• Ate irekiko jardunaldia


BiMEP itsas energien saiakuntza-zentroak (Biscay Marine Energy Platform) ateak irekiko ditu larunbatean Armintzan, jardunaldi ireki batean. Jardunaldi horren helburua da udalerrian itsas energien teknologia berrietan duen jarduera ezagutaraztea.

BiMEPeko jardunaldi irekia irailaren 23an izango da, 09:00etatik 15:00etara, Armintzako portuan, arrantzaleen kofradiaren ondoan dagoen karpa batean. Interesdunen galderei erantzungo zaie, eta, ikus-entzunezko informatiboen emisioarekin batera, bi hitzaldi emango dira olatuen energiaren, haize-energia flotatzailearen eta materialei eta ingurumenari buruzko azterketen arloan egiten den lana azaltzeko. Ordu erdiko hitzaldi horiek 11:30ean izango dira gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz. 
 
Horrez gain, BiMEPi buruzko informazio-erakusketa bat ere egingo da Armintzako portuan. Urriaren 1era arte egongo da ikusgai, eta BiMEPen lanaren hainbat alderdi xehetasunez erakusten dituzten 8 informazio-panel ditu. Horien artean aipatzekoak dira jada Bizkaiko uretan beren gailuak probatu dituzten enpresak eta teknologiak, hurrengo proiektuak eta BiMEPek udalerriko kultur eta kirol jardueretan aktiboki parte hartzearena, batez ere Armintza Pilota Kirol Elkartearekin zerikusia dutenak. Garrantzi handiko alderdi bat da BiMEPek egiten dituen jarduera guztietan egiten duen ingurumen-segimendua, besteak beste, hegaztien eta zetazeoen segimendua, itsaspeko zarataren monitariozazioa eta hegaztiak kontrolatzeko eraztun-kanpainak. Ikus erakusketako panelak.

BiMEP oraina eta geroa Armintzan
 
Biscay Marine Energy Platform enpresa publikoa da, 2011n sortu zen, olatuen bidez eta gailu eoliko flotatzaileen bidez energia sortzeko gailuen saiakuntza-plataforma bat garatzeko, eraikitzeko eta operatzeko. Bi bazkide ditu: Energiaren Euskal Erakundea (%75) eta IDAE (%25).
 
Bi saiakuntza-eremu ditu. Bat lehorrean, Mutrikun. Herri horretako olatuen energiaz baliatzeko instalazioak dihardu. Teknologia hori erakusten duen instalazioa da, eta etengabe jarduten du 2011n inauguratu zenetik. Ordutik, 3.000 MWh inguru ekoitzi ditu, teknologia horrentzako munduko errekorra. 
 
Armintzan, gailu flotatzaileentzako itsaso zabaleko saiakuntza-eremua dago. Lehorrari itsaspeko kableen bidez konektatuta dago, eta olatu-bihurgailuak eta plataforma eoliko flotatzaileak probatzeko aukera ematen du.
 
Aipatutako instalazio horietatik, dagoeneko Zunibal, Idom, Ditrel, Arrecife eta Wello enpresak igaro dira, eta uda honetan osatu da lehen aerosorgailu flotatzailearen instalazioa. Energia sortzeaz gain, haren funtzionamendua, errendimendua eta eraginkortasuna aztertzen ari dira. Bi urtez azterlanak egingo dituen Saitec euskal enpresakoa da instalazio hori.
 
Hurrengo urteetan gailu berriak instalatzea aurreikusten da, Europako beste eragile batzuekin batera egindako erosketa publiko berritzailearen esparruan. Hala, IDOM euskal ingeniaritzak hiru urtez BiMEPen probatu zuen prototipoaren bertsio aurreratuagoa instalatuko du. Bestalde, Irlandako CETO enpresak prototipo bat probatuko du itsasoan errendimendua optimizatzeko, eta, azkenik, 2025ean beste aerosorgailu flotatzaile bat jartzea espero da, oraindik definitu gabe dagoena.