Erregaiak
Erregaiak, izenak berak dioenez, erretzen diren gaiak dira. Erretzea oxigenoarekin erreakzionatzea da, baina ez edonola. Burdina herdoiltzea ere burdinaren eta aireko oxigenoaren arteko erreakzioa da, baina ez dugu esaten burdina erretzen denik. Lehergaiak eztanda egiten duenean ere, oxigenoarekin erreakzionatzen du, baina ez dugu erretzen denik esaten, lehertzen dela edo eztanda egiten duela baizik. Beraz, erretzeaz edo errekuntzaz mintzatu ahal izateko, oso abiadura moteleko eta oso abiadura lasterreko erreakzioak bazter utzi behar ditugu (Ik. errekuntza).
Erregai batek oxigenoarekin erreakzionatzea oxidazio-erredukziozko erreakzioa da. Gai bat, erregaia, oxidatu egiten da eta bestea, erregarria, erreduzitu. Normalean, errekuntza aireko oxigenoarekin gertatzen da, alegia, erregaia ‘airean’ erretzen da. Oxigenorik edo airerik ezean, errekuntza ez da gertatzen edo, oxigenoa agortzen bada, gelditu egiten da. Jakina da erretzen ari den kandela edontziaz estaltzen badugu, halako batean itzali egiten dela, edontziak ixten duen barrunbeko oxigenoa kontsumitu egin delako. Batzuetan, errekuntza oxigeno hutsean edo oxigenoaz aberastu den airean egiten da.
Oxigenorik eza da, hain zuzen ere, espazio-ontzien edo denbora luzean urpean irautea nahi den itsaspeko militarren arazoa. Horrelakoetan, beste propultsio-iturri batzuk erabili behar dira. Suziri-motorretan, adibidez, elkartzean erreakzionatu eta bero-energia handia askatzen duten propergol izeneko gaiak erabiltzen dira (Ik. suziri-motor). Itsaspeko militarren kasuan, propultsio nuklearra erabiltzen da, horri esker itsaspekoak ez duelako azaleratu behar erregai konbentzionaleko motorrek behar luketen airearen bila. Horrekin nolabait lotuta, esan beharra dago energia nuklearraren alorrean ‘erregai nuklear’ terminoa erabiltzen dela erreaktore nuklearrean fisionatzen den materiala izendatzeko, nahiz erreakzio nuklearrek errekuntzarekin inolako zerikusirik ez duten.
Erregaiak erretzean, molekulen lotura kimikoetan metaturik dagoen energia kimikoa bero-energia bihurtzen da, errekuntza erreakzio exotermikoa delako. Askatzen den bero-energia hiru era nagusitan erabil daiteke:
Bero-energia bera zuzenean erabiltzea: berokuntzan
Energia mekaniko bihurtzea: motorretan, dela barne-errekuntzako aldizkako motorretan dela erreakzio-motorretan
Lehenik energia mekaniko bihurtzea (turbinan) eta gero elektrizitatea ekoiztea (sorgailuan). Horretarako bi modu nagusi daude: bata, errekuntzaren beroa ur-lurruna sortzeko erabili (galdaran) eta gero lurruna lurrun-turbina birarazteko erabiltzea; bestea, errekuntza-gasek zuzenean gas-turbinari eragitea (gas naturala erabiltzen da normalean horretarako)

erregaien erabilera
Erregai baten ezaugarri garrantzitsuenetakoa berotze-ahalmena da. Parametro honek erregaiaren masa- edo bolumen-unitateko erretzean askatzen den bero-kantitatea neurtzen du (Ik. berotze-ahalmen). Esan gabe doa, berotze-ahalmen handiko erregaiak dira, energia-ekoizpenaren ikuspegitik, interesgarrienak.

berotze-ahalmenak
Erregai-motak
Erregai erabilienak, ia erabiltzen diren bakarrak esan genezake, karbonodun gaiak dira. Organikoak eta ez-organikoak izan daitezke. Erregaiak irizpide askoren arabera sailka daitezke. Ondoko taulan erregaiak solido, likido ala gasak diren eta naturan diren eran ala horietatik artifizialki lortu diren edo horiek erabiliz produzitu diren hartu da kontuan.

