoa. Horrexegatik, hain zuzen, Energia Eolikoaren Europako Elkarteak Euskadi hautatu du, 2019ko azoka bertan egiteko. Beraz, Europako sektore eolikoa Bilbon bilduko da, bi urte barru, azaroaren 2tik 4ra.

    Irudi Galeria