Évènements et Actualités

Euskadiko energia-datuak

Atal honetan, EAEko energia-egiturari buruz 1982. urteaz geroztik jasotako datuak ageri dira, eta eskuragarri dauden azken datu eguneratuenak bildu dira. Power-Bi tresnaren bidez erakutsi dira, tresna horrek aukera ematen baitu elkarreraginean aritzeko eta bistaratu nahi diren parametroak hautatzeko.

Txostenaren oinarrizko informazioa energia-banatzaileen, ekoizleen, energia-eraldatzaileen eta kontsumitzaile handien eskutik jaso da, baita azterketa propioen bidez ere.

Euskadiko energia-balantzea

Euskadin ekoizten, bihurtzen eta kontsumitzen diren energia-kopuruak erakusten ditu Euskadiko energia-balantzeak. Lurraldean erabiltzen diren energiak zutabeetan adierazi dira; errenkadek, berriz, energia bakoitzak zein prozesutan parte hartzen duen adierazten dute. Europako Erkidegoen Estatistika Bulegoak (EUROSTAT) garatutako metodologiaren arabera egin dira balantze horiek.

Barne-kontsumo gordina eta mix energetikoa

Azken kontsumorako behar den energia, hau da, azken formatuko energia (gasolina, gasolioa, elektrizitatea, gas naturala, etab.), azken puntuetan kontsumitzen dena (etxeetan, ostalaritzako lokaletan, industria-instalazioetan eta abarretan), eta bihurtzeko behar dena (adibidez, gas naturala elektrizitate bihurtzea zentral termoelektrikoetan), horixe da barne-kontsumo gordina. Euskadiko mix energetikoa esaten zaio barne-kontsumo gordina energiaren arabera banatzeari.

Ondoren, Euskadiko barne-kontsumo gordina eta mix energetikoa, horien bilakaera eta energia-moten araberako banaketa ageri dira. Informazio hori lurralde historiko bakoitzeko ikus daiteke, urte eta unitate desberdinetan.

Azken kontsumoa

Azken kontsumoa da energia azken formatuan (gasolina, gasolioa, elektrizitatea, gas naturala, etab.), azken puntuetan kontsumitzen dena (etxeetan, ostalaritzako lokaletan, industria-instalazioetan eta abarretan), eta, era berean, honako sektore hauen artean bana daiteke: industria, garraioa, zerbitzuak, bizitegiak eta lehen sektorea.

Ondoren, azken kontsumoa, haren bilakaera eta energiaren eta sektorearen arabera denboran zehar izan duen banaketa ageri dira. Informazio hori lurralde historiko bakoitzeko ikus daiteke, urte eta unitate desberdinetan.

Energiaren kontsumoa sektoreen arabera

Euskadin kontsumitutako energia zuzenean erabiltzen da azken sektoreetan (industrian, garraioan, nekazaritzan/arrantzan, zerbitzuetan eta bizitegien sektorean) edo eraldatu egiten da energia-sektorearen bidez beste energia bat bihurtzeko.

Ondoko taulan, arestian aipatutako sektore bakoitzean izandako energien kontsumoak ageri dira (zutabeetan). Grafikoek, bestalde, sektore bakoitzaren kontsumoak erakusten dituzte, energiaren arabera banatuak, eta energia bakoitzaren kontsumoak, sektorearen arabera banatuak. Emaitza horiek lurralde historiko bakoitzeko ikus daitezke, urte eta unitate desberdinetan.

Energia-intentsitatea

Energia-intentsitatea sistema baten energia-eraginkortasunaren adierazlea da, sortutako BPGd unitate bakoitzeko energia-kontsumo gisa kalkulatua (MWh/€). Adierazle hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta kontsumo handiagoa behar da BPGd unitate bat ekoizteko, hau da, orduan eta eraginkortasun txikiagoa du aztertutako sistemak. Adierazle hori sektoreka ere kalkula daiteke; hala, industria-sektorearen energia-intentsitateak industriako BEGd (balio erantsi gordina) unitate bat ekoizteko behar den kontsumoa adierazten du.

