Apirilaren 29an, Bilbon, Repsol Fundazioak, Petronorek eta EEEk antolatua

Apirilaren 29an, Bilboko Euskalduna jauregian izango den jardunaldi profesionalean energia-eraginkortasuna eta bere garapen tekniko eta soziala izango da hizpide. Repsol Fundazioak, Petronorek eta Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako jardunaldian sektoreko 100 profesional baino gehiago bilduko dira, eta bertan, besteak beste, Repsol Indizearen eta energia-eraginkortasunaren gizarte-indizearen emaitzak aurkeztuko dira.

Jardunaldia, funtsean, bilgune eta aztergune izan nahian antolatu da, energia-eraginkortasunari lotutako neurrien ezarpenaz eta jarduera-estrategien garapenaz mintzatzeko asmoz, gizarteko arlo guztietan energia-eraginkortasunaren presentzia sustatzeari begira. Hala, bilkuran, enpresetan eta erakundeetan izandako jardunbide egokien kasuak aurkezteaz gain, gizarte mailako proiektuak eta ekimenak ere azalduko dira.

Jardunaldiaren aurkezpena Pilar Urruticoecheak, EEEko zuzendari nagusiak, eta César Gallok, Repsol Fundazioko presidenteordeak, egingo dute. Horren ondoren, bi mahai-inguru eratuko dira. Horietako batean, Tecnaliako zuzendari nagusi Luis Pedrosak moderatuko duena, Espainian eta Euskadin energia-eraginkortasunaren egoeraren gaia jorratuko da. Gainera, mahai-inguru horretan, energia-eraginkortasunaren inguruan Repsol Indizearen txosten teknikoa aurkeztuko da, Repsol Fundazioko Energia eta Iraunkortasuneko zuzendaria den Manuel Bravoren eskutik. Energia-eraginkortasunaz Euskadiko estrategiaren nondik norakoa, berriz, EEEko zuzendari tekniko Javier Marquések azalduko du. Era berean, Eloy Álvarez, Orkestrako Energia-katedrako zuzendaria, energia-eraginkortasunaz eta lehiakortasunaz mintzatuko da.  

“Energia-eraginkortasuna eta Gizartea” izenburupean egingo den bigarren mahai-inguruan, Petronorreko pertsonen, antolaketaren eta erakunde-harremanetarako zuzendari José Ignacio Zudairek moderatua, Energia-eraginkortasunaren Indize Sozialaren inguruko txostenaren  emaitzak aurkeztuko dira, Repsol Fundazioko Azterlan Sozialen eta Komunikaziorako zuzendari Gabriela Urosaren aldetik. Bizkairako Energia Iraunkorraren Estrategia, berriz, María Uribek azalduko du, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen zuzendariak; eta Sestaoko alkate Josu Bergarak aurkeztuko du Nerbioiko ezkerraldeko herri horretan izandako eredu arrakastatsua.


Energiaren Behatokia
Repsol Fundazioaren Energiaren Behatokiak bultzatzen dituen ekimenen barruan dago jardunaldi profesional hori. 2008. urtean eratutako elkarte horren helburua da energia eredu iraunkorragoa sustatzea, energiaren ekonomia berri batera eramango gaituen eredua, hain zuzen ere. 

Energiaren Behatokiaren zereginen artean, Repsol Fundazioak azterlan tekniko bat prestatzen du urtero, Espainian eta Europar Batasunean energia-eraginkortasuna eta berotegi efektuko gasen emisioen (GEI) intentsitatea aztertzeko xedez. Azterlan horrek bide ematen du parametro edo adierazle horien bilakaera ezagutzeko, hobetzeko politiken eragina ebaluatzeari begira. Gainera, adierazle tradizionalekin batera, ikuspegi osagarria ematen du. 

Energia-eraginkortasunaren eta Emisioen Intentsitatearen Repsol Indizeen inguruan egituratzen da azterlan hori. Erreferente edo adierazle horiek energiaren kontsumoaren eta GEI emisioen balantzea egiteko aukera ematen dute energiaren ekoizpen, eraldaketa eta erabilerari dagokionez, ikuspuntu integral batetik.

Aldi berean, Energia-eraginkortasunaren Repsol Gizarte Adierazlea garatzen du Energiaren Behatokiak, aurrezkiari eta eraginkortasunari lotutako ezagutzaz, jarreraz eta portaeraz diharduena, herritarren bilakaera aztertzeko eta balioesteko asmoz. Helburu nagusiak hauexek dira:   

• Gizartean kontzientzia sortzea eta debatea eragitea.
• Herritarren ohituretan edo ekanduetan aldaketak sustatzea, gizartean bestelako portaera, jarrera eta balioak bultzatzeko xedez.
• Energia modu zentzudunagoan eta egokiagoan erabiltzeko neurri zehatzak identifikatzea eta balioestea. 
• Energiaren aurrezpen eta eraginkortasunaren gizarte-mailak aztertzea, interes eta balioei lotutako zenbait aldagai edo adierazleren arabera.

Informazio gehiago eta izen-ematea