Diru-laguntzak abenduaren 17a arte eska daitezke EEE/EVEn, edo 2008ko maiatzaren 31 arte programan parte hartzen duten kontzesionarioetan

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) energia alternatiboez elikatzen diren automobilak eta motoak erosteko diru-laguntza programa garatzen ari da. Enpresentzat zein partikularrentzat den ekimen honi esker ibilgailu hibridoak edo elektrikoak, besteak beste, erosteko diru-laguntzak eskura daitezke. Energiaren aldetik garraio eraginkorragoa sustatzeari begira, eta, beraz, petroliotik eratorritako produktuen kontsumoa gutxitzeko, euskal energia agentzia egiten ari den ahaleginaren erakusle dira diru-laguntza hauek.

Petrolioaren ordezkoak diren erregaiez elikatutako ibilgailuak merkeago erostea ahalbidetzen dute diru-laguntza horiek. Hala, propultsio elektriko, hidrogeno edo erregai-pilen bidezko automobilak erosteko, adibidez, 6.000 euroraino eskura daitezke. Automobil hibridoak, gas naturalez eta petrolioaren gas likidotuez elikatzen diren automobilak erosteko, aldiz, 2.000 eurorainoko diru-laguntza lor daiteke.

Automobilek erosteko ez ezik, motoek erosteko ere jaso daitezke diru-laguntzak; izan ere, 750 euroraino erdietsi daitezke propultsio elektriko bidezko motoak erosteko. Bestetik, petrolioaren gas likidotua erabiltzeko xedez, automobil konbentzionalen motorrak eraldatzeko egin behar diren aldaketei ere diruz lagunduko zaie, 450 eurorainoko diru-laguntza eskura daiteke aldaketa horiek egiteko.

Diru-laguntza horien eskariak egiteko epea abenduaren 17a arte luzatu da, EEE/EVEren bidez, zuzenean, egiten bada eskabidea. EEE/EVErekin hitzarmendutako kontzesionarioren batera joanez gero, diru-laguntzak eskatzeko epea, ordea, 2008ko maiatzaren 31 arte izango da. Diru-laguntza hauek EEE/EVEk eta IDAEk sinatutako hitzarmenaren barruan daude, energia-eraginkortasuna eta aurrezpena sustatzeari begirako jarduera ugari garatzeko hitzarmena, hain zuzen ere.

Ekimen honen bidez garraio arloaren energia egoera hobetu nahi da, azken urte hauetan energia-kontsumoak nabarmen egin baitu gora garraioan. Horrekin batera, automobilgintzan erabiltzen diren erregaiak dibertsifikatzen lagunduko du; gaur egun, petroliotik eratorritako produktuekiko mendekotasuna ia erabatekoa da eta. Diru-laguntza horiek emateaz gain, auto pribatuaren gehiegizko erabilerari aurre egiteko, garraio publikoaren aldeko lan dibulgatiboa egiten jarraituko dugu.