Esplorazioa
Erregai fosilak arro sedimentarioetan (kontinentalak edo/eta itsasokoak) sortzen dira, eta sedimentuekin batera jalkitzen den materia organikoan dute jatorria (landareetatik eratorritakoa, ikatzaren kasuan; landareetatik edo/eta animalietatik eratorritakoa, gasaren eta petrolioaren kasuan).Materia organiko hori lurperatu egiten da, eta, babestuta egoten denez eta eboluzio termikoaren eraginpean egoten denez, ikatz-, gas- edo petrolio-metaketa handiak sor daitezke.
Edozein eratako baliabide geologiko baten esplorazioan, baliabidea egon daitekeen eremua hautatzea da lehenengo fasea.Aztertu beharreko eremuen hautaketa, hau da, produzitzaile izan daitezkeen eremuen hautaketa, irizpide geologikoekin egiten da beti:erregai fosilak sortzeko, materia organikoa jalki behar da lehenengo, eta hori bakarrik gerta eta kontserba daiteke arro sedimentario mota batzuetan eta ingurumen-parametro eta parametro geologiko jakin batzuetan.Baldintza horiek betetzen dituzten arroetan, erregai fosiletako batzuk egoteko aukera izango da; baldintza horiek betetzen ez dituztenak, berriz, ez dira interesgarriak esplorazioaren ikuspegitik.
Baliabide jakin bat izateko aukera duen arro geologikoa edo, bestela, arro-zatia aukeratu ondoren, esplorazioa bera hasten da.
Oro har, esplorazioak atal hauek izaten ditu:
landa-esplorazioa
zorupearen esplorazioa
Landa-esplorazioaren funtsa da kartografia geologikoa eta interpretazio estratigrafikoa eta sedimentologikoa egitea, eta arroka-laginak hartzea.Helburua da arroaren historia geologikoa ezagutzea eta, horren bidez, egiaztatzea ea, historia geologikoan zehar egokitu diren ingurumen-parametroen eta parametro geologikoen ondorioz, materia organikoa sortu eta jalki den, ea kontserbatu den, ea materia organiko horretatik ikatza edo hidrokarburoak sortzeko besteko eboluzio termikoa gertatu den eta, ohiko hidrokarburoen kasuan, ea migratu eta arroken artean harrapatuta geratu diren.
Landa-lanak ez dira inoiz nahikoak izaten ikertutako arro geologikoaren zatiaren benetako potentzialtasuna ezagutzeko, eta beti da ezinbestekoa zorupeari buruzko datuak jasotzea.Kasurik sinpleenean ere —adibidez, ikatz-geruza bat azaleratzen ari den kasuan— beharrezkoa da haren garapena sakon aztertzea, eta ustiapenaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatzea.Hidrokarburoen kasuan are beharrezkoagoa da, hidrokarburo-hobiak ez baitira lurrazaletik gertu egoten; lurrazaletik gertu daudenean, edo lurrazalarekin nolabaiteko konexioa dutenean, hidrokarburoak oxidatu egiten dira, suntsitu.Ustiatzen diren hidrokarburo-hobiak beti egoten dira sakonera jakin batean (oro har, mila metrotik gorako sakoneran).
Funtsean, zorupearen esplorazioaren oinarria hau da:
Islapen-sismikan, landa-datuak eskuratzeko eta datuak prozesatu eta interpretatzeko ekipo konplexuak behar dira.Ekipo horiek zorupeko irudiak ematen dituzte, eta irudi horietan arroko sekuentzia estratigrafikoak eta beste ezaugarri geologiko batzuk (tolesdurak, failak, diskordantziak, etab.) bereiz daitezke.Halako irudi sismikoekin (lerro sismikoak), adituek eremuaren historia geologikoaren oinarrizko ezaugarriak ondoriozta ditzakete, eta jakin dezakete, orobat, interpretatutako sekuentzia estratigrafikoak gai izan diren hidrokarburoak sortu eta arroketan harrapatzeko; gainera, adituak gai izaten dira jakiteko non dauden hidrokarburoak aurkitzeko egitura geologiko egokienak (tranpak).
Zundak edo putzuak eginez, ustez hidrokarburoak dituzten egitura geologikoetaraino irits daiteke, eta, aurkituz gero, zuloaren bidez atera daitezke (ekoitzi) hidrokarburoak.Bestalde, datu geologiko ugari sortzen dira, eta datu horiek baliagarriak dira arroaren ezagutza geologikoan sakontzeko eta eremuan etorkizunean egingo diren esplorazio-faseak diseinatu eta bideratzeko.Normalean, zuloa egin ahala arrokaren lagin jarraituak hartzen dira zeharkatutako zutabe osoan zehar (harkoskoak, lekukoak...), eta lagin horiek aztertu eta ikertu egin daitezke.Gainera, zabaldutako putzutik arroka-egituraren hainbat parametro neurtzen dituzten zunda eta sentsoreak sar daitezke. Parametro horien bidez propietate hauek kalkula daitezke, besteak beste:porositatea, iragazkortasuna, hidrokarburoen asetasuna, hidrokarburoen mugikortasuna eta abar.
Esplorazio-prozesuan, eta baita ekoizpenean ere, laborategi-lanak egiten dira; batez ere, arrokak edo/eta hidrokarburoak edo/eta ikatzak analizatu eta ikertzen dira.Oro har, honako hauek aztertzen dira:
hidrokarburoen balizko arroka amak, honako hauek jakiteko: materia organikoaren edukia, materia organiko mota, erdietsitako heldutasun termikoa eta sortze-gaitasuna,
balizko arroka gordailuak, honako hauek jakiteko: konposizio mineralogiko eta kimikoa, porositatea eta iragazkortasuna,
hidrokarburoak, honako hauek jakiteko: konposizioa, kantitate txikienean zer osagai dauden, berotze-ahalmena, marka isotopikoak (beste hidrokarburo batzuekin edo/eta arroka amekin dituzten korrelazioak jakiteko),
ikatzak, honako hauek jakiteko: berotze-ahalmena, hegazkorrak, sufre-edukia, etab.
EVE