• Martxora arte, gasaren kontsumoa %21 jaitsi zen, gehienbat ziklo konbinatuetan kontsumoaren jaitsieraren ondorioz
• Erregaien kontsumoak %2 egin zuen gora urtarrilean eta otsailean
Euskadin, 2011ko martxoan, energia elektrikoaren guztizko kontsumoak iazko martxoan izandako maila bertsuari eutsi zion. Horren arrazoien artean, etxebizitzetan eta zerbitzu sektorean energia eskariaren jaitsiera nabarmendua behar da, industria alorrean izandako kontsumoaren igoera orekatu duena, hain zuzen ere.
Izan ere, industriak eskaria areagotu zuen eta energia kontsumoak %2 egin zuen gora; azpimarratzekoa da siderurgia azpisektorearen gehikuntza, %5; betiere 2010eko lehen hiruhilekoan izandako kontsumoekin alderatuta.
Gas naturalaren kontsumo konbentzionalak (industria eta bizitegi-merkataritza) %10 egin zuen gora martxoan, 2010eko hil berean izandakoaren aldean, eta urtean metatutako kontsumoa %3 igo zen, aurreko epealdiarekin erkatuta. Zentral termikoen kontsumoak, aldiz, %92 egin zuen behera martxoan, eta 2011n metatutakoa %74 jaitsi da orain arte, 2010eko martxora arte izandakoarekin alderatuta. Datu horien zergatia, funtsean, honako faktore hauetan bilatu behar da: Estatuko elektrizitate eskari txikian (abiarazi gabe jarraitzen duena), erregimen bereziaren (energia berriztagarriak eta baterako sorkuntza) ekarpenaren gehikuntzan, sorkuntzan ikatz bidezko zentralek dakarten lehian (ikatz nazionala aldezten duen dekretua indarrean sartzearen ondorioz) eta mantentze lanak zirela eta, hiruhileko horretan gas bidezko zentralek izandako geldialdietan.
Azkenik, erregaien kontsumoari dagokionez, otsailean %1,4 egin zuen gora; gasolinen kontsumoak, ordea, %1 egin zuen behera. Guztira, automoziorako kontsumoa %1,1 igo zen; hartara, urtean metatutakoari dagokionez, bi hilabetez jarraian goranzko joerari eusten dio, 2008ko otsailaz geroztik positiboa ez zena.