Sorgailu elektrikoa
Sorgailua makina elektriko birakaria da eta bi osagai nagusi ditu: zirkuitu magnetikoa eta zirkuitu elektrikoa. Haren funtzionamenduaren funtsa indukzio elektromagnetikoa da: eroale batek eremu magnetiko bat zeharkatzen duenean edo eroalearen inguruko fluxu magnetikoaren intentsitatea aldatzen denean, eroalean indar elektroeragilea induzitzen da, hau da, eroalearen muturren artean potentzial-diferentzia agertzen da. Sorgailuan ekoizten den energia elektrikoa kanpoko zirkuitu batera ateratzen da, zuzenean erabili edo metatu ahal izateko.
Sorgailua birarazteko energia mekanikoa ematen duten iturriak hainbat izan daitezke: ur-turbinak; haize-turbinak; erregai-fosilen errekuntzak edo fisio nuklearrak askatutako beroarekin produzitutako lurruna erabiltzen duten lurrun-turbinak; gas erregaia zuzenean turbinan erretzen duten gas-turbinak edo gasolina- eta gasolio-motorrak. Zein energia mekaniko motak higiarazten duen, sorgailuaren abiadura eta ezaugarriak oso desberdinak dira.
Sortzen duten tentsioaren arabera, sorgailuak bi motatakoak izan daitezke: alternadoreak, kanpoko zirkuituari korronte alternoa ematen badiote eta dinamoak, korronte zuzena ematen badiote. Oinarrizko osagaiak eta funtzionamendu-printzipioa berdinak dira bietan. Sorgailurik sinpleenean material eroalezko espira bat (zirkunferentzia ireki bat) biraka ari da iman iraunkor baten bi poloen artean. Bira oso bat egiten duen bitartean, espiraren alde batek eremu magnetikoa lehenik noranzko batean zeharkatzen du eta, ondoren, kontrako noranzkoan. Hortaz, eroale-zati horretan korronte alternoa induzitzen da beti, lehenik alde batera ibiliko dena eta gero kontrakora. Espira horren mutur bakoitza eraztun irristari bati lotuta dago. Bi eraztunak espirarekin batera biratzen dira. Eraztun horiek, biratzean, eskuila edo ikatz-zati finko bana ukitu eta igurzten dute eta eskuila horien bidez ateratzen da korrontea kanpoko zirkuitura.

korronte alternoko sorgailua
Oinarrizko sorgailu hori alternadorea izango litzateke, korronte alternoa ekoizten duelako. Baina korronte zuzena lortzeko, espiraren muturrak eraztun irristarietara konektatu beharrean, kommutadore batera konektatu behar dira. Kommutadorea eraztun irristari bat da, baina bi erditan zatituta dago eta biak bata bestetik elektrikoki isolatuta daude. Espiraren mutur bakoitza eraztun-erdi batera konektatzen da. Ondorioz, ikatz-zatietan barrena kanpoko zirkuitura doan korrontea noranzko bakarrekoa izango da. Beraz, sorgailu hori dinamoa izango litzateke, korronte zuzena ekoizten duelako.

korronte zuzeneko sorgailua
Espira bakarreko sorgailu horretan korrontearen balioa ez da konstantea, taupakaria baizik, zerotik maximo batera doalako eta hortik zerora berriro. Benetako sorgailuek tentsio konstanteko korrontea ematen dute eta, horretarako, espira asko (harilak) dituzte eta, dinamoa bada, kommutadoreak ere segmentu asko ditu. Eta zirkuitu magnetikoa sortzeko, polo-pare bat baino gehiago jartzen da.
Sorgailuen atal nagusiak estatorea (finkoa) eta errotorea (birakaria) dira.
Korronte zuzeneko sorgailuetan (dinamoetan) eremu magnetikoa estatorean sortzen da. Horretarako iman iraunkorrak edo haril magnetizatzaileak erabiltzen dira. Gehienetan 2, 3 edo 4 pare-polo izaten dituzte. Estatoreak zilindro-eraztunaren forma du eta burdinazkoa da fluxu magnetikoaren bidea errazteko. Estatorearen barnean errotorea dago. Zilindrikoa da eta, estatorea bezala, burdinazkoa da. Haren ardatza turbinaren edo motorraren ardatzarekin batera biratzen da. Errotorean harilak daude, eta harilak kommutadorera konektatuta daude. Hariletan induzitzen den korrontea kommutadoretik eskuiletara igarotzen da eta, hortik, kanpo-zirkuitura. Induzitutako tentsioaren balioa errotorearen abiadurarekiko eta fluxu magnetikoarekiko proportzionala da.
