Jardunaldiak eta albisteak

Gas naturala

GAS NATURALA GARRAIO-ERREGAI GISA

Gas naturala hidrokarburo bat da, jatorri fosileko gas arinen nahasketa, nagusiki metanoa duena, eta, normalean, kate motzeko beste hidrokarburo batzuen kantitate aldakorrak, nitrogenoa, eta, neurri txikiagoan, beste gas batzuk biltzen dituena.

Garraiorako hamarkadatan erabili bada ere, azken urteetan bultzatzen ari da bereziki, petrolio-jatorriko produktuek baino emisio kutsatzaile gutxiago sortzen dituelako, batetik, eta garraioa azken produktu horien guztiz mendean dagoelako, bestetik.

Garraiorako erregaia bi modutan erabiltzen da, konprimatua (GNK) eta likidotua (GNL). Bi formatu horiek erabiltzen dira presio eta tenperatura normaletan oso energia-dentsitate txikia duenez, bolumena nahitaez murriztu behar delako ibilgailuetan erabili ahal izateko.

Gas natural konprimatua (GNK)

Gas-egoeran biltegiratzen da ibilgailuan, 200 bar-eko presioan.

Gas natural likidotua (GNL)

Berriz, egoera likidotuan biltegiratzen da, -162ºC-tan, bereziki isolatutako andeletan “hotz-galeraren” (boil-off) ondoriozko erregaiaren gasifikazioa minimizatzeko, eta diesel ibilgailuek dutenaren moduko autonomia ematen dio ibilgailuari.

IBILGAILUAK

Gaur egun, honako propultsio-teknologia hauek daude eskuragarri:

Otto zikloa

Eztanda-motorra, gasolina-motorra, adibidez:

  • Mono-fuelak edo mono-erregaiak (“dedikatuak” ere esaten zaie). Gas naturalez dabiltza bakarrik, GNK izan edo GNL izan. Erabilera tipikoak:
    • Hiri-autobusak (GNK).
    • Hiri-hondakin solidoen kamioiak (GNK).
    • Distantzia luzeko garraioa (GNL).
  • Bi-fuelak gasolina edo gas naturala kontsumi dezakete txandaka, gidariaren nahiaren arabera. Erabilera tipikoak:
    • Automobilak eta furgonetak (beti GNK); nolanahi ere, legez monofueltzat jotzen dira baldin eta gasolina-andela 15 litrotik beherakoa bada (ez da ohikoa).

Diesel zikloa

  • Dual-fuelak, gas naturala eta gasolioa nahastuta kontsumitzeko prestatuak. Ez daude gas naturalaren hornidura eskuragarri egotearen mendean, eta, gainera, oso motor efizientea darabilte: Diesel motorra. GNK-ko eta GNLko bertsioak daude eta ibilgailu astunetarako erabiltzen da; gas naturalarekin, gasolio-kontsumoaren % 30-50 ordezten da, gutxi gorabehera. Une honetan ez dago teknologia hori darabilen fabrika-ibilgailurik; ibilgailu eraldatuak baino ez daude. Erabilera tipikoak:
    • Distantzia luzeko garraioa (GNL).
  • HPDI, goi-presioko injekzio zuzenekoak, Europan ezer gutxi hedatu direnak. % 90etik gora ordeztea lortzen du.
    • Distantzia luzeko garraioa (GNL).

Aurreko bertsio guztietan, lehendik dauden ibilgailuak eraldatzeko aukera dago.

HORNIDURA-AZPIEGITURAK

Laburbildurik, bi instalazio mota daude, batetik, gas-sareari konektatuak, GNK soilik hornitzen dutenak, eta, bestetik, GNL biltzen dutenak. Azken horiek aukeran dute GNL andel kriogeniko batean biltegiratu eta zuzenean hornitzeko, edota, birgasifikatu ondoren, GNK hornitzeko.

