Energiaren Euskal Erakundearen laguntzen deialdi honek norberaren kontsumoa asetzeko baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko garai berri bati zabaltzen dio bidea.
Energiaren kontsumoari eta metatzeari lotutako Pizgarrien Programak, energia berriztagarrien iturriez eta bizitegi sektorean sistema termiko berriztagarrien ezarpenaz, 37 milioi euro inguruko aurrekontua duena, bide eta aukera berriak zabalduko dizkio energiaren sorkuntzari eta kontsumitzeko erari.
Energiaren Euskal Erakundeak eguzki-instalazioetarako eta berriztagarri termikoetarako laguntza-programa bat argitaratu du gaur, autokontsumorako baliabide berriztagarrien aprobetxamenduari bultzada handia emango diona. Autokontsumorako arautze berriak errazten du energia kontsumitzeko bestelako modua, administratiboki, teknikoki eta kudeaketa aldetik. Autokontsumitzaileentzako eta sareari saltzen dioten saltzaile txikientzako ordain sinplifikatua egiteko bidea ezartzen du. 37.173.437 euroko aurrekontua duen Autokontsumorako Errege Dekretua argitaratu ondoren, kontsumitzaileok eskura ditugu sei pizgarri-programa baliatzeko.
Energiaren Euskal Erakundearen iritziz, energia sistema hobetzeko bidean beste urrats bat ematen da, kontsumituko den energiaren kudeaketa kontsumitzailearen esku egongo baita. Energia asko kontsumitzen duen lurralde txikia da Euskadi; hori dela eta, gure eskura ditugun energia baliabideak ondo aprobetxatzea eta energia kontsumitzen dugun modua eraldatzeko kontsumo planifikatzea lehentasunezkoa izan da aspaldidanik. Hartara, gure energia mixean erabateko aldaketa lortzearekin batera, eredu iraunkorrago bat erdiesteko bidean pausoak ematen jarraitzen dugu, energia iturri berriztagarriei lehentasuna emanez.
2030. urtera begira dugun Energia Estrategiak ezartzen ditu ildo nagusiak helburu hori eskuratzeko, epe luzeko ikuspegia gogoan, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko xede garrantzitsuak finkatzen ditu; zehazki, % 125 areagotzea; era horretara, 2030. urtean, berriztagarrien azken kontsumoa % 21 izango litzateke.
Egiteko horrek eskatzen du harekin zerikusia duten eragile eta sektore guztien laguntza eta ahalegina; izan ere, autokontsumoak energia kontsumitzeko moduan perspektiba berriak ekarriko ditu. Hala, kontsumitzaileak, hirugarrenek eskaintzen zioten energia erosle hutsa izatetik, energia ekoizle izatera pasa daiteke, teknologia berriztagarrien bidez ekoiztu ere.
Sektore eta erabiltzaile ezberdinei begira, energia iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoaren sustapena; bizitegi sektorearen aplikazio termikoen barruan energia berriztagarrien erabilera areagotzeko laguntza; energia berriztagarrien alorreko instalazioei lotutako metatze sistemen garapena; eta kontagailuaren atzeko metaketa dira Energia eta Klima Plan Nazional Integratuak ezarritako helburuak. Xede horiek bat datoz, hain zuzen ere, E2030 Euskadiko Energia Estrategikoan finkatutakoekin eta «Next Generation EU» deritzon Europako Berreskuratze Planean ezarritakoarekin.
Zehazki, 477/2021 Errege Dekretuak xedatzen dituen pizgarri-programak, eta gaur EHAAn argitaratzen den Pizgarri Planean jasotzen direnak, honako jarduera hauek aurrera eramateari zuzenduta daude:
- Pizgarri Programa 1 - Autokontsumorako instalazioak egitea, energia iturri berriztagarrien bidez, zerbitzu sektorean, metaketarekin ala ez.
- Pizgarri Programa 2 - Autokontsumorako instalazioak egitea, energia iturri berriztagarrien bidez, ekonomiaren beste sektore produktibo batzuetan, metaketarekin ala ez.
- Pizgarri Programa 3 – Autokontsumorako instalazioetan metatze sistemak jartzea, energia iturri berriztagarrien bidez, jada abian daudenak zerbitzu sektorean eta beste sektore produktibo batzuetan.
- Pizgarri Programa 4 – Autokontsumorako instalazioak egitea, energia iturri berriztagarrien bidez, bizitegi sektorean, herri-administrazioetan eta hirugarren sektorean, metaketarekin ala ez.
- Pizgarri Programa 5 – Autokontsumorako instalazioetan metatze sistemak jartzea, energia iturri berriztagarrien bidez, jada abian daudenak bizitegi sektorean, herri-administrazioetan eta hirugarren sektorean.
- Pizgarri Programa 6 - Energia berriztagarri termikoei lotutako instalazioak egitea bizitegi sektorean.
Sei programa horiek duten aurrekontua ondorengoa da::
1, 2, 3, 4 eta 5 programen aurrekontua: 32.257.738 €
6 programaren aurrekontua: 4.915.699 €