Papera, zuntz, beira eta zeramikazko produktu erregogorrak edo eraikuntzakoak ekoizten dituzten euskal enpresek Ukrainaren inbasioak eragindako gasaren kostuaren igoera arintzeko dirulaguntzak eska ditzakete.

Gaur gauerdian hasi eta apirilaren 30era arte, zabalik dago euskal industria intentsiboak zuzeneko dirulaguntzak eskatzeko epea. Programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, martxoaren 29an onartutako 6/2022 Errege Lege Dekretuan jasotako dirulaguntzak jarri ditu kaltetutako sektoreen esku. Dirulaguntza horiei esker, gasaren prezio garestiaren ondorioak arindu ahal izango dituzte.

Enpresa bakoitzak gehienez 400.000 € jaso ahal izango ditu. Helbide fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak izango dira onuradunak, baldin eta 2021ean EJSN kode hauetan aurreikusitako jardueretako bat gutxienez egin badute eta eskabidea egiten den unean jardunean jarraitzen badute:
 

2009ko EJSN kodea 2009ko EJSN kodearen titulua
171 Paperaren, paper-orearen eta kartoiaren fabrikazioa
206 Zuntz artifizialen eta sintetikoen fabrikazioa
231 Beira eta beirazko produktuen fabrikazioa
232 Zeramika-produktu erregogor batzuen fabrikazioa
233 Eraikuntzarako zeramikazko produktuen fabrikazioa
 
Dirulaguntza horiek, hain zuzen ere, bat egin dute aste honetan Iñigo Urkullu lehendakariak aldez aurre iragarritako beste laguntza batzuen iragarpenarekin; zehazki, Ukrainan gerraren ondorioei aurre egiteko iragarritako 158 milioi euroko neurriekin. Neurri horiek aste honetan bertan onartu dira Gobernu Kontseiluan. Neurri-sorta horrek 15 milioi euro baino gehiagoko erreskate sozialerako funtsa eta ia 143 milioi euroko diru-funtsa ditu, eta ekonomia dinamizatzen, enpleguari eusten eta pertsona eta familia ahulenei laguntzea ahalbidetuko du.

Dirulaguntzak aurkezteko epea gaur hasi eta apirilaren 30ean amaituko da. Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioei aurre egiteko hirugarren neurria izango litzateke honakoa. Gatazka ondorio garrantzitsuak eragiten ari da arlo guztietan. Europako ekonomiari dagokionez, gas naturalaren prezioa igo du, aurretik ere, 2021eko udaz geroztik, jasaten ari den eskaintza-talka eta iraupenari eta intentsitateari buruzko ziurgabetasun handia ekarri du. Gas naturalaren prezioa bost aldiz biderkatu da urtebetean, eta % 25 igo da inbasioa hasi zenetik.

Eskabideak egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/web01-sedeform/eu/x43kToolkitWar/form/fdp?procedureId=1215701&tipoPresentacion=1&language=eu