Jardunaldiak eta albisteak

Energia eolikoa

Egungo egoera eta etorkizuna

Energia eolikoari dagokionez, urteak eman ditu Europak lurralde garatuena izaten, baina azken urteetan beste herrialde batzuek tartea jan diote, hala nola Txinak eta Ameriketako Estatu Batuek, eta gaur egun bi herrialde horiek dira liderrak lurreko merkatu eolikoan. Europak liderra izaten jarraitzen du garapen teknologikoan, baita offshore merkatuko instalazioen ezarpenean ere.

Datozen urteetan hazkunde handia espero da munduko energia eolikoaren metatuko ahalmena 740 GW-eraino iritsi arte 2021ean. Lurreko energia eolikoaren pisu handia da nabarmentzekoa, gaurko joeraren ildotik, datozen lau urteetan aurreikusitako ahalmen berriaren % 95 izatea aurreikusten baita.

Energia eolikoaren ahalmen metatuaren bilakaera eta aurreikuspenak mundu osoan (GW)
Iturria: International Energy Agency (IEA), International Renewable Energy Agency (IRENA)

Merkatuaren egoera eta joera teknologikoak

Sektore eolikoko balio-katea finkatuta dago, nazioartean egituratuta hainbat hamarkadatako garapenaren ondoren. Edozein balio-katek bezala, bilakaera izaten du eta produkzio-faktoreetan, faktore teknologikoetan eta merkatuko faktoreetan izaten diren aldaketetara egokitzen da. Horrela, itsas energia eolikoaren hazkundea oso aldaketa esanguratsuak ari da eragiten sektorean.

Sektoreko enpresa liderrek propiotzat mantentzen dituzten funtsezko eragiketen artean, nabarmentzekoak dira sustapena eta proiektu-diseinua, aerosorgailuen fabrikazioa eta sortutako energiaren salmenta eta banaketa. Eragiketen funtsa konpainia bakoitzaren orientazio komertzialaren arabera aldatzen da, eta proiektuaren sustapena, eta energiaren sorkuntza eta salmenta har ditzake ardatz gisa, edo aerosorgailuen produkzioa bestela.

Lurreko parke eolikoak sektore heldu bati dagozkio, teknologia estandar batean eta mundu osoko enpresek erraz erreplikatu dezaketen batean oinarritutakoa, non kostuen kontrola lehiakortasun-faktore nagusia den. Fabrikatzaile eta enpresa gutxi batzuetan kontzentratzen da jarduera, eskalako ekonomiak albait gehien aprobetxatzeko, kostu txikiko herrialdeen hornitzaileen mesederako, gehienbat.

Itsas parke eolikoei dagokienez, garapen jarraituan dago teknologia, esperimentazio-fasea funtsezko elementua delarik. Aerosorgailuen fabrikazioan liderrak diren enpresak lankidetzan aritzen dira hornitzaile espezializatuen kopuru murritz batekin soluzio energetiko berri eta hobeak esploratzeko.

Datozen urteetan gertatuko den aurrerapen teknologikoa aerosogailuak giro aurkakoagoetan erabiltzeari, eta fabrikazioari, eragiketari eta mantentze-lanari lotutako kostuen murrizketari egongo da lotuta. Ildo horretan, honako bide hauek nabarmentzen dira joera teknologikoen arabera:

  • Itsas energia eolikoaren garapen teknologikoaren bizkortzea.
  • Zimendu flotatzaileen garapena itsas energia eolikoan.
  • Azpiegitura elektrikoaren, kableatuaren eta sarerako konexioaren garapena itsas energia eolikoan.
  • Pala luzeagoak eta dorre handiagoak izatea lortzeko bilakaera.
  • Sorgailu elektriko indartsuagoak eta arinagoak.
  • Biderkatzaile fidagarriagoak eta bizitza baliagarri luzeagoarekin.

Energia eolikoa Euskadin

1984. urtean, Karrantzan 10 kW-eko “Polenko” ekipo komertzial baten instalazioaren bidez burututako proiektu pilotu eta erakusketa-proiektuak izan ziren energia eolikoaren esparruan Euskadin garatutako lehenengo jarduerak, eta horrekin batera, garapen berriei emandako bultzada (“Darrieus” ardatz bertikaleko aerosorgailuak), Arrasateko Eskola Politeknikoarekin lankidetzan.

