2.500 ibilgailu ordezkatzea aurreikusten da 

  • Eskaerak ekainaren 15etik aurrera tramitatu ahal izango dira EEEren webgunean: www.eve.eus
  • 5 M€ko aurrekontua du

Eusko Jaurlaritzaren2021eko Ibilgailuen Renove Planaren funtzionamendua arautzen dituen oinarri orokorrak gaur argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian, eta, beraz, bihartik, ekainaren 1etik aurrera indarrean sartuko da. Guztira, 5 milioi euro emango dira dirulaguntzetan renove honen bidez, eta 2.500 ibilgailu inguru ordezkatuko dira.  
 
Ibilgailuen Renove Planaren hirugarren edizio honetan 3.000 euroraino eskura daiteke eraginkortasun handiko auto berria erosteko, dirulaguntza hori eskatzen duen pertsonaren autoa txatar bihurtuz gero. Dirulaguntza jaso dezaketen ibilgailuak hauexek dira: A energia kalifikazio egiaztatuta daukaten gasolina edo gasolio bidezkoak, gas naturalekoak, GLP bidezkoak, hidrogenokoak edo elektrikoak. Txatar bihurtuko den ibilgailuak, automobil berria erosiko duen pertsonaren izenean egon behar duena eta zirkulazio baimen guztiak indarrean edukita, hamar urte baino gehiago eduki beharko ditu partikularren kasuan eta zazpi baino gehiago enpresak eta autonomoak badira.
 
Guztira, 2.500 ibilgailu ingururen berrikuntza sustatuko dela kalkulatu da, urtean 950 tep aurreztea ekarriko duena eta errepidetik, behin betikoz, 1.500 ibilgailu kentzearen baliokidea. Aurreikusitako aurrekontua bost milioi eurokoa da.
 
Dirulaguntza hauetaz baliatu ahal izango dira 2021eko ekainaren 1etik aurrera (hori barne) erosiko diren ibilgailuak, eta eskaerak bideratzeko prozedura abian izango da ekainaren 15etik aurrera, EEE Energiaren Euskal Erakundearen webgunean.
 

Diruz lagundu daitezkeen ibilbailuak
Ibilgailu mota* Gehieneko diru-laguntza Atxatarramendua
Ibilgailu arin elektriko puruak 3.000€ Nahitaezkoa
Ibilgailu arin hibrido entxufagarriak edo autonomia hedatuko elektrikoak 2.500€ Nahitaezkoa
Gas natural bidezko ibilgailu arinak 2.000€ Nahitaezkoa
Hidrogenozko ibilgailu arinak 3.000€ Nahitaezkoa
PGLko ibilgailu arinak 2.000€ Nahitaezkoa
M1 kategoriako gasolina edo gasolio (diesel) ibilgailuak, A energia kalifikazioa dutenak 2.000€ Nahitaezkoa
N1 kategoriako gasolina edo gasolioa (diesela), MMArekin:
2.500 kg baino gutxiago eta 114 g CO2/km baino BEG emisio gutxiago,
2.500 kg edo gehiago, 184 g CO2/km baino BEG emisio gutxiago dituztenak
2.000€ Nahitaezkoa