Bide Ingeniarien Elkargoak eman dio sari hori itsas energiak garatzeko egin duen ekarpena eskertzeko.
- BiMEPek bi saiakuntza-eremu ditu: Mutrikuko olatuen energia-instalazioa eta Armintzako kostaldean dagoen itsaso zabaleko saiakuntza-eremua.
- Bi bazkide ditu: Energiaren Euskal Erakundea (% 75) eta IDAE (% 25).
BiMEPek, itsas energien saiakuntza-zentroak, jaso du Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak urtero ematen duen berrikuntzaren saria, I+Grako funtsezko ekimena izateagatik itsas energia berriztagarri berrietan, bai olatuen energiakoetan, bai eoliko flotatzailekoetan ere.
BiMEPeko arduradunek dagoeneko duela hamarkada bat izan zuten berrikuntzarako gaitasuna balioesten du sariak, eta Bide Ingeniarien Elkargoaren urteroko topaketaren esparruan banatu zen Bilbon. Bereziki nabarmendu da izan zuten etorkizuneko ikuspegia, detektatu ahal izan baitzuten enpresa teknologikoek itsasoan saioak egiteko zuten azpiegituren beharra, azpiegitura guztiz hornituak eta aurrez emandako baimenekin, elektrizitate berriztagarria sortzeko gailu flotatzaileekin saiakuntzak egiteko.
BiMEP martxan jarrita, itsasoan saiakuntzak egiteko azpiegitura kritikoa jarri zuten merkatuan, behar zen denborarekin, beti eskuragarri. Horrekin, gainera, eraginkortasuna eman zitzaion I+Gren garapeari, saihestu baitzen prototipo bat garatzen zuen enpresa bakoitzak milioi askoko inbertsioak egin behar izatea itsasoan bere gailuarekin saioak egin ahal izateko, baimenak eskuratzeko bete behar ziren administrazio-prozesu luze eta neketsuak saihesteaz gain. BiMEPek aurreratu egin du prozesu hori eta instalazio egokia eskaintzen du, entxufatzeko eta saioak egiteko prest.
Kontuan izan behar da prototipo bat garatzeko inbertsio handia egin behar dela kontzeptuaren edo ideiaren hasierako fasetik eraiki eta itsasoan instalatu arte. Talde zientifikoak ahalegin handia egin behar du urteetan, eta, gainera, finantzaketa bilatu behar da. BiMEP ez balego, are ahalegin handiagoak egin beharko lirateke, bai beharrezko baimenak eskuratzeko, bai lehorreko sare elektrikora konektatzeko. Denbora, lan eta diru gehiago inbertitu beharko litzateke itsaspeko linea elektrikoen diseinuan eta eraikuntzan, lehorreko azpiestazioan eta abar. BiMEPek azpiegitura horiek guztiak jartzen ditu enpresa teknologikoen eskura, eta, horri esker, denbora aurrezten da, inbertsioak arrazionalizatzen dira eta mundu osoko talentua erakartzen du.
BiMEPi buruz
Biscay Marine Energy Platform enpresa publikoa da, 2011n sortua, olatuen bidez eta gailu eoliko flotatzaileen bidez energia sortzeko gailuen saiakuntza-plataforma garatzeko, eraikitzeko eta jardunean jartzeko. Bi bazkide ditu: Energiaren Euskal Erakundea (% 75) eta IDAE (% 25).
Bi saiakuntza-eremu ditu. Bat lehorrean, Mutrikun, eta herri horretako olatuen energiaz baliatzeko instalazioa dago bertan. Teknologia hori erakusten duen instalazioa da, eta etengabe jardunean ari da 2011n inauguratu zenetik. Ordutik, 3.000 MWh inguru ekoitzi ditu, munduko errekorra teknologia horrentzat.
Armintzan (Lemoiz, Bizkaia), berriz, gailu flotatzaileak itsaso zabalean probatzeko eremua dago. Armintzako portutik hiru miliara dago, itsaspeko lau kableren bidez konektatua lehorrera, eta olatu-bihurgailuak eta plataforma eoliko flotatzaileak probatzeko aukera ematen du.
Aipatutako instalazio horietatik Zunibal, Idom, Ditrel, Arrecife eta Wello enpresak igaro dira dagoeneko. Osatu den azken mugarria izan da lehen aerosorgailu flotatzailearen instalazioa. Energia sortzeaz gain, haren funtzionamendua, errendimendua eta eraginkortasuna aztertzen ari dira. Saitec euskal enpresarena da instalazio hori, eta bi urtez egingo ditu azterketak.
Datozen urteetan gailu berriak instalatzea aurreikusi da, Europako beste eragile batzuekin batera egindako erosketa publiko berritzailearen esparruan. Hala, BiMEPen hiru urtez probatu zuen prototipoaren bertsio aurreratuagoa instalatuko du IDOM euskal ingeniaritzak. Bestalde, Irlandako CETO enpresak prototipo bat probatuko du itsasoan errendimendua optimizatzeko, eta, azkenik, 2025ean beste aerosorgailu flotatzaile bat jartzea espero da, oraindik definitu gabe dagoena.
Informazio gehiago: www.bimep.com