Ituna abiarazi zen 2008. urtetik bederatzigarren euskal udala da atxikimendua erakusten duena
 
 
 
·         Alkateen Itunak udalen konpromisoa eskatzen du, energia eraginkortasun eta energiaren aurrezpen maila handiak lortzeari begira
 
·         Ituna sinatu duten bederatzi euskal udalek Euskadiko biztanleriaren %40 biltzen dute
 
·         Guztira, Europako 2.100 hiri baino gehiago ari dira egitasmoa garatzen
 
·         EBen laguntza egitura da Energiaren Euskal Erakundea, Ituna Euskadin garapen egokia bideratzeko

Alkateen ituna BalmasedanBalmaseda, 2011ko urtarrilaren 13a. Balmasedako Udaleko alkate Joseba Mirena Zorrilla eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendia buru zirela, erakunde biek atxikimendu-dokumentua sinatu dute, eta, beraz, Europar Batzordearen ekimena den Alkateen Itunarekin bat egin du Balmasedako Udalak. Hala, energia aurrezteko Europan ezarritako helburuak, 20-20-20 deritzon ekimenean jasoak, lortzen eta gainditzen saiatuko da udal hori.
 
Sinatutako atxikimendu-dokumentua horren bidez, Balmasedako Udalak zenbait erabaki eta neurri hartuko ditu energia eraginkortasun eta aurrezkiaren alorrean. Horrezaz gain, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, energia kontsumoak gutxitzeko eta emisio kutsagarriak murrizteko erabakiak hartzeko asmoa du. Hartara, Europan Ituna izenpetu duten gainerako hiri eta herriekin batera, 20-20-20 zifrekin ezagutzen den ekimenaren helburuak gainditu nahi dira. Azken batean, tokian tokiko ahalegin eta lan horrek onura ekarriko die euskal gizarteari eta jendarte europarrari. 
 
Balmaseda 7.500 biztanle baino gehiago duen udalerria da eta azken urte hauetan lan handia egin du bertako energia egoera hobetzeko. Izan ere, Balmasedako Udalak erabakiak eta neurriak hartu ditu energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia iturri garbi eta berriztagarriak bultzatzeko. Hala, 12 kWp-ko potentzia instalatua duten 5 eguzki-instalazio fotovoltaiko, 247 kW-eko 2 instalazio minihidrauliko eta 106 m2-ko azalera hartzen duten 3 eguzki-instalazio termiko daude udalerrian. Horrekin batera, Begiralea izeneko proiektuan parte hartzen ari da, udal eraikin batzuetan energia kontsumoak monitorizatzeko egitasmoa, energia nola kontsumitzen den ezagutzeko xedez, energia kontsumoa hobetzeko erabakiak eta neurriak hartzea ahalbidetzen duena. Ildo horretatik, zenbait neurri zuzentzaile jarri dira abian dagoeneko, adibidez, berokuntzarako gas kontsumoko sistema gauez itzaltzea eta metatutako ur bero sanitarioaren tenperatura jaistea. Horren ondorioz, energia aurrezpen esanguratsua lortu du Balmasedako Udalak.   
 
Alkateen Itunaren helburuak
Alkateen Ituna Europar Batzordeak abiarazi zuen ekimena da. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren erakunde hori klima aldaketari aurre egiteko jardunaren liderra da mundu mailan, lehentasun nagusienetakoa baita erakundearentzat. Izan ere, asmo handiko helburuak ditu 2020. urteari begira, 20-20-20 zifrekin adierazita, EBn Ekintza Klimatikoaren eta Energia Berriztagarrien alorreko neurri eta helburuen barruan. Hala, EBko estatu kideek konpromisoa hartu dute euren CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko 2020 urterako.
 
Alkateen Ituna sinatzen duten udalek zenbait konpromiso hartzen dute alor batzuetan, eta 2020 urterako Europar Batasunak ezarritako helburuetatik haratago joan nahi dute. Hartara, CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.
 
Azken batean, tokian tokiko udalerrien ezaugarrien eta premien arabera, Europar Batzordearen helburua den 20-20-20 delako ekimena aurrera eramateko jarduera multzo bat sustatzen lagundu nahi du Alkateen Itunak. Hala, Itunarekin bat egingo duten udalek egungo energia egoera aztertuko dute, eta azterketa horren emaitzen argitan, 2020 urtera begira, zenbait ekintza edo jarduera planifikatuko dituzte energia-eraginkortasunaren eta energia-iturri berriztagarrien ustiapenaren alorrean.
 
Alkateen Itunera atxiki berri den Balmasedako Udalak, lehendik Itunarekin bat egindako udalekin batera, energia-kontsumoa gutxitzeari begira, konpromisoa hartzen du hainbat ekintza aurrera eramateko. Horretarako, honako jarduera hauek garatuko ditu:
 
1.    Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia emisioen inbentarioa egitea.
2.    Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
3.    Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
4.    Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
5.    Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez, idatziz.
6.    “Energiaren Eguna” edo “Alkateen Itunaren Eguna” antolatzea, Europar Batzordearekin eta interesatuta leudekeen beste erakunde batzuekin elkarlanean, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak zehazki azaltzeko.
 
Alkateen Itunari esker, aurrerapauso nabarmena emango da EBren helburuak lortzeko bidean. Izan ere, borondatezko akordioaren bidez, konpromiso sendoa hartzen dute Europako herri eta hiriek helburu horiek bete eta gainditzeko. Hala, EEE ahalik eta udal gehienen atxikimendua edo konpromisoa bilatzen ari da, Alkateen Ituna sinatzeko asmotan. Era horretan, dagoeneko ekimenarekin bat egindako Europako herri eta hirirekin batera arituko dira euskal udalak.