EEEk ibilgailuen erabilera eta prestazioen inguruko gogobetetze mailaz azterlan bat egin du enpresetan

2011. urteaz geroztik, 17 ibilgailu elektrikoren erabileraren monitorizazioaz azterlan bat egiten eta garatzen aritu da Energiaren Euskal Erakundea. Ibilgailu horiek zenbait erakunderenak dira, eta haien erabilera praktikotik izandako esperientziei buruzko datuak eman dizkiote EEEri. Azterlan horren helburua da garraio eredu berri horren abantailak eta oztopoak ezagutzea enpresa eta sektore batzuetan. Ibilgailu mota horiek erabiltzeak 6.410 litro erregai aurrezteaz gain, 16,5 tona CO2 ez aireratzea ekarri du.

2011. urtean abiarazitako azterlanean 8 erakundek hartu dute parte. Erakunde horiek konpromisoa hartu zuten euren flotan ibilgailu elektrikoak sartzeko eta haien funtzionamenduko lehen lau urtean jarraipen eta monitorizazio lanak egiteko. Azterketan parte hartu duten ibilgailuak hauexek izan dira: garraiorako erabiltzen diren Mercedes Vito E-Cell  markako 7 furgoneta, Smart Electric Drive markako 6 ibilgailu eta Mercedes Clase A E-Cell-eko 4 ibilgailu.

Funtzionamenduan egon ziren lehen urtean jasotako datuen arabera, ibilgailuek modu egokian bete zuten ezarritako edo eskatutako zeregina, inolako murrizketarik gabe bete ere, ibilgailu konbentzionalen aldean. Ibilgailu horiekin egindako lanak era askotakoak izan dira; adibidez, etxez etxeko erosketa-banaketa, paketeen banaketa, salgaien hiri-banaketa (azken milia deitua), lanera joan-etorriak egiteko eta car-sharing zerbitzu moduan erabili dira, hau da, orduka alokatu dira ibilgailu elektrikoak.

Bestetik, azterlanaren argitan, ibilgailuen erabiltzaileen gogobetetze maila handia nabarmendu behar da, aipatutako zereginetarako erabili dituztenean. Datu hori garrantzi handikoa da; izan ere, ibilgailu batzuen doitze teknikoa eta egokipenak eskatu dituen aldaketa teknologikoak egin behar izan badira ere, erabiltzaileek oso ondo ohitu eta egokitu dira mugikortasun eredu berrira. Gainera, azterlanaren arabera, erabiltzaileek ahalegin gehigarri bat egin dute gidatze eraginkorragoa lortu ahal izateko, ibilgailu elektrikoek duten irismen edo autonomia mugatuari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Nolanahi ere, kasu guztietan, ibilgailuen kargak gauez egin ziren, ibilgailu horiek egunez egin behar zituzten zerbitzu guztiak egiteko beste energia edukitzea ahalbidetu zieten kargak, hain zuzen ere.

Azterlanean erabilitako ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura IBILek jarri zuen, ibilgailu elektrikoa kargatzeko kudeatzailea, Energiaren Euskal Erakundeak eta  Repsolek eratua, bakoitzak %50eko partaidetza izanik. Lehen erabiltzaile horien esperientzia oso baliagarria izan da zenbait aspektu hobeto ezagutzeko IBILen aldetik; esaterako, eskaintzen dituen zerbitzuen prestazioen eta produktuen hobekuntzaren inguruan.

Energia aldetik izandako hobekuntzei dagokienez, oso datu positiboak jasotzen dira azterketan; izan ere, 17 ibilgailu elektriko horiek 83.437 kilometro egin dituzte hainbat zerbitzu ematen, eta haien kontsumoa 20.433 kWh-koa izan da. Kalkulu erraz bat eginez, ondorioztatu ahal da ibilgailu elektriko horiek erabiltzeak 6.410 litro erregai ordezkatzea eta 16,5 tona CO2 atmosferara ez aireratzea ekarri duela

Ente Vasco de la Energía QR