2011. urtearen amaieran, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Bidelek Sareak, A.I.E. sozietatea eratu zuten, Bilbo eta Portugaleteko sare elektrikoak modernizatzeko helburuarekin, eta lanean lehen urtea beteta, dagoeneko ia 75.000 kontagailu ordezkatu dira, azken belaunaldiko kontagailu digitalak jarriz. Kontagailu horietatik, 57.691 Bilbon instalatu dira, San Inaziotik Zazpi Kaleetara doan aldean. Beste 11.722 kontagailu Bilbo erdian eta Zabalgunean jarri dira. Portugaleten, berriz, 5.349 kontagailu ordezkatu dira.

Bidelek proiektuak sare adimendun integralaren kontzeptua garatu nahi du; izan ere, kontagailuak berritzeaz harago joateko asmoa du, eta banaketa sarea modernizatzea du helburu, teknologia digitalaz baliatuta. Horretarako, eraldaketa zentroak eta azpiestazioak ere berrituko dira. Alde horretatik, iaz 329 eraldaketa zentro berriztatu ziren, eta bertan maila desberdineko kontrol gailuak ezarri dira. Eraldaketa zentro guztietan telekudeaketa egiteko sistemak jarri dira, eta horietako 125ean ikuskatze zerbitzuak ere ezarri dira. Gainera, 69 zentrotan automatizazio maila gorena instalatu da. Azpiestazioei dagokienez, landa gunetan dauden azpiestazio batzuk egokitu eta hobetzea aurreikusten du proiektuak. Hala, Ondarroan, ekipoak eskatu dira jadanik, eta aurten, ekainean, abian jarriko direla espero da. Lekeition eta Aulestin baimen administratiboak bideratzearekin batera, ingeniaritza lanak egiten hasi dira. 

2013. urtean ere kontratatu dira sarea ikuskatze eta hobetzeko sistema berrien inguruko zenbait egitasmo BIDELEKen aldetik.Horiei esker, gailu adimendunek emango duten informazioa kudeatzeaz gain, sareen eragiketak ahalbidetu eta erraztuko dira, arin eta eraginkortasunez ahalbidetu ere. Era berean, “showroom” delakoa eraikitzeko lanak egiten hasi da. Haren bitartez, sare elektriko adimendun bat osatzen duten sistema guztiak erakutsiko dira, sarearen funtzionamendua eta kudeaketa simulatzearekin batera. 


Sare elektriko adimendunak Euskadi
Aipatutako proiektua aurrera eramateko, Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak Bidelek Sareak sozietatea eratu zuten 2011ko abenduan, eta haren bitartez 60 milioi euro inbertituko dituzte lanen garapenean, proiektuak iraungo duen hiru urtean. Laguntza finantzarioa emateaz gain, EEEk energiaren alorrean (energiaren aurrezpena, energia-eraginkortasuna eta eskariaren kudeaketa herritarren aldetik) duen ezagutza handia jarriko du proiektuaren zerbitzura. Iberdrola, berriz, egitasmoaren alderdi teknikoez eta instalazioez arduratuko da.

Goraxeago adierazitako herri horietan elektrizitatea banatzeko sareak erabat aldatzeko eta horien ordez sare digital modernoak instalatzeko xedez eratu zen Bidelek Sareak. Horri esker, herri horiek erreferente bihurtuko dira munduan sare elektriko adimendunei dagokienez. Proiektuak iraungo duen hiru urtean, 200.000 kontagailu ordezkatuko dira Bilbon eta 27.000 Portugaleten. Horretaz gain, 1.100 eraldaketa zentro berrituko dira eta azpiestazio zein ikuskatze eta kontrol gune batzuetan egokitzapenak egingo dira, teknologia digital aurreratuena erabiliz. 

Gainera, teknologia eta ekipo horiek euskal enpresek egiten dituzte, garapen teknologikoan aurrera egiteko aukera ematen diena bertako enpresei, eta, aldi berean, hazteko potentzial handia duen merkatu horretan lider teknologikoak izateko bidean kokatzen dira.

Sare elektriko adimendunak deitutakoek hobekuntza teknologiko handia dakarte sare tradizionalen aldean. Hala, gure herrietako energia elektrikoa banatzeko azpiegitura tradizionalekin batera, teknologia digitalaz baliatzen dira ikuskatzea egiteko, informazioa bideratzeko eta telekomunikazioak gauzatzeko. Hartara, komunikazio sistema aurreratuenak integratzen dira teknologia digital horren bidez, eta, ondorioz, kontsumoez, sarean izaten diren kargez, arazoez edo gorabeherez informazio zehatza eta denbora errealean izateko aukera dugu. Informazio horretaz baliatuta, energiaren erabilera hobetzeaz gain, galerak murrizten dira eta zerbitzuan izan daitezkeen eten, matxura eta arazoei aurre egiteko edo erantzuteko denbora nabarmen laburtzen da. Azken finean, energia-kudeaketa eraginkorragoa egitea ahalbidetzen du, energiaren kontsumoa murriztea dakarrena. Etorkizun hurbilean, kontsumitzaileek informazioa jasoko dute beren kontsumoak kudeatu ahal izateko, eta hartara, elektrizitatearen kostua murriztu ahal izango dute.

Ente Vasco de la Energía QR