CIC Energigunek antolatutako bilkurak mundu mailako 11 adituren parte hartze aktiboa eta 3 kontinenteko 17 unibertsitatetako ordezkarien presentzia izango du
Litioa baino merkeagoa eta ugariagoa den materialez egindako baterien garapenari begira, garrantzi handi-handiko unean egingo da kongresua, jatorri ez berriztagarria duen elektrizitatea metatzeko konponbide errentagarriagoa ekar baitezake
Bihartik aurrera, Gasteiz sodiozko baterien munduko hiriburu bihurtuko da. Izan ere, 2012ko Europako hiriburu berdean bertan. Villasuso jauregian, CIC Energigunek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Lehiakortasun Sailaren menpekoa den energia ikertzeko zentroak, EEE Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, sodiozko bateriez munduko lehen sinposiuma antolatu du. Kongresuan mundu osoko 15 herrialdetatik gora etorritako 109 kongresu-kide, 17 unibertsitatetako ordezkariak, 11 txostengile nagusi, zenbait ikerketa-lerrotako 18 aurkezpen eta gaiaz diharduten ikerkuntzen inguruko 30 panel izango dira. Horrek guztiak agerian uzten du kongresuaren maila eta nazioartean piztutako interesa.
“Lehen sinposium honek izandako harreraz eta erantzunaz harrituta eta biziki pozik gaude CIC Energigunen; zalantzarik gabe, zientzialarien artean horrelako baterien garapena interes handia sortzen duen seinale; izan ere, aerosorgailuetan eta sistema fotovoltaikoetan sortzen den energiaren soberakina metatzeari begira, sodiozko bateriak oso egokiak izan daitezke; esate baterako, energia eolikoaren kasuan, ekoizpen handiena gauean izaten da, eskaria txikiena denean, hain juxtu ere. Bestetik, gai horretan munduko aditu nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuan izateak harrotasunez betetzen gaitu” adierazi du Jesús María Goirik, Arabako Parke Teknologikoan dagoen CIC Energiguneko zuzendariak.
Kongresuan parte hartuko duten mundu osoko adituen artean, nabarmentzekoa da Shinichi Komaba japoniar zientzialaria, sodiozko baterien ikerkuntzan aitzindarietako bat eta sinposiumaren irekiera txostena irakurriko duena; bertan, bateriak egiteko behar diren osagai guztietan erabilitako materialen inguruko lanen emaitzen berri emango du. Horrekin batera, munduan, alor horretan, erreferenteak diren beste ikerlari batzuk arituko dira, hala nola Michel Armand frantziarra, Rosa Palacín espainiarra, Philipp Adelhem alemana eta Yong-Sheng Hu txinatarra. “Oso denbora gutxian energia metatzeari lotutako ikerkuntzak aurrerapen handia izan du; horrexegatik, hain zuzen ere, Gasteizen egingo den sinposium hau garrantzi handikoa da esperientziak eta emaitzak trukatzeko; eta, beraz, sodiozko bateriak hobetzen jarraitzeko. Hartara, alor batzuetan litiozko baterien alternatiba bihur daitezke” nabarmendu du Goirik.
Gaur arratsaldean, kongresuan parte hartuko dutenek bisita bat egingo dute Miñanoko CIC Energiguneko instalazioetara, eta Villasuso jauregian bi eguneko lan handia egin ondoren, Añanako Gatz Haranera bisita bat egingo dute, urriaren 18an.
Sinposium horren bidez, energia metatzeko ikerkuntzan diharduen CIC Energigune ikerketa zentroak sendotu egingo du bere erreferentzialtasuna mundu mailan sodiozko baterien ikerkuntzaren inguruan, haren lan sakon eta handia agerian uztearekin batera, eratu zenetik bi urte pasatxo baino ez badira igaro. Gaurko egunez, Gasteizko udalerrian kokatutako CIC Energigunen 11 herrialdetako 60 ikerlarik dihardute lanean.