BiMEPek beharrezkoak diren baimenak lortu ditu itsas aerosorgailu flotatzaileekin entseguak egiteko

  • BiMEPek bere bosgarren urteurrena ospatuko du 2020an Europan parekorik ez duten entsegu-ahalmen globalekin, itsas teknologien garatzaileei zuzendutakoak.
  • Euskal industriak proiektu teknologiko berritzaileak bultzatzen ditu itsas esparruan, trantsizio energetikoan ezarritako deskarbonizazio-helburuak lortzeko lagungarriak izango direnak

Bizkaiko kostaldean kokatutako BiMEP Biscay Marine Energy Platform itsas energien entsegu-plataformak beharrezkoak diren baimenak jaso ditu Trantsizio Ekologikoaz Ministeriotik bere instalazioetan teknologia eoliko flotatzaile berriak instalatzeko eta probatzeko.
 
Orain arte olatuen mugimenduaren bidez energia elektrikoa lortzeko gailu flotatzaileetara bideratuta zituen entsegu-baimenak aldatzeko prozedura amaitu ondoren, aurrerantzean zimendatze flotatzaileko bi plataforma eta dagozkien aerosorgailuak ere hartu ahalko ditu entseguetarako, hau da, itsasoan gertatzen den haizearen energia aprobetxatzeko. BiMEPen entseatu ahalko den ahalmen eoliko totala 10 MW-raino ere iritsi ahalko da, baina ez da beharrezkoa izango ahalmen maximo horretara iristea entseguak egiteko, zeinak bateragarriak izango diren instalazio hauetan jada egiten diren olatu-energiako entseguekin. 
 
BIMEPen jardueraren baimenak zabaltzearen ondorioz, energia berriztagarriko iturri berrien ikerketa-arloko mundu osoko erreferentzia izango da azpiegitura hori, zehazki olatuen energia-aprobetxamenduko eta energia eoliko flotatzaileko teknologien artean. Europa osoko entsegu-instalazio bakar batek ere ez ditu I+Gko euskal zentro honek eskaintzen dituen ez ezaugarri teknikoak –lehorrera konektatutako aldibereko ahalmeneko itsaspeko 20 MWko lau kable, eta 24 orduko zaintza–, ez eragiketa-baimen globalak, guztiak ere batez ere Europan jarduten duten nazioarteko teknologia-garatzaileei zuzendutakoak.
 
Energia eoliko flotatzailea
2020ko BiMEPen bosgarren urteurrenarekin batera datoz baimen berriak. 2015ean sortu zen entseguko eta ikerketako azpiegitura hori, hasiera batean olatu mugimenduan oinarrituta elektrizitatea sortzeko prototipoak hartzeko. Dena dela, energia eolikoa da teknologia heldueneko iturri berriztagarria, eta datozen urteetan mundu osoan aurrerapauso handiena emango duena. Europako iparraldean martxan daude jada sakonera gutxiko uretan kokatutako zenbait itsas parke eoliko mulitmegawatt, eta, horrenbestez, itsas hondoan finkatutakoak. BiMEP erreferentzia izango da etorkizunean ur sakonetako itsas parke eolikoak kokatzea ahalbidetuko diguten garapen berriak aztertzeko, ur horietan hondoari zuzenean zimendatzea posible ez den eta soluzio flotatzaile berritzaileak eskatzen diren kasuetan. Horrelako inguruneen adibidea da Kantauri itsasoa, plataforma kontinental oso mugatua duelako eta milia gutxiko tartean sakonera handietara iristen delako.
 
Entsegu hauen helburu nagusia ez da lehentasunez elektrizitatea sortzea, baizik eta xehetasunez ezagutzea prototipoen portaera prototipo horiek teknologikoki hobetu eta etorkizunean energia sortzeko merkatuan sartzeko. Era berean, sistema horien kontroleko, eragiketako eta mantentze-lanetako estrategiak garatu eta hobetzea ahalbidetuko du, bai eta aerosorgailu flotagarri hauen ingurumen eragin txikia are gehiago gutxitzeko metodologia berriak ikertzea; hau guztia garrantzi handikoa dena betiere prototipo horien lehiakortasuna ziurtatzeko.
 
Euskal teknologia Trantsiziorako
Jatorri fosileko energien ordez gure kontsumoa hornitzea ahalbidetuko duten iturri berriztagarrietarako Trantsizio Energetikoak garapen teknologiko handia eskatzen du, deskarbonizazio-helburuak lerrokatzeko eta klima-erronka globalaren aurrean soluzioak eskaintzeko gai dena.
 
Proiektu teknologiko garrantzitsuak ari da bultzatzen gai horretan euskal industria gaur egun, zeinak egiazko baldintzetan entseatu ahal izango diren BiMEPen, eta horrek merkaturatze-epeetan aurrera egitea ahalbidetuko du, eta energia garbia, aberastasuna eta enplegua sortzeko Euskaditik esportagarria den teknologia jasangarria sortzea.

Informazio gehigarria www.bimep.com