- Instalazioak 311.823 euroko inbertsioa izan du eta EEEren %80ko diru-laguntza jaso du.
- Klima-aldaketaren aurkako erronkan, instalazio berriztagarri horrek eraikinaren kontsumo elektrikoaren %31 sortuko du.
Beasaingo Udalak eguzki-instalazio fotobootaikoa jarriko du udal kiroldegian. Aurtengo udal aurrekontu orokorrean aurreikusita zegoen bezala, Antzizar kiroldegiko teilatuan autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko lanak amaitu dira, Beasaingo udal kiroldegiko energia-beharrak asetzeko eta udalerriko energia-iraunkortasunean aurrera egiteko. Proiektua 2021ean garatu zen Eraikin Publikoen Auditoretzatik eratorria da. Bertan esku-hartze gisa kiroldegiko autokontsumorako instalazio hori lehenetsi zen.
Horrez gain, Beasaingo Udalak 2030 urtera begira Euskadik dituen helburu energetikoak bere egiten ditu, beharrezkoak izango diren inbertsio eta proiektu estrategikoak aurrera eramanez. Helburu hauekin bat, hamarkada honen amaierarako erakunde publikoek beraien kontsumoa %35ean murriztu beharko dute eta kontsumitzen den energiaren %32a iturri berriztagarrietatik jaso beharko dute.
Azpiegitura fotovoltaikoaren aurkezpenean, Leire Artola Beasaingo alkatea, Iñigo Ansola EEEko (Euskal Energiaren Erakundea) zuzendari nagusia, Koldo Garcia Goinener taldeko proiektuaren arduraduna eta Erika Martinez Goiener-eko lehendakaria izan dira.
Proiektu honekin, autokontsumorako 300kW-ko potentziadun eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioa burutu da. Plaka fotovoltaikoek jasoko duten eguzki-energiaren bitartez, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %31,1 lortuko da. Aldi berean, urteko 131.645,37 kg CO2ren isurketa saihestuko da atmosferara, edo beste modu batera adierazita, urtean 14.627 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea isurtzea ekidingo da.
Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, guztira 3.290.000 CO2 Kg atmosferara isurtzea saihestuko da epealdi horretan.
Antzizar kiroldegian eraikitako azpiegiturari esker lortuko den energiaren dimentsio mailaz jabetzeko, jakin Beasaingo eraikin publiko guztiek kontsumitzen duten argi indarraren %21a sortuko dela. Udal eraikinez gain kale argiteria gehitzen badiogu, argi-indar guztiaren %13a sortuko da.
Planta fotovoltaikoaren instalazioaren inbertsioa 311.823 eurokoa izan da. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) %80 diruz lagundu du eta gainontzekoa Beasaingo Udalak jarri du. Oraingo elektrizitate eta energia kostuen arabera, sei urtetan inbertsioa amortizatuta egongo da.