Euskadiko 32 udaletako ordezkariek, haietako alkate askok, aitortza edo esker oneko ziurtagiri bana jaso dute Energiaren Euskal Erakundearen eskutik, haien udalerrietan energia agenda egokiak garatzeko egindako lanagatik. Esker ona erakusteko ekitaldi hori EEEk antolatu jardunaldi baten barruan burutu da Bilboko Euskalduna jauregian; hain zuzen ere, Alkateen Ituna proiektuan parte hartzen duten udalek beren esperientziak azaltzeko eratutako jardunaldian. Hala, udalerrien energia egoera aztertzeko emandako pausoak, energia eraginkortasuna (argiteria publikoa. LED argiak, floten aldaketa ibilgailu elektrikoak erabiltzeko) hobetzera zuzendutako ekintzak eta energia berriztagarriak (biomasa-galdarak kiroldegietan, eguzki energia) erabiltzeko jarduerak azaldu dituzte.