• Iñigo Ansolak Euskadiko Trantsizio Energetikorako estrategiaren lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu Europako ordezkarien aurrean.
  • ‘SHREC Arrasate: Shifting towards Renewable Energy for Transition to Low Carbon Energy' jardunaldia hasi berri da, energia berriztagarrien ekoizpen eta kontsumo energetikoaren eraginkortasuna sustatzeko helburuarekin.
  • Garaia Parke Teknologikoak nazioarteko eta tokiko dozenaka aditu batu ditu, hitzaldiak eta tailerrak eskaintzeko eta proiektu/jardunbide berritzaileak lantzeko.

Arrasaten hasi berri da ‘SHREC Arrasate: Shifting towards Renewable Energy for Transition to Low Carbon Energy’ jardunaldia. Garaia Parke Teknologikoak nazioarteko eta tokiko dozenaka aditu hartuko ditu, hitzaldiak eta tailerrak eskaintzeko, baita proiektu/jardunbide egoki berritzaileak jorratzeko ere, ostirala, apirilak 29, bitarte.

Interreg Europe ekimenaren barruan kokatzen da jardunaldia. Ekimen horren helburua da energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea, tokiko politikak hobetzea, enpresen inbertsioa sustatzea energia berriztagarrietan eta teknologia berrietan eta kontsumitzaileen inplikazioa areagotzea, besteak beste.
 
SHREC proiektua 2019ko udan hasi zen, Interreg Europe proiektua izanik, eta bere inguruan, herrialde bakoitzean, gauzatutako jardunbide egokiak identifikatu eta taldeko kideekin partekatzen ditu. Arrasateko jardunaldiaren ostean, datozen hilabeteetan, tokiko ekintza-plan bat jarriko da abian, SHRECeko kideen jardunbide egokietan oinarrituta.

Arrasaterekin batera, honako hauek parte hartzen dute: Hanze University of Applied Sciences: Herbehereak (Liderra), Slovak Innovation and Energy Agency: Eslovakia, Vilnius Gediminas Technical University: Lituania, Piamonte Region: Italia, Auvergne Rhône-Alpes Energy Environment Agency (AURA-Regitania eta Mende): Frantzia, Mid Sweden University: Suedia, eta South Muntenia Regional Development Agency: Errumania. Herriko eragile talde bat ere bada: Udalarekin batera, Debagoiena 2030, Debagoieneko Mankomunitatea, Fagor Taldea, Goiener, H-enea Living Lab, Ikerlan eta Mondragon Unibertsitatea.
 
Jardunaldiari hasiera emateko batu dira Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia eta Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria. 

Alkateak nabarmendu du “helburua Arrasate energia berriztagarrien estrategiaren aldaketaren abangoardian egotea da, eta horren adibide da Leintz Bailaran garatzen ari garen Ekiola plaka fotovoltaikoen ekimena. SHREC proiektuari esker, hazi oso baliotsuak erein ahal izango ditugu, etorkizuneko gure eredu energetikoaren printzipio izango direnak. Lankidetzan, 8 herrialde desberdin, gure ideiak eta proiektuak partekatzen ari gara, elkar aberasteko eta gure lurraldeak jasangarriago egiteko. Talentuak eta ideia berritzaileek eraikiko dute gure etorkizuna; horixe da SHRECen helburua. Zalantzarik gabe, Arrasate eraikitzeko urrats garrantzitsua da, lurralde eta ingurune berde, iraunkor eta osasungarriagoa bilakatzeko, elkarrekin”.
 
Bestalde, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak adierazi du “Eusko Jaurlaritzaren energia-bulegoaren orientazioak eta hamarkada honetarako dituen helburu estrategikoek ibilbide-orri bat markatzen digute: energia-eskaera murriztea, eredu iraunkor eta lehiakor batean aurrera egiteko, iturri berriztagarriagoekin, gas naturala trantsizio-energia gisa hartuta eta ingurumen-ekarpen garrantzitsu batekin: 2030erako berotegi-efektuko gasen emisioak % 35 murriztea. Orain instalazio berriztagarriak biderkatzeko garaia da, trantsizioan aurrera egiteko”.
 
Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak adierazi du trantsizio energetikoa dela ekonomia deskarbonizatu eta lehiakorrera eramango gaituen aldaketaren bultzatzailea. Ekonomia horrek onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak ekarriko dizkio gipuzkoar gizarteari. “Gipuzkoako Foru Aldunditik, berriztagarriak bultzatzen jarraituko dugu, tresna, arau, fiskalitate eta azpiegiturekin, zenbait proiektutan, hala nola autokontsumoaren sustapenean, bai industria-sektorean, bai etxebizitza-sektorean, autonomia-erkidegoen eta energia-kooperatiben bidez; administrazioen arteko kogobernantza klimatikoari bultzada sendoa ematen, eskualdeko energia-planak sustatuz, eta proiektu berritzaileetan, hala nola, hidrogeno berdea ekoizteko instalazio bat eraikiz, Gipuzkoako Ingurumen Zentroko instalazioetan tratatutako biohondakinetatik abiatuta, eta gure emisioen % 47 zuzenean eragingo duen sektore estrategikoan”. 

Proiektuak 1,8 milioi euroko aurrekontua du guztira; horietatik % 85 Europako EGEF funtsetatik datoz, eta Arrasateko Udalaren kasuan, lau urterako aurrekontua ia 165.000 eurokoa da.
 

3 egun, hainbat saiorekin
 
Lehen egunean, apirilak 27, gurean daukagun gobernantza ereduan zentratutako jardunaldia izango da; Udal ordezkariekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Energiaren Euskal Erakundeko ordezkariak egongo dira eta helburua izango da azaltzea bakoitzak bere eskumenen baitan energiaren lanketa nola bideratzen duten. 
 
Bigarren egunean, hilak 28, birgaitze, energia jasangarri eta bogan dagoen “Energia komunitateen” gaia jorratuko da eta horietara gonbidatu dira: LKS Krean, Goiener eta Eako Udala.
 
Hirugarren egunean, apirilak 29, azpiegitura energetikoen berri izango dute Partnerrek.
 
Ikusi esteka honetan programa osoa.
 
Edukiz betetako egun hauen helburua da beraz, Arrasatetik lantzen ari diren proiektuen berri ematea eta bertako adibideak erakustea, kide bakoitzak bere ekintza planean txertatzeko aukera izan dezan.
 
 
Herritarrentzako bi saio
 
Herritarrei irekitako saioak bi izango dira, eta aurrez aurre parte hartzeaz gain, streaming bidez jarraitu ahal izango dira www.arrasate.eus webgunean:
 

  • Gobernantza ereduak: 
11:00          Gobernantza Ereduen aurkezpena
Garaiako auditorioa 11:10-11:25 Arrasateko udala Arrasateko Alkatea, udal arduradunak
11:25-11:50 Gipuzkoako Foru Aldundia Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Zuzendaria
11:50-12:15 Energiaren Euskal Erakundea Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria
12:15-12:30 Gobernantza blokeren sintesia eta itxiera  
 
  • Energia Komunitateak:
 
Garaiako Auditorioa 14:30-15:10 Debagoiena2030: Energia Portfolioa. D2030 arduradunak
15:15-16:15 Mahai ingurua: Komunitate Energetikoak; Eredu desberdinak.  Eako Udala
Ekiola eta 
Goienerreko ordezkariak