Jardunaldiak eta albisteak

Auto elektrikoa

Agian zehatzagoa izango litzateke mugikortasun elektrikoa terminoa, ez baitu soilik ibilgailu pribatua kontuan hartzen, horrekin batera furgonetak, motozikletak eta gure hirietako zerbitzu publikoetan jada badabiltzan % 100 trakzio elektrikoko autobusak ere kontuan hartuz. Guztiek ere osatzen dute gure artean geratzeko iritsi den mugikortasun hori, alternatiba egiazko, efiziente eta bideragarria delako garraioan gasolinak eta gasolioak erabiltzearekiko.

Sektore hori petrolioaren deribatuen mende dago % 95,5ean, eta energiaren bigarren sektore kontsumitzaileena da. Euskadin eskatzen den energiaren guztizkoaren % 38 inguru da. Hori dela-eta, funtsezkoa da erabilitako energia-iturriak dibertsifikatzea garraio-sektore orekatuago eta jasangarriago baten aldeko ekarpena egiteko. Ildo horretan, garraioaren elektrifikazioa lagungarria izango da sektore horren energia egoera hobetzeko.

Ibilgailu elektrikoaren alde onak

Auto elektrikoak alde onak ditu energiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik begiratuta:

  • Kontsumo txikiagoa. Teknologia oso efizientea.
  • Energiaren kostu txikiagoa. Elektrizitateak petrolioaren deribatuak baino prezio txikiagoa mantentzen du.
  • Mantentze-kostu txikiagoak.
  • Ez du kutsatzen akustikoki.
  • Ez du kutsatzen ibiltzen den toki bakar batean ere. Garbia.
  • Modeloen aukera handia.
 

Azterketa ekonomikoa

Mugikortasun elektriko purua eraginkorragoa da, hau da, energia gutxiago kontsumitzen du. Galera mekaniko txikiagoak ditu eta bere energia-errendimendu handiaren adierazgarri da erabilitako energia-unitate bakoitzeko % 73 ere aprobetxatzen duela, auto konbentzionalen % 20arekin alderatuta. Hori dela-eta, energia gutxiago behar dute kilometro kopuru bera egiteko, energia hobeto aprobetxatzen dutelako.

Ikuspuntu ekonomikotik begiratuta, ibilgailuan egin beharreko hasierako inbertsioa auto konbentzionalena baino zertxobait handiagoa da, alde hori apurka-apurka apaltzen ari bada ere. Dena den, erosketa-prezioan alde hori konpentsatzeko administrazio guztiek ezartzen dituzten laguntzak deskontatu beharko lirateke, errekuntza-ibilgailu baten ordez ibilgailu elektriko bat jartzea garraioaren sektore osorako hobekuntza bat dela ulertuta.

Edozein kasutan ere, ibilgailu bat erosteko eta horrelako erabaki garrantzitsu bat hartzeko garaian, garrantzitsua da ibilgailuaren azterketa bat egitea bere bizitza baliagarri osoan, elektrikoaren kasuan mantentze-premiak askoz ere txikiagoak baitira eta erregaia –energia– merkeagoa baita auto konbentzionaletarako energia baino. Argibide gisa, 100 kilometro egiteko elektrizitatearen kostua 2 euro inguru da.

Autonomia

Ibilgailu elektrikoaren autonomia handitzen ari da pixkana-pixkana. Gaur egun 400 km inguru da teorian, baina hori aldatu egiten da gidatzeko moduaren eta abiaduraren arabera. Edozein kasutan, aurrerapen teknologiko handiak ari da izaten energia-biltegiratzea, bere prezioa murriztearekin batera, eta horrek egiazko autonomian gehikuntza handiak izango direla aurreikustea ahalbidetzen du.

Ibilgailu elektriko bat erabiltzeko orduan autonomia baliagarriak eragiten dituen zalantzak minimizatzeko, kargatzeko 70 puntu publiko baino gehiago daude Euskadin, mugikortasun elektrikoa erabiltzeko konfiantza-plus bat ematen dutenak. Karga mantsoko puntuak dira gehienak, baina karga bizkorrekoak ere badaude, bateria 20 minutu pasatxoan kargatzea ahalbidetzen dutenak . Ibilgailu partikularraren erabiltzaile gehienen bidaiek ez dute 30 kilometroko muga gainditzen, eta, hortaz, ibilgailu elektrikoaren egungo autonomia nahikoa baino gehiago da, eta kargatzeko puntuak, gainera, konfiantza gehiago ematen duten errefortzu psikologikoa dira.

Gaueko kargatzea da bateriak kargatzeko modurik ohikoena. Normalki bizileku partikularrean egiten da, autoa gauez entxufatuta hurrengo goizean erabiltzeko prest egon dadin. Gero eta ohikoagoa da, halaber, kargatzeko puntu partikularrak izatea garaje komunitarioetan, instalazioak sinpleak baitira, eta kablea instalatu behar bada ere, ez du instalazio handirik eskatzen, ezta tramite korapilotsurik ere instalatzeko baimenak lortzeko. Nahikoa da administratzaileei laster instalatuko dela jakinaraztea.