Gaur egun, elektrizitate-sarera konektatuta dauden energia elektrikoaren sorgailu gehienak alternadore trifasikoak dira. Energia elektrikoaren sareek maiztasun finkoa erabiltzen dutenez (50 edo 60 Hz), alternadoreek ere maiztasun finkoko korrontea sortu behar dute sare berera konektatu ahal izateko. Horregatik, alternadore gehienak sorgailu sinkronoak izan ohi dira, abiadura finkokoak alegia.
Dinamoetan ez bezala, alternadoreetan eremu magnetikoa errotorean sortzen da. Burdinazko estatore zilindrikoaren azalean artekak daude eta han sartzen dira haril magnetizatzaileak. Estatorea ere burdinazkoa da eta haren arteketan sartzen dira harilak. Errotorea biraka hasten denean, estatoreko hariletan tentsioa induzitzen da. Horrela sortutako korronte alternoaren maiztasuna errotorearen abiadurarekiko proportzionala da. Baldin errotorean bi polo badaude, errotorearen bira bakoitzeko uhin sinusoidal oso bat induzituko da errotoreko hariletan. Hortaz, 50 Hz-eko (50 ziklo segundoko) maiztasuna lortzeko, errotoreak segundoko 50 birako abiadura finkoaz biratu beharko du, hau da, 3.000 bira minutuko. Horrelakoak izaten dira gas- eta lurrun-turbinek higiarazitako alternadoreak. Baina errotorean bi polo ez eta lau jartzen badira, bata bestetik 90°-ra, orduan bira bakoitzeko bi uhin sinusoidal oso induzituko dira estatoreko hariletan eta, beraz, 50 Hz-eko maiztasunari eusteko, errotoreak minutuko 1.500 bira egin beharko ditu. Zenbat eta polo-pare gehiago jarri, hainbat eta biratze-abiadura txikiagoa beharko da. Adibidez, ur-turbinek oso abiadura txikia dutenez, haiek eragindako alternadoreek polo-pare asko izaten dituzte.
Gutxiago erabiltzen badira ere, sorgailu asinkronoak (indukzio-sorgailuak) ere badira. Indukzio-motorra bezalakoak dira. Izan ere, indukzio-motorrak sorgailu gisa lan egiten baitu sinkronismo-abiaduraren gainetik biraraziz gero. Sare elektrikora konektatuta dagoen indukzio-motor trifasikoa kanpotik eraginda sinkronismo-abiadura gainditzera behartuz gero, errotorearen desplazamendu erlatiboaren noranzkoa estatoreko eremu magnetiko birakariarekiko aldatu egingo da eta, beraz, desplazamendu erlatibo horren aurka jotzeko, elkarrekintza elektromagnetikoa ere noranzkoz aldatuko da. Makinak ez du energia elektrikoa xurgatuko saretik; aitzitik, ardatzean potentzia mekanikoa xurgatu eta potentzia elektriko bihurtuko du estatorean. Sorgailu bihurtuta, sareari energia emango dio. Zenbat eta abiadura handiagoan biratu, hainbat eta potentzia gehiago emango dio sareari. Alabaina, makina horrek ezin du bere kasa sortu fluxu magnetikoa ezartzeko behar den korronte magnetizatzailea; hortaz, saretik hartzen du korronte erreaktiboa. Horrek esan nahi du sorgailu asinkronoak ezin duela berak bakarrik elektrizitate-sarea elikatu; sorgailu sinkrono batekin edo elektrizitate-sare batekin paraleloan konektatuta egon behar du eta potentzia-faktore txarra du. Baina sorgailu asinkronoak ez du zirkuitu magnetizatzailerik behar; beraz, sinkronoa baino merkeagoa da. Eta abiadura-kontrol zorrotzik ere behar ez duenez, oso erraz kontrola daiteke. Hori dela eta, sare elektriko nagusietara konektatuta dauden zentral hidroelektriko automatiko txikietan erabiltzen dira.
Ibilgailuetan (automobilak, kamioiak, autobusak) korronte zuzena erabiltzen da zirkuitu elektrikoak eta bateria elikatzeko. Garai batean dinamoak erabiltzen ziren, baina gaur egun alternadoreak erabiltzen dira artezgailu bati konektatuta. Artezgailuak sorgailuak ekoitzitako korronte alternoa korronte zuzen bihurtzen dute lehenengo eta, hortik, zirkuituetara bidaltzen da.
Elhuyar