Jardunaldiak eta albisteak

Biomasa

Energia iturri berriztagarrien artean, biomasa da Euskadin gehien erabiltzen dena. Oso ugaria den materia heterogeneoa da; izan ere, energia erabilerarako eskuragarri dago formatu ezberdinetan, hala nola egurra, pelletak edo ezpalak, eta are garrantzitsuago dena, jatorri fosila duten iturriekin lehiatzen da prezio aldetik.

Historian zehar izandako erabilerak askotarikoak izan dira, esate baterako, etxeetan egur moduan, edo egur-ikatza erregai gisa erabiltzen zena behinolako burdinoletan. Gaur egun, berriz, energia berriztagarri hau berokuntza, klimatizazio eta industria instalazioetan erabiltzen da nagusiki. Biomasa da, gainera, euskal energia politikaren ardatzetako bat, energia iturri berriztagarrien erabilerari begirako helburuak lortzeko, hain garbiak ez diren beste energia batzuk ordezkatze aldera.

Biomasaren energiaren abantailak

Biomasaren energiaren erabilerak onura ekonomikoak, energetikoak eta ingurumenekoak dakartza, nabarmenak hauexek dira:

  • Beroa lortzen da iturri garbi eta berriztagarri baten bidez. 

  • Aukera edo gama zabala hornidura eta segurtasun aldetik.
  • Eraginkortasun handiko teknologia eta galdarak, iturri konbentzionalen parekoak.

  • Energia fosilekin alderatuta, adibidez, gas natural, gasolio edo propanoarekin, prezio garestixeagoa badu ere, aurrezpen ekonomiko handia eskaintzen du.

Materia organiko berriztagarria

Biomasa ugari den energia berriztagarria dugu, etxebizitzetarako energia eta beroa eskuratzeko aukera ematen diguna, ingurunearekiko modu garbian eta errespetutsuan eman ere. Gainerako energia iturri berriztagarriak bezala, haren jatorria eguzkian dago, energia iturri agorrezina dena, beroa sortzeaz gain, haize-lasterren sortzailea, euria eragiten duten itsasoak lurruntzen dituena eta landare-organismoen fotosintesia egiteko ezinbestekoa dena. Era horretan eratzen dira energetikoki aprobetxagarriak diren gai edo elementu asko; horien artean, hain zuzen ere, materia organikoa, era generikoan biomasaren energia deitzen duguna.

Beraz, landare edo animalia jatorria duen materia organiko berriztagarriaren multzo osoa da biomasa. Naturan sortzen den materia organikoaren erabileran oinarritzen da energia iturri hori (baso-biomasarena, esate baterako), baita hondar uren eta araztegietako lohien erabileran ere.

 

Energia garbia

Biomasa hainbat alorretan baliatzen dute, bai industrian, bai etxeko edo hirugarren arloan, abantaila ugari baitakar energia, ekonomia eta ingurumen aldetik. Hartara, azken urte hauetan, energia berriztagarrien artean, gehien instalatu den iturrietako bat dugu alor horietan.

Biomasa-galdarak dituzten instalazio askok pelleta erabiltzen dute erregai gisa, zerrautsa mekanikoki prentsatuz lortzen den erregai pikorkatuta eta hedatua, bero-ahalmen handikoa dena. Baliabide berriztagarri horretaz baliatuta, energia sortzen da berokuntzan erabiltzeko, etxeko ura berotzeko eta hozte sistemetan baliatzeko. Haren metaketa segurua izateaz gain, ez da toxikoa, fabrikazioaren automatizazioa (prentsatua), garraioa eta silo automatikoa duten galdaretan erabiltzea ahalbidetzen duena. Galdarek ezpalak ere erabil ditzakete erregai moduan, pelleten ezaugarri abantailatsu bertsuak dituzten hondakinak, hain zuzen ere.

Biomasaren eragina ingurumenean, erregai fosilen erabileraren ondoriozkoarenarekin alderatuta, askoz txikiagoa da. Izan ere, haren sufre eta metalen edukia nabarmen urriagoa da, eta biomasaren errekuntzan sortzen den CO2-aren emisioa neutroa da CO2-aren zikloan, aireratzen duena eta hazkunde fasean plantak xurgatzen duena kantitate bera baita.

Gainera, haren erabilerari esker, zenbait hondakin deuseztatzen dira, esaterako, baso-hondakinak ustiatuz suteak izateko arriskuak gutxitzen dira, baso-biomasaren erabileraren bitartez. Horrekin batera, beste biomasa batzuen erabilera, hala nola araztegietako lohien aprobetxamendua, edo papergintzan “lixiba beltzak” deritzena, lagungarria da hondakinen ustiapen egoki eta erabilgarria egiteko.

Biomasaren erabilera Euskadin

Biomasa da gehien erabiltzen den iturri berriztagarria, automozioan darabiltzagun bioerregaiak kontatu gabe. Euskadin, bero ekoizten duten 3.000 instalazio baino gehiago daude funtzionamenduan. biomasa termiko instalazio horiek, guztira, 100 MW-etik gorako potentzia instalatua dute, eta era guztietako eraikinetan daude, adibidez, kiroldegietan, kultur etxeetan, eraikin publikoetan, industrialdeetan, etxebizitzetan etab.

Euskadin biomasaren baliabide ugarienetakoa baso-biomasa da; izan ere, badira herri administrazio publiko guztien eraikin publikoen bero premiak ase edo betetzeko nahiko egur baliabideak. Zehazki, Euskadiko basoetan egur kantitatea 62 milioi metro kubikoa da. Baso horietan dagoen energia handi hori, gainera, agortu barik, areagotuz doa. Horren ondorioz, aukera paregabea dugu bertako energia berriztagarri baten erabilera zabaltzeko edo orokortzeko, prezio lehiakorrean erabili ere, berokuntzarako erabili ohi diren erregaien aldean, eta landa ingurunean lanpostuak sortzen dituena.