Pila primarioa
Pila primarioak, normalean pila izen hutsaz izendatzen ditugunak, ezin dira deskargatu ondoren berriz kargatu. Une batetik aurrera, pilak ematen duen tentsioa ez da nahikoa tresna martxan jartzeko, eta pila deskargatuta dagoela esaten da. Horrelako pilak berriz kargatzekoak edo metagailuak baino merkeagoak eta arinagoak dira, erabiltzeko errazak dira eta ez dute mantentze-lanik behar.
Pila hauen funtzionamenduaren oinarria edozein pila elektrokimikorena bezalakoa da (Ik. pila elektrokimiko). Beraz, bi elektrodoz eta elektrolito batez osatuak dira. Erabilienak pila lehorrak dira, hots, elektrolitoak substantzia batek geldiarazirik dituztenak (Ik. pila lehor).

pila voltaikoa
Zink-manganeso dioxido motako pila da gaur egun gehien erabiltzen den pila. Linterna, jostailu, irrati, irrati-kasete, flashdun argazki-kamera eta abarretan erabiltzen dira. Hiru pila-mota daude: Leclanché pila, zink klorurozko pila eta pila alkalinoa. Hasieran denek 1,58-1,7 bitarteko tentsioa ematen dute, eta 0,8 volt ingurura jaisten direnean, deskargatutzat jotzen dira.
Leclanché pila da erabiliena eta merkeena. Kontsumoa txikia denean erantzun ona dute, eta neurri ugaritakoak daude. Anodoa zink aleazioz osatuta dago, elektrolitoa amonio kloruroz (asea) eta zink kloruroz (% 20 inguru), eta katodoa manganeso dioxido ezpuruz eta karbonoz. Anodoari zinka gehitzen zaio, ezpurutasunen eragina txikiagotu eta korrosioari hobeto aurre egiteko.

Leclanché pila lehorra
Zink klorurozko pilan, katodoko manganeso dioxidoak purutasun handia du, eta ikatzezko beltza ere gehitzen zaio. Elektrolitoak ez du amonio klorurorik, zink kloruro hutsa da. Leclanché pilak baino ezaugarri hobeak ditu intentsitate handian, energia-dentsitate handiagoa du eta, oro har, hobeto erantzuten du. Merkurioa ezinbestekoa ez denez, honelako pilak gero eta gehiago erabiltzen dira.
Pila alkalinoak energia-dentsitate handiena du, tenperatura baxuan ongi erantzuten du eta deskarga-intentsitate handian duen kapazitatea Leclanché pilarena baino lau bider handiagoa da. Katodoa oso purua den manganeso dioxidoaren eta grafitoaren nahastea da, anodoa zink-aleazioaren hautsa eta elektrolitoa potasio hidroxidoaren (% 30) eta zink oxidoaren nahastea. Pila zilindrikoak zein botoi-pilak izan daitezke. Lehengo pila alkalinoetan, % 6-8 bitartean merkurioa zen, baina gaur egun % 0,15 baino ez dute, eta ingurumenari ez dio horrenbesteko kaltea egiten. Beste bi pilek baino kapazitate handiagoa dute. Telebistetan, irrati-kasete eramangarrietan, larrialdiko argiztapenean eta kalkulagailuetan erabiltzen dira.
Magnesio-manganeso dioxido motako pila zink klorurozko pilaren antzekoa da, baina pila bakoitzeko 0,3 volt gehiago ditu. Katodoa manganeso dioxidoz eta ikatzezko beltzez osatua dago, anodoa zink (% 1) eta aluminio (% 2) ezpurutasunak dituen magnesioz, eta elektrolitoa perklorato, magnesio hidroxido eta litio kromatoz. Bizitza luzeagoa eta energia-dentsitate handia dute, eta oso gutxi pisatzen dutenez, irrati eramangarrietan, hegazkinetan eta larrialdiko transmisioetan erabiltzen dira.
Merkurio oxido-zink motako pilan, berriz, anodoa zink amalgamatuz, katodoa merkurio oxidoz eta grafitoz, eta elektrolitoa potasio hidroxidoz (% 40) eta zink oxidoz osaturik daude. Botoi-pilak zein pila zilindrikoak izan daitezke, eta argazkigintzan, audiofonoetan, taupada-markagailuetan eta ekipamendu militarreko sentsore eta detektagailuetan erabiltzen dira. Pila alkalino arruntek baino lau bider energia-dentsitate handiagoa dute.
Zilar oxido-zink motako pilak anodo gisa zink-hautsa, katodo gisa zilar oxidoa eta elektrolito gisa potasio hidroxidoa erabiltzen ditu. Energia-dentsitate handia dute eta torpedo militarretan erabiltzen dira.
Aire despolarizatuko piletan katodoa aireko oxigenoa da. Energia-dentsitate handia dute eta, anodo egokiarekin, kostu txikia eta bizitza luzea duten pilak lortzen dira. Garrantzitsuenak zink-aire eta aluminio-aire motakoak dira. Lehenengoetan, anodoa zinkezkoa da. Gorrentzako audiofonoetan, telekomunikazioan eta argiztapen-, larrialdi- eta alarma-sistemetan erabiltzen dira. Aluminio-aire pilan, berriz, anodoa aluminiozkoa da. Gaur egun arte ez dute arrakasta komertzialik lortu, baina pisu txikia eta energia-dentsitate handia dutenez, ikertzen jarraitzen da.
Litiozko anodoa duten pilek, litioak potentzial handia duenez, elektrolito ez-urtsua behar dute, hala nola elektrolito organikoak, gatz urtuak edo elektrolito solidoak. Litio-burdina sulfuro pila txikiek kapazitate handia dute eta karga arinetarako merkeak dira. 1,5 eta 1,8 volt bitartean behar duten gailuetan, zilar oxido-zink pilen ordez erabiltzen dira. Litio-manganeso dioxido pilak gero eta gehiago erabiltzen dira tresna txikietan. Energia-dentsitate handia dute eta merkeak dira. Litio-karbono fluoruro pilak arrakasta handiena izan dutenak dira. Energia-dentsitate handia eta bizitza luzea dute. Argazki-kameretan eta tresna txikiagoetan erabiltzen dira, baina nahiko garestiak dira. Litio-tionil kloruro pilak energia-dentsitate handiena dutenak dira, eta ekipamendu militarrean erabiltzen dira. Litio-sulfuro dioxidoa pilak ere ekipamendu militarrerako erabiltzen dira.
Beste pila primario batzuk gutxiago erabiltzen dira. Clark pilek eta Weston pilek, esaterako, tentsio estandar zehatzak ematen dituzte. Itsasoan erabiltzen diren pila batzuek, bestalde, itsasoko ur gazia elektrolito gisa erabiltzen dute.
Garrantzi handiko pila berriak elektrolito solidoa (litio ioduroa) darabiltenak dira. Litio-ioiak elektrolitoaren kristal-egituran astiro-astiro mugitzen dira. Mota honetako pilek autodeskarga txikia dute. Katodoaren arabera pila desberdinak daude, eta hauen artean garrantzitsuenak berun sulfuroa eta iodo poli(2-binilpiridina) dira. Batez ere taupada-markagailuetan erabiltzen dira.
Elhuyar