Ekimenera atxiki den Bizkaiko lehen udala da

• Europar Batzordearen egitasmo garrantzitsuenetariko da Alkateen Ituna, energia aurrezteari eta klima aldaketari aurre egiteari begira.

• Euskadin Ituna behar bezala garatzeko, EBren egitura laguntzailea da Energiaren Euskal Erakundea.

• Gaur arte, Euskadin, Alkateen Itunarekin  bat egindako udalak Gasteiz eta Donostia ziren; ekintza plan zehatzak finkatzen ari diren udalak, hain zuzen.

Bilbo, 2010eko maiatzaren 26a. Bizkaiko Areatza Udaleko alkate Josu Basozabalek sinatu du atxikimendu-dokumentua, eta beraz, Europar Batzordearen ekimena den Alkateen Itunarekin bat egin du Areatzako Udalak. Hain zuzen ere, energia garapen iraunkorra sustatzeari begira, tokiko administrazioen inplikazioa sustatzea du helburu Alkateen Itunak. Hartara, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntzaz, Euskadiko beste udal batzuek egin duten bezala, Areatzak ere pausoak emango ditu energia-kontsumoa murrizteko, eta ondorioz, emisio kutsagarriak gutxitu ahal izango ditu.

Euskadin, Europar Batzordearen laguntza egitura gisa, EEEk zuzentzen duen ekimen europar horrekin bat egindako Bizkaiko lehen udala da Areatza. Alkateen Itunaren bidez, Europa osoko hiri eta herrien arteko aliantza eratu nahi da, eta era bateratuan jokatuz, energia-kontsumoa murrizteko eta emisio kutsagarriak gutxitzeko. Hori lortze aldera, ahalik eta udal gehienen laguntza eta konpromisoa bilatzen ari da EEE. Era horretan, dagoeneko ekimenarekin bat egindako Europako 1.700 herri eta hirirekin batera arituko dira euskal udalak. 

Alkateen Ituna Europar Batzordeak abiarazi zuen ekimena da. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren erakunde hori klima aldaketari aurre egiteko jardunaren liderra da mundu mailan, lehentasun nagusienetakoa baita erakundearentzat. Izan ere, asmo handiko helburuak ditu 2020. urteari begira, 20-20-20 zifrekin adierazita, EBn Ekintza Klimatikoaren eta Energia Berriztagarrien alorreko neurri eta helburuen barruan. Hala, EBko estatu kideek konpromisoa hartu dute euren CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko 2020 urterako.

Alkateen Ituna sinatzen duten udalek konpromiso sendoa hartu behar dute alor batzuetan; izan ere, 2020 urterako Europar Batasunak ezarritako helburuetatik haratago joan nahi dute. Hartara, CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.

Azken batean, tokian tokiko udalerrien ezaugarrien eta premien arabera, Europar Batzordearen helburua den 20-20-20 delako ekimena aurrera eramateko jarduera multzo bat sustatzen lagundu nahi du Alkateen Itunak. Hala, Itunarekin bat egingo duten udalek egungo energia egoera aztertuko dute, eta azterketa horren emaitzen argitan, zenbait ekintza edo jarduera planifikatuko dituzte energia-eraginkortasunaren eta energia-iturri berriztagarrien ustiapenaren alorrean.

Alkateen Itunera atxiki berri den Areatzako Udalak, lehendik Itunarekin bat egindako Gasteiz eta Donostiako udalekin batera, energia-kontsumoa gutxitzeari begira, konpromisoa hartzen du hainbat ekintza aurrera eramateko. Horretarako, honako jarduera hauek garatuko ditu:

1. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia emisioen inbentarioa egitea.
2. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
3. Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
4. Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
5. Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez, idatziz.
6. “Energiaren Eguna” edo “Alkateen Itunaren Eguna” antolatzea, Europar Batzordearekin eta interesatuta leudekeen beste erakunde batzuekin elkarlanean, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak zehazki azaltzeko.

Alkateen Itunari esker, aurrerapauso nabarmena emango da EBren helburuak lortzeko bidean. Izan ere, borondatezko akordioaren bidez, konpromiso sendoa hartzen dute Europako herri eta hiriek helburu horiek bete eta gainditzeko.


Informazio gehiago:
Aretzako Udala
Tel.: 946739010
www.areatza.net

Alkateen Ituna:
Prentsa eta Komunikazio Saila
Energiaren Euskal Erakundea (EEE)
www.eve.es/covenant/cas/
Tel.: 944.035.600