erregai-motak
Taulako erregai batzuei erregai fosilak deritze. Harrikatza, petrolioa eta gas naturala dira. Erregai horiek jatorri biologikoa dute, landare-jatorria batez ere. Milioika urtetan gertatutako landare-metaketaren lurpeko aldaketa fisiko eta kimiko konplexu eta luzeen emaitza dira. Gaur egun, erregai fosilak dira Lurrean kontsumitzen den energiaren iturri nagusia, bere horretan zein, petrolioaren kasuan, fintzearen bidez bereizten diren osagaiak errez. Erregai hauek, ordea, bi arazo dituzte: lehena, energia-iturri berriztaezinak dira; bigarrena, erretzean eratzen diren gasek ingurumen-arazoak sortzen dituzte, dela berotegi-efektukoak direlako, dela poluitzaileak direlako (Ik. energia-iturri; gas natural; harrikatz; petrolio).
Hori dela eta, horrelako arazorik ez duten, edo hein txikiagoan behintzat duten erregaiak garatzeko hainbat saio egin dira. Gas gutxiago eta ez hain kaltegarriak aireratzen dituzten erregaiak izendatzeko erregai garbi terminoa sortu da (Ik. erregai garbi). Definizio hau lausoa izan daiteke batzuetan, maiz definizio konparatiboa izaten baita. Askorentzat, gas naturala erregai garbia da, baina horretarako harrikatzarekin, gasolioarekin edo fuel-olioarekin konparatu behar da; azken finean, gas naturalaren errekuntzan ere berotegi-efektuko gasa den karbono dioxidoa aireratzen da, baina egia da sufre-dioxidorik eta konposatu organiko lurrunkorrik ez dagoela emisioetan. Bioerregaiak ere garbitzat jo ohi dira, baina karbono dioxidoari dagokiola, lehengo kontu berean gaude.
Bestetik, garraioaren alorrean, petroliotik ateratzen diren erregaiak (gasolina, kerosenoa eta gasolioa) dira erabilienak. Kantitate adierazgarrietan kontsumitzen diren bakarrak horrelakoak direla esan daiteke. Lehen aipatu ditugun arazoengatik (berriztaezinak izatea eta ingurumen-inpaktua izatea), horien ordez beste erregai batzuk erabiltzea proposatu da eta hainbat ikerketa- eta produkzio-saio egin dira horretarantz jotzeko. Petroliotik ateratako erregaien ordezko izan litezkeen horiei erregai alternatiboak deritze (Ik. erregai alternatibo). Asko lehen aipatu ditugun erregai garbien multzokoak dira eta askotan bi terminook, erregai garbi eta erregai alternatibo, baliokidetzat jotzen du hainbatek. Dena den, zentzu hertsian, eta hemen eman dugun definizioaren arabera, erregai bat garbitzat jotzerakoan erretzean aireratzen dituen emisioak hartzen dira kontuan; erregai alternatiboa definitzean, ostera, petroliotik ez eratorria izatea da irizpidea. Ñabardura hauek alde batera utzita, ingurumen-inpaktuaren aldetik eta garapen jasangarriaren ikuspegitik ohikoak baino erregai egokiagoak direnak hasi dira erabiltzen hainbat alorretan. Esaterako, harrikatza edo fuel-olioa erre beharrean gas naturala erretzen duten zentral termikoak ugaritzen hasi dira. Garraioaren alorrean, berriz, oztopoak handiagoak dira. Lehen esan bezala, petroliotik eratorritako produktuak dira barne-errekuntzako edo erreakzio-motorretan gehien erabiltzen direnak eta hainbat saio egin dira bestelako erregaiak erabiltzeko. Horien artean, aipagarrienak energia-iturritzat bioerregaiak, gas natural konprimatua eta elektrizitatea darabiltzaten ibilgailu alternatiboak dira (Ik. bioerregai; gas natural; ibilgailu elektriko).
Elhuyar