Dirulaguntzen programa 2025​
  • Programa honek 1 M€-ko aurrekontua du.
  • Berrikuntza horri esker, instalazio elektrikoak egokitu ahal izango dira kontsumo berriztagarri berrietara eta segurtasun-estandar handienetara.
  • Komunitateek dirulaguntzaren %70 lortu ahal izango dute, gehienez 15.000 € instalazio bakoitzeko.
  • Eskaerak egiteko epea urriaren 15era arte luzatuko da.

Energiaren Euskal Erakundeak gaurtik aurrera laguntza-programa berri bat jarriko du abian, Euskadiko etxebizitza-eraikinetan funtzionatzen jarraitzen duten instalazio elektriko zaharrak berritzeko. Zaharkitutako instalazio horiek oztopo dira eraginkortasun, aurrezpen eta energia berriztagarrien aldeko neurriak ezartzeko; beraz, horiek berrituta, eraikin horiek egungo araudi elektrikoetara egokituko dira. 
 
Dirulaguntza horiek 1999. urtea baino lehen eraikitako bizitegi-eraikinetako instalazio elektriko zaharrak modernizatzen lagunduko dute; zehazki, zati komunei dagozkienak, hau da, eraikinaren kanpo-konexioko puntutik etxebizitzen atalasera bitartekoak. Kasu batzuetan, oso instalazio elektriko zaharrak eta behe-tentsiokoak dira, eta berritzeko aukera asko daude, egungo kalitate- eta segurtasun-estandarrak lortzeko.
 
Instalazio horiek, eguneratu ondoren, gai izango dira etxebizitzak energiaz segurtasunez hornitzeko eta gero eta gehiago eskatzen diren zerbitzuak emateko, hala nola eraginkortasun handiko berokuntza-sistema berriak (adibidez, aerotermia), energia berriztagarriak ezartzea —teilatuetan eguzki-plakak jartzea— eta, azken batean, etxeko energia-kontsumoen deskarbonizazioan aurrera egitea.
 
Gainera, eraikin berean garajea duten komunitateetan kontagailuak zentralizatuta daudenez, ibilgailu elektrikoa kargatzeko prest egongo dira instalazioak. Hiriguneetan elementu garrantzitsua da hori, autoz sartzeko emisio gutxiko ibilgailuak behar baitira gero eta maizago.
 
Dirulaguntzen ezaugarriak
Instalazioen jabe diren komunitateek bi hobekuntza mota egin ahal izango dituzte. Alde batetik, kableatua eta tentsioa modernizatzera bideratutakoak. B2 motakoa izan beharko du, hau da, 230 voltekoa, eta oihalezko estaldura duen kableatu guztia ordeztu beharko da. Gainera, babes orokorreko kutxa irisgarriak eta lurrerako eroaleak jarri beharko dituzte koadro elektrikoetan. Bestalde, lehentasuna duen segurtasun-gailurik ez duten instalazioetan lur-hargune orokorra ezartzen diruz lagunduko da.
 
Programa honek milioi bat euroko aurrekontua du, eta dirulaguntzak diruz lagun daitezkeen kostuen % 70era artekoak izan daitezke, bi hobekuntza-motak egiten dituzten esku-hartzeetarako. Instalazio bakoitzeko 15.000 euroko muga dago, eta % 60ra artekoa, bi hobekuntza-mota horietako bat bakarrik egiten bada.
 
 
Instalazio zaharrak dituzten eraikinak 
Euskadik etxebizitza-eraikin zahartuen parke bat du; izan ere, eraikin horien % 61 1980 baino lehen eraiki zen, energia-eraginkortasunari, inguratzaileari, berokuntzari, energia berriztagarrien erabilerari eta segurtasunari buruz indarrean zeuden araudiek gaur egun eraikuntza berriko etxebizitza-eraikin guztietan beharrezkoak diren baldintzak jasotzen ez zituztenean. 
 
Eraikin edo komunitate horien %23k jatorrizko instalazio elektrikoak dituzte, hau da, B1 konexioa, lehengo 125/220 volteko sistemari dagokiona. Sistema horiek ez zuten etengailu diferentzialik, eta isolamendu eskasa dute segurtasunaren ikuspuntutik. Gainera, lurrerako hartunerik ere ez dute. Lurralde historikoka, Bizkaian jendea bizi den eraikinen % 28 dago egoera horretan, Gipuzkoan % 18 eta Araban % 15. 
 
Dirulaguntza horien bidez, eraikinen kalitate elektrikoa hobetzen lagundu nahi da, berokuntzan, klimatizazioan eta energia berriztagarrietan zerbitzu elektriko berriak izan ditzaten, eta, hala, haien kontsumoak deskarbonizatu, eta, aldi berean, gaur egun beharrezkoak diren segurtasun-eskakizunetara egokitu daitezen.