GNK-ko estazioa bideragarria izan dadin, funtsezkoa da gas-sarea eskuragarri eta gertu edukitzea, sare hori hurbiltzeak dozenaka eta ehunka mila euroko inbertsioa ere ekar dezakeelako.

Oso garrantzitsua da, halaber, gas-sarea goi-presiokoa izatea. Gasa konprimatzearen energia-kostua biderkatu egiten da behe-presiotik (1-1,5 bar-eko balio tipikoak, legez 4 bar-etik behera) goi-presiora (8-12 bar-eko balio tipikoak; legez, 4-16 bar) igo behar denean.

Etxeko banako instalazioek gutxienez 6 ordu behar dute andel oso bat kargatzeko.

LEGERIA ETA ERREGULAZIOA

Erregai alternatiboetarako azpiegitura bat ezartzeari buruzko 2014ko urriaren 22ko EUROPAKO PARLAMENTUAREN ETA KONTSEILUAREN 2014/94/EB ZUZENTARAUAK ezartzen duenez, estatu kide bakoitzak ekintza-esparru nazional bat ezarri beharko du merkatua garatzeko eta erregai horietako azpiegiturak ezartzeko.

Zuzentarauak ez du helburu kuantitatiborik ezartzen. Gas naturalaren kasuan, estatu kideek “behar diren bitartekoak” jarri beharko dituzte GNK bidezko ibilgailuek hiri-aglomerazioetan ibiltzeko aukera izan dezaten (2020), hau da, GNL eta GNK “hartzeko gune kopurua egokia” bermatuko dute Europa barneko Garraio Sarearen oinarrizko sare osoan (2025).

Zuzentarau hori Espainiara ekarri da Garraio Energia Alternatiboen Ekintza Esparru Nazionalaren, bitartez (MAN, 2016), eta, hartan aurreikusten denez, 2020rako GNK eskuragarri egongo da 250.000 biztanletik gorako hirietan (gutxienez, GNL hartzeko 44 estazio eta GNK hartzeko 46 estazio), eta 2025erako, berriz, edozein GNL ibilgailuk aukera izango du Europa barneko Garraio Sareko oinarrizko sarean barrena ibiltzeko (gutxienez, 44 estazio).

Bestetik, 2030erako Euskadiko Energia Estrategiak ezartzen du garraioan gas naturalaren erabilera bultzatzea (2L.3.3), sektore horretan petrolioaren mendekotasuna murrizteko ekimenen barruan (2L).

 

INGURUMEN-ALDERDIAK

Berotegi-efektuko gasei , dagokienez, gas naturalak gutxiago (% 20-30) emititzen du gasolinak baino, eta gasoliotik gertu dabil horretan, ibilgailuaren eta gasaren jatorri eta garraioaren arabera.

Logikoa denez, berotegi-efektuko gasen emisioak orduan eta txikiagoak izango dira kontsumitutako nahasketan biometano berriztagarriaren proportzioa handitu ahala.

Tokiko kontsumitzaileei dagokienez, abantaila argiagoa da. Gasolioari dagokionez, eta gutxi gorabeherako balioetan (iturria: Garraio Energia Alternatiboen Ekintza Esparru Nazionala):

  • Ez du SO2 emisiorik sortzen, sufrerik ez duelako.
  • NOx gutxiago emititzen du gasolinak (% 8) eta gasolioak (% 73) baino.
  • Partikula (PM) gutxiago emititzen du gasolinak (% 21) eta gasolioak (% 93) baino.

BIOGASA ETA BIOMETANOA

Biogasa gas bat da, nagusiki metanoz (% 50-70) eta CO2-z (% 30-50) osatutakoa, materia organikoa atmosfera askean (digestio aerobikoa) edo oxigenorik ez dagoenean (digestio anaerobikoa) degradatzearen ondorioz sortzen dena.