Bizitegi-sektorearen kasuan, sektore horrek ez baitu BPGd sortzen, sektoreko kontsumoa zati etxe- edo biztanle-kopurua egiten da eraginkortasuna kalkulatzeko.

Mix elektrikoa

Elektrizitatea sortzeko, hainbat teknologia erabiltzen dira, esate baterako, parke eolikoak edo gas naturala erabiltzen duten ziklo konbinatuko zentralak. EAEn dauden elektrizitatea sortzeko zentralek Estatuko merkatu elektrikoaren (pool) baldintzen arabera sortzen dute elektrizitatea; beraz, ez daude Euskadin bakarrik dagoen kontsumoaren edo eskaeraren mende. Historikoki, euskal kontsumitzaileek urtean kontsumitu dutena baino elektrizitate gutxiago sortu dute Euskadin dauden zentralek urteko, eta, ondorioz, alboko autonomia-erkidegoetatik inportatu behar izan da elektrizitatea. Elektrizitate berriztagarrien sorkuntzak Estatuko sistema elektrikoan duen pisua kontuan hartuta, esan daiteke energia-iturri berriztagarrietatik sortzen dela inportatutako elektrizitate horren zati bat.

Hurrengo grafikoetan energia-iturri bakoitzaren pisua eta banaketa horrek azken urteetan izan duen bilakaera ageri dira. Estatuko sistematik inportatutako energia elektrikoa berriztagarrietan eta ez-berriztagarrietan banatua dago, sortutako energia berriztagarriek Estatuko mix elektrikoan izan duten pisuaren arabera.

Energia berriztagarriak

Energia berriztagarriek ez dute berotegi-efektuko gasen emisiorik sortzen, eta, horrenbestez, jasangarritzat jotzen dira. Iturri berriztagarriak bi motatakoak izan daitezke: beroa sortzeko erabiltzen diren berriztagarri termikoak (geotermia, eguzki termikoa, etab.) eta berriztagarri elektrikoak, elektrizitatea sortzeko erabiltzen direnak (fotovoltaikoa, eolikoa, hidraulikoa, etab.).

Lehenengo erlaitzean, berriztagarri bakoitzak Euskadiko berriztagarrien energia-hornidurarako egiten duen energia-ekarpena ageri da, eta lurralde historikoen arabera iragaz daiteke informazioa.

Bigarren erlaitzeko grafikoek, bestalde, Euskadin instalatuta dauden energia berriztagarrien potentziak eta haien bilakaera adierazten dituzte, eta lurralde historiko eta sektore bakoitzerako erakusten dute informazio hori. Gainera, potentzia hori teknologiaren arabera banatzen da aukeratutako urtean.

Energiaren faktura

Energiaren faktura da azken sektoreetako energia-kontsumoak sortutako kostua. Horretarako, azken sektoreetan kontsumitutako energia bakoitzari urteko batez besteko prezio bat aplikatzen zaio.

Hurrengo grafikoetan energiaren fakturaren banaketa eta haren bilakaera ageri dira, sektore bakoitzaren pisua adierazita, eta lurralde historikoa eta aztertutako urtea hauta daitezke.

Europar Batasuna

Europako Erkidegoen Estatistika Bulegoak – EUROSTAT- Europar Batasuneko herrialde guztien energia-balantzeak biltzen ditu. Balantze horietatik abiatuta, adierazle batzuk egiten ditu eta herrialdeen arteko alderaketa egiten du. Informazio hori oinarri hartuta, Euskadiren eta Europako zenbait herrialderen arteko alderaketa egin daiteke.

Ondoko grafikoetan, Euskadiko eta Europako zenbait herrialdetako barne-kontsumo gordinaren eta azken kontsumoaren egiturak ageri dira, energien eta sektoreen arabera banatuak, hurrenez hurren.

Terminoen glosarioa

Ondoren, tresnan erabilitako kontzeptuen zerrenda eta definizioak ageri dira.

Bonjour, allons-nous parler?

C'est le service d’information de l'Agence Basque de l’Énergie.