Alkateen Ituna deritzon ekimen europarrean parte hartzen dute, energia berriztagarrien erabilera eta eraginkortasuna %20 areagotzeari begira

  • Euskadik Energia Iraunkorraren Europako Astea ospatuko du ekainaren 15etik 21era, herritarrei energiaren aurrezpenean parte hartze aktiboaren garrantzia helarazteko asmoz.
  • Orotara, Euskadiko 19 udal, EEE Energiaren Euskal Erakundearen laguntzaz, garatzen ari dira zenbait jarduera Alkateen Itunaren barruan. Ekimen europar horren bidez indarrak eta ahaleginak bateratu nahi dira udal mailan, parte hartzen duten herri eta hirietako energia egoera errotik aldatu ahal izateko. Izan ere, oso helburu handinahitsua du Itunak: 2020 urterako energia eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera nabarmen areagotzea,  CO2 igorpenak, gutxienez, %20 gutxitzeko xedez. Aipatutako udal horiek Energia Iraunkorraren Europako Astea ospatuko dute, herritar guztien artean energia aurrezteak duen garrantzia zabaltzeko.

    Gaur egun, Europako 6.000 herri edo hiri baino gehiago ari dira parte hartzen Alkateen Itunean, herritarrengandik hurbilen dagoen eremu edo erakundeetatik energia egoera aldatzeko helburu bateratuarekin. Energia kontsumoa gutxitu eta igorpen kutsakorrak murrizte aldera, helburu handinahiak dituen ekimen horrek EEEren laguntza du Euskadin, ezarritako xedea lortzeko udal bakoitzak behar duen ekintza plana garatzeko.  

    Euskadin, gaurko egunez, garapen maila ezberdinean ari badira ere, honako udalerri hauek parte hartzen dute Alkateen Itunaren ekimen edo proiektuan: Abanto-Zierbena, Amezketa, Amurrio, Areatza, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Donostia-San Sebastián, Vitoria-Gasteiz, Errenteria, Güeñes, Hondarribia, Irun, Mungia, Muskiz, Oñati, Portugalete, Usurbil eta Tolosa. 19 udal horiek nabarmen hobetuko dute beren energia egoera kudeatzeko moldea hurrengo urteetan; izan ere, Alkateen Ituna sinatzen duten udalek konpromisoa hartzen dute EBk 2020 urterako ezarritako helburuetatik haratago joateko. Hala, CO2 igorpenak, gutxienez, %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia eraginkortasuna %20 hobetu eta energia eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute. 

    Horrekin guztiarekin, ad hoc erako jarduera batzuk sustatu nahi dira, udalerri bakoitzaren ezaugarriak eta premiak kontuan izanik, Europar Batasunaren 20-20-20 zifrekin ezagutzen den ekimenean ezarritako helburua betetze aldera. Hori erdiesteko, udalek egungo energia egoera aztertuko dute, eta azterketa horren emaitzen argitan, zenbait ekintza edo jarduera planifikatuko dituzte energia eraginkortasunaren eta energia iturri berriztagarrien ustiapenaren alorrean

    Alkateen Itunarekin bat egiten duten udalek, energia kontsumoa gutxitzeari begira, konpromisoa hartzen dute honako ekintza edo jarduera hauek aurrera eramateko:

    1. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia igorpenen inbentarioa egitea.
    2. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
    3. Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
    4. Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
    5. Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez.
    6. Europar Batasunaren Energiaren Astean parte hartzea, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak bistaratzeko eta helarazteko.

    Alkateen Itunari esker, haratago doan aurrerapauso bat ematen dute udalek konpromisoan. Izan ere, borondatezko akordioaren bidez, konpromiso sendoa hartzen dute herri eta hiriek EBren helburu horiek gainditzeko.