Ibilgailuen motorretan erabili ahal izateko, biogasa araztu behar da, % 90eko metano-aberastasuna lortzeko, gutxi gorabehera. Gas horri biometanoa esaten zaio. Biogasaren jatorriaren arabera, desulfurazio-prozesuaren premia ere izan dezake.

Biomasaren gasifikaziotik eta Power-to-Gas prozesuetatik lortutako sintesi-gasa garbituz ere lor daiteke biometanoa, erabilitako energia elektrikoa berriztagarria denean.

Hiri-hondakin solidoetatik sortutako biogasari dagokionez, berotegi-efektuko gasen % 80ko murrizketa tipikoak nabari dira (iturria: Garraio Energia Alternatiboen Ekintza Esparru Nazionala).

Gas naturalaren ezarpenak biometanoranzko bidea zabaltzen du, erregaia hartzeko ezartzen den azpiegiturak eta ibilgailuek berek etorkizunean erregai hori erabiltzea bultza dezaketelako, eta horrek berotegi-efektuko gasak nabarmen murriztea ekarriko lukeelako berekin, ohiko erregaien aldean.

PROIEKTUAK EUSKADIN

EAEn honako hauek dira proiekturik garrantzitsuenak:

HHSen bilketa Gasteizen

GNKz soilik elikatutako kamioiak arduratzen dira HHSen bilketaz Gasteizen. Ekimen hori da arrakastarik handiena lortu duena Euskadin, aurrera eramandako guztien artean.

Proiektuak, betetzeko instalazioa eta ibilgailuen erosketa barne, 200.000 euroko diru-laguntza jaso zuen EEE-IDAE 2006 Programaren esparruan, eta 7.000.000 eurotik gorako inbertsioa ekarri zuen, zerbitzuaren adjudikaziodunak (FCC) EZE gisa bere gain hartu zuena. Flotako ibilgailu guztiek GNK daramate. 3.500 kg-tik beherakoak bi-fuelak dira (+ gasolina). GNK-ko instalazioaren osagai nagusiak konpresore multzoa, biltegiratze-bonbonak (250 bar) eta hornigailuak (11, bikoitzak) dira, eta instalazioa gas-saretik (12 bar) elikatzen da.

Olaberriko zerbitzugunea

Gasogas zerbitzugunea Olaberrian dago (Gipuzkoa), N-I errepidearen ondoan, eta jendeari GNK eta GNL hornitzen dio, baita beste zenbait erregai alternatibo ere, hala nola PGL eta bioetanola. Transportes Vicuña da zerbitzugune horren jabekidea, eta aipatzekoa da enpresa horrek GNL darabilten ibilgailu astunen flota handi bat duela, GNK darabilten beste hainbat ibilgailu arinez gainera.

Gas Natural Fenosa (E.S. Subillabide)

GNLko eta GNK-ko estazioa Subillabide industrialdean (Nanclares Oka), N-I errepidearen ondoan estrategikoki kokatua. Printzipioz, proiektu hau osatuko da Eurocam garraio-enpresaren GNLko kamioen flotari erregaia hartzeko aukera emanez. (GARnet proiektua).

Transordizia: GNLko ibilgailuak

Transordiziak GNLko trakzio-buruen alde egin du, motor monofuel dedikatuarekin. Gainera, Irungo instalazioetan, HAM taldearen erregaia hartzeko behin-behineko gune bat dauka.

San José López: Dual-fuelera eraldatzea

Azken urteetan, Oiartzunen kokatua dagoen SJL enpresak 42 trakzio-buru dual-fuelera eraldatu ditu, gasolio eta gas naturalaren nahasketa bat kontsumitzeko aukera emanez. GNK erabiltzen dute.

E.S. Portuoil GNL-GNK

Bilboko Portuan (Zierbena). 2013an inauguratua. HAM taldearen jabetza.

GNK-ko zerbitzugunea Gasteizen

EDP enpresak jendearentzat irekitako GNK-ko zerbitzugunea.