Hemen zaude: Kontratatzailearen profilaDeskribapena
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

9/2017 LEGEA, azaroaren 8koa, Sektore Publikoaren Kontratuez

63. artikulua. Kontratatzailearen profila

1. Kontratazio-organoek Interneten bidez soil-soilik zabalduko dute beren kontratatzailearen profila, kontratuei lotutako jardueraren inguruko informazioa eta dokumentuak biltzen dituen gunea den aldetik, haien gardentasuna eta beraietara sarbide publikoa ziurtatzeari begira. Kontratatzailearen profilera sartzeko era agirietan eta antzeko dokumentuetan azaldu beharko da, baita lizitazio iragarki guztietan ere. Kontratatzailearen profilaren zabalkundea ez da oztopo izango beste publizitate bitarteko gehigarri batzuk erabiltzeko, hala ezartzen diren kasuetan.

Kontratatzailearen profilaren informaziora sarbidea librea izango da, aldez aurreko identifikaziorik eskatu gabe. Hala ere, identifikaziorik eska liteke kontratatzailearen profilaren edukiari lotutako zerbitzu pertsonalizatuetara sartzeko, hala nola harpidetzak, alerten bidalketa, komunikazio elektronikak eta eskaintzen bidalketa, beste batzuen artean. Kontratatzailearen profilean izango den informazio guztia formatu irekietan eta berrerabilgarrietan argitaratuko da eta eskuragarri egongo da publikoarentzat bost urteko epean gutxienez, informazio eskaeren aurrean, lehenagokoak edo zaharragoak izan daitezkeen espedienteetara sartzen utziko bada ere.

2. Kontratatzailearen profilak kontratazio-organoen kontratu-jardueraren inguruko datuak eta dokumentuak eduki ditzake. Nolanahi ere, kontratazio-organoarekin harremanetan egoteko erabiltzen den izaera orokorreko informazioa eduki beharko du, adibidez, harremanetarako puntuak, telefono eta fax zenbakiak, posta helbideak, helbide elektronikoa, informazioak, iragarkiak eta dokumentu orokorrak, hala nola kontratatzeko barne jarraibideak eta dokumentu ereduak. Horretaz gain, egiten dituen kontratuekin zerikusia duen informazio partikularra ere izan beharko du.

3. Kontratuei lotutako informaziori dagokionez, gutxienez, honako informazio hau argitara eman beharko da:

  1. Kontratuaren memoria justifikagarria, baliabide-urritasunaz txostena, zerbitzuen kontratuak izaten direnean, esleitzeko erabiltzen den prozeduraren justifikazioa, irekia edo murriztua ez den beste prozedura bat erabiltzen denean, kontratua arautuko dituzten klausula administratibo berezien agiria edo plegua eta zehaztapen teknikoena, edo hala badagokio, antzeko dokumentuak, eta espedientea onartzeko dokumentua.
  2. Kontratuaren xede zehaztua, iraupena, lizitatzeko oinarrizko aurrekontua eta esleitzeko zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne.
  3. Aurretiazko informazioari lotutako iragarkiak, lizitazioen deialdiena, kontratuak esleitzearen eta formalizatzearen ingurukoak, aldatzeko eta justifikatzeko iragarkiak, proiektuen lehiaketekin eta proiektuen lehiaketen emaitzekin zerikusia duten iragarkiak, publizitaterik gabeko negoziatuen arauetan ezarritako salbuespenekin.
  4. Hala badagokio, kontratua argitara emandako erabili diren hedabideak eta hedabide edo argitalpen horiekiko estekak.
  5. Prozeduran parte hartzen duten lizitatzaileen kopurua eta nortasuna edo identitatea, baita esleitzeko prozeduraren inguruan kontratazio-mahaiaren akta guztiak ere, edo mahaiak parte hartzen ez badu, dagokion kontratazio zerbitzuaren edo organoaren ebazpenak, eskaintza bakoitzaren balio irizpidez kuantifikagarriak diren esleitzeko irizpideen balorazioaz txostena, eta hala badagokio, 149.4 artikuluan aipatutako anormaltasun-presuntzioan dauden eskaintzen inguruko txostenak, eta kasu guztietan, kontratua esleitzeko ebazpena.

Era berean, kontratatzailearen profilean honako hauek ere argitaratuko dira: kontratua ez esleitzea edo egitearen erabakia, esleitzeko prozedurari uko egitearena, hutsik edo eman gabe uztearen deklarazioa, errekurtsoak jartzearena eta kontratuak behin-behinean deuseztatzearena, errekurtsoak jartzearen ondorioz.

4. Kontratu txikiei lotutako informazioaren argitaratzea hiru hilabetean behin, gutxienez, egin beharko da. Kontratu mota horien inguruan argitara eman beharko den gutxieneko informazioa hauxe izango da: xedea, iraupena, esleitzeko zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne, eta esleipendunaren identitatea; gainera, kontratuen hurrenkera edo ordenamendua esleipendunaren identitatearen araberakoa izango da.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren kasuen argitaratzetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta aurreikusitako kontratuaren balioa bost mila euro baino txikiagoa bada, betiere esleitzeko ahaldunek ordaintzeko erabiliko duten sistema kutxa finkoko aurrerakina edo antzeko sistema bat bada ordainketa txikiak egiteko.

5. Halaber, kontratatzailearen profilean honako hauek ere argitaratu beharko dira: bertan behera utzitako prozedurak, kontratazio-organoei laguntza emango dieten kontratazio-mahaien osaera eta adituen batzordeko kideen izendapena, edo erakunde tekniko espezializatuena, beharrezkoak diren prozeduretan balio-iritziaren mende dauden esleitzeko irizpideak aplikatzeari begira.

Nolanahi ere, kontratazio-mahaietako eta adituen batzordeetako kideen karguak argitaratu beharko dira, eta ez dira onartuko aipamen orokorrak edo zehaztugabeak, edo ordezkatzen edo zerbitzuak ematen dituzten administrazio, erakunde edo elkarteari soil-soilik erreferentzia egiten diotenak.

6. Baliabide propioetara enkarguen formalizazioa, 50.000 eurotik gorakoak, BEZik gabe, izanez gero, kontratatzailearen profilean argitaratu beharko dira.

5.000 eurotik gorako enkarguen inguruko informazioaren argitaratzea hiru hilabetean behin, gutxienez, egin beharko da. Enkargu mota horietaz argitara eman beharko den gutxieneko informazioa hauxe izango da: xedea, iraupena, tarifa aplikagarriak, enkarguaren xede den baliabide propioaren identitatea, enkarguen hurrenkera baliabide propioaren identitatearen araberakoa izango da.

7. Kontratatzailearen profilaren euskarri izango den sistema informatikoak honako tresna hau eduki beharko du: bertan sartzen den informazioaren zabalpen publikoaren hasiera unea argigarriz egiaztatzeko edo akreditatzeko tresna.

8. Kontratua egiteari lotutako zenbait datu ez argitaratzea bidezkoa izango da, 154.7 artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz gero.

Nolanahi ere den, kontratazio-organoak informazioren bat ez ematea erabakitzen duen bakoitzean, aurreko paragrafoan agindutakoaren arabera, justifikatu egin beharko du espedientean.