Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, ingurumenarekiko errespetua eta gizarte eskaria aintzat hartzen dituzten egitasmo berrien aldeko jardunari jarraiki, bizikleten alokairuan edo maileguan oinarritutako zerbitzu berria aurkeztu du: BIZIMETA deritzona. Hain zuzen ere, Mankomunitatearen Mugikortasun Iraunkor Planaren barruan dagoen ekimena. Rezikletak, irabazi asmorik gabeko kooperatiba eta Koopera Sare Sozialaren kideak garatu eta patentatu du BIZIMETA. Uribe Kostan abian jarri den hiriarteko garraio ekologiko hau aitzindaria da Estatuan. Hala, garraio sistema honek erabiltzaileen eskura jartzen du bizikleta-flota moderno bat; betiere, garraio praktiko, arin eta iraunkorra sustatu nahian.
BIZIMETA EGITASMOAN PARTE HARTZEN DUTEN ERAKUNDEAK ETA ELKARTEAK
Uribe Kostako Mankomunitatea
Uribe Kostako Mankomunitateak (Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Gorliz, Plentzia eta Lemoiz) herritarren bizi-kalitatea hobetu nahi duen garraio zerbitzu iraunkorraren aldeko apustua egin du.
Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundiak, ezarritako ingurumen politika estrategiarekin bat etorriz, Bizkaiko udalerrien iraunkortasuna hobetzeko eta kutsadura gutxitzeko egiten ari den ahaleginaren barruan, sustatu du bizikleten erabileraren aldeko ekimena. Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren sentiberatasuna areagotzeko lanekin batera, ingurumena eta baliabide naturalak behar bezala babesteko eta horien erabilera egokia sustatzeko ekimen eta ekintzak lehenesten ditu.
Bizkaiko Garraio Partzuergoa
Bizkaian kalitateko garraio publikoa hobetu, zabaldu eta ondo integratzearen aldeko estrategiari jarraiki, Partzuergoak bat egin du egitasmoarekin.
Energiaren Euskal Erakundea
Egitasmo honen bultzatzaile nagusienetakoa da, baliabide naturalak ahalik eta ondoen aprobetxatzen direla bermatzaile den aldetik eta garraioan eragin kaltegarria duten gasen murrizketa dakarten alternatibak etengabe sustatzen ari den erakunde denez.
Rezikleta
Eusko Jaurlaritzak Gizarte Ekimen eta Onura Publikoaren Kooperatibatzat hartu duen Rezikletak zuzendu edo bideratu du egitasmo berritzaile hau. Ekimen berriak sustatzeko aurrera daraman ildotik, gizarte ekonomia bultzatu nahian ari da ekimen honetan ere; betiere, kooperatibaren helburua gogoan izanik, hau da, baztertzeko egoeran edo arriskuan dauden giza taldeak eragile aktibo bihurtzea.
EGITASMOAK DAKARREN BERRIKUNTZA
-
BIZIMETA bizikleta bidezko lehen hiriarteko garraio egitasmoa da Bizkaian.
Egitasmo honek aukera ematen du herri batetik bestera joateko bizikletaz, berriro itzuli beharrik gabe abiapuntuko herrira bizikleta uztera. Bizikleta Gune edo Puntu sareari esker, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz herrietatik zehar ibiltzeko elkarri loturik egongo dira.
-
Erabilgarri dagoen gainerako garraio publikoarekiko integrazioa edo intermodalidadea.
Uribe Kostako bizikleta sistema Bizkaiko gainerako garraio publikoarekin integratuta dago. Herritarren artean bizikleta sistema areagotzeko asmoz, ordaintzeko modua Metro Bilbao, Tranbia, EuskoTren, FEVE, Bizkaibus, Bilbobus, EuskoTren, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra eta abarretan erabiltzen den bera izango da, Creditrans, Gizatrans edo Hirukotrans txartel bakarren bidez..
-
BIZIMETA bizikleta estandarrak eta elektrizitatez elikatutako bizikletak integratzen dituen lehen ekimen edo proiektua da Estatuan.
Elektrizitate bidezko bizikletek eramaten duten motor elektriko isil, garbi eta eraginkorrari esker, nahi izanez gero, pedalei eragin gabe, modu eroso eta errazean ibiltzeko parada izango dute bizikleta mota horien erabiltzaileek. Hartara, ahalik eta herritar gehien sentiberatu eta animatze aldera, BIZIMETA egitasmoak, ohiko bizikleten erabilerarekin batera, elektrikoena ere sustatu nahi du, bizikleta ez erabiltzeko egon litezkeen oztopo edo muga fisikoak edo mentalak gainditu ahal izateko. Rezikletak patentatutako sistema berri baten bidez, bizikletek daramaten motor elektrikoaren bateria era automatikoan Bizikleta Gunean edo Puntuan bertan berriz kargatzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Gainera, bizikletak finkatzeko edo jartzeko diseinu bakarra dela eta, gune horrek bizikleta mota biak, ohikoak eta elektrikoak, uztea ahalbidetzen du.
BIZIMETA ZERBITZUAREN ERABILERA
BIZIMETA sistema erabiltzeko 13 Bizikleta Gune eratu dira, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten zazpi herrietan zehar, honako toki hauetan:
-
Bizikleta-flota
Guztira, 110 bizikletak osatzen dute flota. Horietatik %20k motor elektrikoa daramate.
-
Ordutegia
Uribe Kostako Mankomunitatean bizi direnak ez ezik, udan herri horietan egoten direnak edo hondartzetara edo inguruko tokietara joaten diren herritarrak ere bizikleta erabiltzera animatu nahian, ordutegi zabala antolatu da: 07:00etatik 21:00etara, etengabea, apiriletik urrira (biak barne), eta 07:00etatik 19:00etara urteko gainerako hilabeteetan. Bizikletak alokatzeko edo maileguan hartzeko zerbitzu hau eten egingo da honako egun hauetan: urtarrilaren 1 eta 6an, abenduaren 25ean eta tokian tokiko zaindariaren jai egunetan.
-
Zerbitzuaren kostua
Oraingoan ere, horrelako sistemak herritar gehienei helarazteko asmo sendoari eutsiz, ahalik eta preziorik merkeenak ezarri dira.
Mailegua edo alokairua bi ordukoa da, gehienez ere, eta kostua 0,15 eurokoa bizikleta konbentzionalen kasuan eta 0,30 eurokoa, aldiz, bizikleta elektrikoak erabiliz gero.
Urteko kuota lehen urtean 6 eurokoa da, eta hurrengo urteetan 10 eurokoa izango da
BIZIMETA ZERBITZUAREN HASIERA URIBE KOSTAN
2009ko uztailaren 30ean jarri da abian zerbitzua zenbait herritan, eta abuztuaren 15etik aurrera aurreikusten da zazpi herrietara zabaltzea.
Izena emateko bideak hauexek dira: www.bizimeta.com webgunetik inprimakia deskargatu eta betez, edo Bizikleta Gunean bertan inprimakia betez. Kasu biotan, aipatutako Gunean entregatu behar dira inprimakiak, NANren fotokopiarekin batera.
Horren ostean, erabiltzaileak identifikazio txartela jasoko du, pertsonala eta besterenezina den txartela, hain zuzen ere. Bizikleta zerbitzua erabili nahi duen guztietan aldean eraman beharko da txartel hori.