Iragan urtarrilaren 25 eta 26an egindako azokan Energiaren Euskal Erakundearen estand informatibo bat izan zen

Urtarrilaren 25 eta 26an burututako energia iraunkortasun eta energia garbiei buruzko Berdeago azokara 6.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren, eta interes handia erakutsi zuten energiaren aurrezpen eta energia berriztagarrien inguruan. Energiaren Euskal Erakundeak sorkuntza berriztagarrien bidezko teknologia berrien proiektu batzuk erakutsi zituen, hala nola itsas energiari lotutako Mutrikuko eta bimep egitasmoak. Horretaz gain, ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua ere agerian utzi zuen, automobilgintzarako teknologia garbia den aldetik.

Berdeago azokan 34 erakusketari izan ziren. Horien artean, Euskal Herriko eta Mondragon unibertsitateak, zentro teknologikoak eta ikerketakoak, energia zerbitzuak ematen dituzten enpresak, energia berriztagarriak instalatzen duten konpainiak –biomasa galdarak eta geotermiakoak tartean- eta automobilen fabrikatzaileak nabarmendu behar dira.

Aurrekoaz gain, zenbat hitzaldi ere eman zituzten aditu batzuek. Hala, azokan izan zirenek aukera izan zuten hitzaldi ugari entzuteko puntako adituen ahotik honako gai hauetaz: energia iturri berriztagarrien etorkizunaz, energia-eraginkortasunaz eraikuntzan, energia-monitorizazioaz eta gizakien ekoizpen prozesuek eragiten duten kutsaduraz. Hitzaldi horiek, gehienbat, unibertsitatean eta ikerketa zentroetan diharduten adituek eman zituzten. 

Hitzaldiekin batera, alderdi ludikoa ere lantzeko parada izan zuten azokara joan zirenek. Izan ere, azokak iraun zuen bi egunean bizikleta elektrikoak, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak probatzeko aukera egon zen, horrelako bizikletak eta ibilgailu elektrikoak egiten dituzten fabrikatzaileak azokan izan baitziren horiek erakusten eta probatzen uzten. Era berean, txikienentzako tailer praktikoak eta jarduera ugari antolatu ziren Berdeago azokaren gune batzuetan hainbat gairen inguruan, adibidez, zientziari eta energia berriztagarriei lotutakoak. Aldi berean, eskulanak egiteko egokiera izan zuten, haize errotak sortzea eta ekiloreak landatzea, kasu.

Berdeago azokan erakusketariak nagusi badira ere, ekitaldi eta jarduera ugari antolatzen dira haren inguruan. Azokaren helburua da gizartea kontzientziatzea energiaren aurrezpenaz, energia berriztagarriez eta energia-eraginkortasunaz. Hori lortzeko, hain zuzen ere, azokaren inguruan jarduera asko eratzen dira; betiere, energiaren aurrezpena lortzeari begira, herritarren parte hartzea eta inplikazioa edo laguntza bilatu nahian.
Ente Vasco de la Energía QR