Jardunaldiak eta albisteak

Hidrokarburoak

Hidrokarburoak (petrolioa eta gas naturala) duela hainbat milioi urte eratu ziren eta lurpean sakontasun handian kokatuta daude. Horrela deitzen zaie euren konposizio molekularra hidrogenoz eta karbonoz osatuta dagoelako, eta munduan eskaririk handiena duten energia ez-berriztagarrien iturriak dira. Horien erabilera Txinan, Kristo aurreko IV. mendean, dokumentatuta dago, baina ustiapen komertziala, gaur egun ezagutzen dugun moduan, XIX. mendean hasi zen.

Naturan kantitate desberdinetan aurkitzen den energia mota da. Jatorri naturala izan arren, energia horien erabilerak sortzen dituen emisioak –batez ere petrolioaren deribatuen errekuntzari lotutakoak– kontuan izanik, ez dira energia-iturri garbitzat hartzen.

Erregai fosilak eta beren deribatuak energia-iturri nagusiak dira ibilgailuak mugitzeko, berokuntzarako eta energia elektrikoa produzitzeko. Hala eta guztiz ere, horien errekuntzak ingurumen-arazoak sortzen ditu, arazo nagusia berotegi-efektuko gasen (CO2) emisioa izanik, baina era berean arazo handia da sufrearen eta nitrogeno oxidoen emisioa, kutsadura-ahalmen handia dutelako.

hidrokarburoen abantailak

ALDE ONAK

  • Oro har, egungo teknologiak erraztasun handiak eskaintzen ditu horiek lurpetik ateratzeko.
  • Beti eskura dagoen energia-iturria da.
  • Gasolinak eta gasolioak edozein tokitan daude eskuragarri garraiorako.
  • Gure inguruneko produktu asko petroliotik datoz (plastikoak, kableak, polimeroak, ongarriak, ehunak, oinetakoak eta abar).
  • Erreserba handiak daude, eta beraz energia ugari dago.

ALDE TXARRAK

  • Gas kutsatzaileen emisioak atmosferara.
  • Erreserbak. Dagoen erreserba kantitate handia, planetak emisioak xurgatzeko duen ahalmena baino askoz handiagoa da.
  • Petrolioaren errekuntzak beste ondasun batzuk fabrikatzeko posibilitatea ezabatzen du. Egokitasun-kostua: erregai gisa erabili ordez, ondasunak produzitzeko erabili ahal izango litzateke.
  • Hirugarren herrialdeetatik inportatutako energia da. Baliabide horrekiko mendetasun handia dago.
  • Prezio aldakorrak. Ezegonkortasuna handia da, eta horrek desorekak sortzen ditu ekonomian eta gizartean.
 

Hidrokarburoen energia Euskadin

Euskadiko Energia Estrategiak asmo handiko helburuak ezartzen ditu energiak petrolioarekiko duen lotura pixkanaka ezabatzeko. Horretarako, aurreikusita dago gasolinak eta gasolioak pixkanaka energia alternatibo garbiagoekin ordeztea. Prozesu horretan gure gizartearen energia-premia guztiak –industriarako, etxerako nahiz garraiorako– hornitzeko gai den energia berriztagarrien produkzioa lortuko da.

Baliabidearen balorizazioa

Motorretan egiten den energia-aprobetxamenduaz gain, hidrokarburoak lehen mailako lehengaia dira balio handikoak diren eta egunero erabiltzen diren elementuak produzitzeko, adibidez, plastikoak, arropa edo sendagaiak, eta objektu horiek gabe ez genuke ulertuko egungo bizimodua.

Plastikoak

Petrolioaren deribatu gisa gehien fabrikatzen den materiala da plastikoa. Produktu asko fabrikatzeko erabiltzen da, esate baterako, jostailuak, elikagaien eta edarien ontziak, produktu elektronikoen eta etxetresna elektrikoen karkasak, PVCzko hodiak eta abar. Era berean, detergenteak eta garbigaiak, altzariak, zuntz sintetikozko arropak, isolatzaileak, pinturak eta abar produzitzeko erabiltzen dira.

Material sanitarioa

Sendagai eta material sanitario asko petroliotik eratorritako substantzietatik lortzen dira. Horren adibide dira hain arruntak diren ibuprofenoa edota aspirina, eta beste hainbat elementu, adibidez, xiringak, botatzeko ontziak, protesiak eta abar.

Kosmetika

Gure gizartean egunero erabiltzen diren produktu kosmetikoen jatorria petrolioaren deribatuak dira. Horien artean azpimarratzekoak dira makillatzeko produktu guztiak, kremak eta ukenduak, tindagaiak eta pentsa daitezkeen edergintzako produktu guztiak. Petrolio-produktuen sintesiak, mundu mailan eskari handia duten produktu kosmetikoen produkzioa unibertsalizatzeko aukera eman du.

Aisia

Jatorri petrokimikoa duten zuntz sintetikoek irtenbide eta hobekuntza teknologiko garrantzitsuak ekarri dituzte kiroletan eta beste zenbait aisialdi-jardueratan. Karbono-zuntza, arina eta moldagarria izanik, musika-instrumentuetan erabiltzen da zur tropikal babestuen ordez, baita beste aplikazio askotan ere, esaterako, patin- edo snowboard-taulatan, eta asko erabiltzen da halaber automozioan edo aeronautikan.

Liburuak, aldizkariak eta pinturak

Disolbatzaileak ere petroliotik datoz eta aldizkari, liburu eta egunkarien tintan daude, disolbatzaile horiekin nahastutako pigmentuz osatuta baitago tinta. Gainera, produktu kimiko horiek, hala nola agoarrasa, pinturekin erabiltzeko edota horiek garbitzeko ere erabiltzen dira.

Arropa eta ehunak

Janzten ditugun arropek hainbat ehunen nahasketak dituzte, eta horien artean maiz erabiltzen dira lycra, nylona edo poliesterra, horiek guztiak petrolioaren deribatuen bitartez produzituak izanik. Ehun horiek animalia-jatorriko larruak ordezten dituzte eta modan eta kiroletako arropan erabiltzeaz gain altzariak, makineria, hodiak eta abar egiteko ere erabiltzen dira.