Lehenengo garapen-etapa hori sektore eolikoan zenbait konpainia elektrikok egindako hasierako mugimenduekin batera gertatu zen denboran. Horrela, Energiaren Euskal Erakundearen eta Iberdrola Renovables enpresaren arteko interesen uztartze hori 1996. urtean Eólicas de Euskadi enpresaren sorrerarekin gauzatu zen (% 50eko partaidetzarekin), eta enpresa horrek egin ditu Euskadiko parke eolikoetako inbertsio gehienak. 2007an euskal energia-agentziak Iberdrolari saldu zion bere partizipazioa Eólicas de Euskadi enpresan

Gaur egun, Euskadik lurreko lau parke eoliko dauzka, 143 MW-eko instalatutako potentziarekin, guztira. 2006an, CESAk (ondoren Accionan integratu zen) Luzero Lurmuturreko miniparke eolikoaren eraikuntza sustatu zuen (10 MW), Eólicas de Euskadi enpresaz kanpo eraikitako bakarrarena. Orduz geroztik, ez da beste parke eolikorik eraiki Euskadin.

Gehigarri gisa, potentzia txikiko 200 instalazio baino gehiago ditu Euskadik geografia osoan banatuta.

Energia eolikoarekin lortutako urteko batez besteko produkzio elektrikoa 350 GWh inguru da, hau da, euskal energia aprobetxamenduaren % 6-7 inguru energia berriztagarriekin.

 

2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren (3E-2030) arabera, funtsezko zutabeetako bat da energia eolikoa Euskadiko energia berriztagarrien garapenean. Ordurako, 783 MW-eko potentzia eolikoa edukitzea espero da.

Euskadik industria-sare indartsua du sektore eolikoan, sektorean mundu osoan lider diren enpresekin. Aerosorgailuen fabrikazioko, eta parkeen sustapen eta ustiapeneko jarduera bultzatzaileen inguruan osagai eta sistema elektrikoen fabrikazioko, ingeniaritzako, instalazio eta eraikuntzako, eragiketa- eta mantentze-zerbitzuetako, teleaginte eta kontroleko teknologietako eta abarreko industria osagarri aberats bat sortu da.

Itsas energia eolikoaren esparruan, eskualdean sakon errotutako ontzigintzako eta itsas jardueretako industriak osatzen du industria osagarri hori. Oil&Gas eta antzeko sektoreetan enpresek duten esperientziak beharrezko aktore bihurtzen ditu itsas sektore eolikoaren garapenerako, eta soluzioak eman ditzakete diseinu-prozesuan zein parkearen eta haren ekipoen eraikuntzan, baita eragiketan eta parkearen mantentze-lanetan ere.

Jarduten duen nazioarteko merkatuen zati denez, industria- eta teknologia-erronka erkide batzuei egin behar die aurre euskal industria eolikoak, eta datozen urteetan ekin beharko zaie erronka horiei.

2017-2020 aldirako Euskal Energia Eolikoaren Plana

3E-2030 estrategian ezarritako helburuak lortzeko, 2017-2020 aldirako Energia Eolikoaren Plana garatu da, non zenbait jardun-ildo biltzen diren, bi ardatz handitan bildutako ekimenen bidez zabaltzen direlarik: garapen energetikoa eta sustapen industriala.

Garapen energetikoaren kasuan, Euskadik energia eolikoaren aprobetxamendu energetikoan duen protagonismoa berreskuratzea dute jardunek ardatz gisa, energia horretarako Lurralde Plan Sektorial berri baten garapena ahalbidetuz, besteak beste.

Honako hauei lotuta dago sustapen industriala:

  • Euskal industria eolikoaren lehiakortasuna indartzea, batez ere itsas energia eolikoko merkaturako duen bilakaera.
  • BiMEPen eta euskal industriaren lidertza bultzatzea zimendu flotatzaileen garapenean.
  • Prestakuntza-eskaintzaren sektorerako premien egokitzapena bizkortzea.

Ondorengo taulan laburbiltzen dira planaren apustuak.

ESPARRUA GARAPEN ENERGETIKOA SUSTAPEN INDUSTRIALA
LURREKO ENERGIA EOLIKOA Apustua Osagarria
ITSAS ENERGIA EOLIKOA Osagarria Apustua