Izaera ez teknologikoa duten energia egitasmoak finantzatzeko programa nagusi horrek Europar Batzordearen sostengua eta laguntza ditu


•    2010ean, 58 milioi euroko finantzaketa jaso zuten Europa osoko 44 egitasmok. Horietako 5 Euskadikoak ziren.

•    2011ko deialdiaren aurrekontua 57 milioi eurokoa da.

•    2011ko deialdiaren proposamenak apirilera arte aurkeztu ahal izango dira.

Bilbo, 2011ko otsailaren 25a – Europar Batzordearen ekimena den Europarentzako Energia Adimendun (EIE) programaren deialdi berriaren alderdi nagusiak aurkeztu ditu Energiaren Euskal Erakundeak (EEE). Izaera ez teknologikoa duten energia proiektuak finantzatzea helburu duen programa, hain zuzen ere. Aurkezpenean, EIE programak finantza ditzakeen egitasmoak garatzen ari diren 100 enpresatako 150 ordezkari baino gehiago izan dira.


Aurkezpen jardunaldian, eta programak duen garrantziaren erakusgarri, iazko ekitaldian, 2010ean, programan parte hartu zuten enpresen datuen eta eskuratutako finantziazio mailaren berri emateaz gain, arrakasta izateko kasu praktikoak azaldu dira. Horretaz aritu dira Virginia Vivanco, Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Institutuko Nazioarteko Harremanetarako Saileko arduraduna dena eta ISIS enpresako arduradun Oonagh Mc Nerney, EIE programaren finantziazioa lortu zuen biogas egitasmo berritzaile bat garatu zuen enpresa. Hain zuzen ere, interes handia piztu du proiektu horrek, berrikuntza maila handia izateaz gain, oso arrakastatsua izan baita.

2003. urteaz geroztik, Europarentzako Energia Adimendun programak 460 egitasmori baino gehiagori lagundu die finantzatzen. Proiektu horiek zenbait alorretakoak izan dira; adibidez, eraikuntza, industria, garraio, baterako sorkuntza, hiriak eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak. Zehazki, 2010ean 346 proposamen aurkeztu ziren finantzaketa eskuratu nahian. Horietako 44 proposameni eman zitzaien finantzaketa. Proposamen horien proiektuak aurrera eramateko, Europar Batzordeak 58,1 milioi euro eman zituen. Euskadiko datuei dagokienez, proposamenak aurkeztu zituzten 17 enpresatatik 5ek jaso zuten finantziazioa proiektuak gauzatzeko. 

Aurtengo deialdia, programaren bosgarrena dena, apirilaren erdialdera arte egongo da zabalik proposamenak aurkezteko. Sustapen eta zabalpen proiektuak finantzatzeko deialdiaren aurrekontua 57 milioi euro ingurukoa da. Finantzaketa merezi duten proposamenak aukeratuta, proposamen horien egitasmoen kostu hautagarri osoaren %75erainoko finantzaketa lor daiteke. Gainera, aurten bestelako finantzabideak sartu dira deialdian, tokian tokiko erakundeei laguntza teknikoa emateko programak.