500 itsasontzi hartu ditu jada 2003an martxan jarri zenetik
• Guztira, 31 metano-ontzik 4,3 milioi metro kubiko gas natural likidotu deskargatu zuten iazko ekitaldian
• EAEri gas naturala hornitzeko bermatutako puntu estrategikoa dela berretsi du BBGk
2013ko ekitaldian Espainiako gas-sisteman sartutako gas natural likidotuaren % 20,3 birgasifikatu zuen Bahía de Bizkaia Gas (BBG) plantak, eta kontsumitutako gas naturalaren guztizkoaren % 8,7ko ekarpena egin zuen horri esker. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren gas naturaleko premien % 90 hornitu zuen. Zifra horiek guztiek erakusten dutenez, gas naturala sartzeko puntu estrategikoa dela berretsi du BBGk, Euskadiri hornidura hori ziurtatuta.
Nazioarteko merkatuko GNLaren prezioen ondorioz energia-kontsumoaren murrizketa eta gas-sistemaren birgasifikazio-planten erabileraren beherakada eragin duen krisia gorabehera, Bahía de Bizkaia Gas plantak erabilera-faktore erlatiboki handiari eusten dio oraindik ere (% 35,7). BBGk Euskadiri, Kantauri Itsasertzari eta Espainiako gas-sistema osoari energia hornitzeko segurtasun-berme gisa duen garrantzia berresten du horrek guztiak.
2003ko abuztuaren zortzitik –hau da, lehenengo metano-ontzia iritsi zenetik– iazko ekitaldiaren amaierara arte, guztira 500 metano-ontzi eta 64,7 milioi m3 GNL deskargatu ditu BBGk, eta 432.865GW/h birgasifikatu ditu. Martxan jarri zenetik, BBGk bere posizioa sendotu du Espainiako gas-sistemako operadore gisa, eta betiere erabilitakoenen artean dago Espainiako planten rankingaren barruan.
2013. urtean, guztira 31 metano-ontzik deskargatu dute BBGn, eta itsasontzi horiek deskargatutakoa 4,3 milioi metro kubiko GNL izan da guztira (1,9 milioi tona); iazkoarekin alderatuta murrizketa izan bada ere, Bilboko Portuaren trafikoaren guztizkoaren % 6,4 inguru da kantitate hori.
GNLaren jatorriari dagokionez, Trinidad-Tobago, Peru eta Nigeria horniduren % 90,6 dira, atzetik Norvegia dutela, % 6,3arekin.
Hiru bazkidek osatzen dute Bahía de Bizkaia: ENAGAS TRANSPORTE SAUk (% 40) Energiaren Euskal Erakundeak (% 30), eta RREEF funtsak (% 30), guztiak ere ondo ezagunak energia-sektorean. ENAGAS TRANSPORTE SAU Espainiako gas-sistemaren gas-garraiolari handiena da; EEE euskal energia-politika garatzeko Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da; eta RREEF Infrastructure, aldiz, Deutsche Bank erakundearen azpiegitura-funtsa da, inbertsio-zorro handia duena energiaren, portuen eta aireportuen sektorean.