Bi erakundeek elkarlanean jardungo dute offshore teknologia berriztagarriak ziurtatzeko lanetan

  • Azken helburua da itsas energia berriztagarrien zabalkundea azkartuko duten soluzio aurreratuak ematea
  • Beste urrats bat Euskadi teknologia horien garapen-polo gisa kokatzeko bidean
  • Uhinen energia-kaptadore, aerosorgailu flotatzaile eta itsas energiekin lotutako beste teknologia batzuei buruzko entseguak estandarizatu eta ziurtatzeko lanetan jardungo dute, elkarlanean

Itsas jatorriko energia berriztagarriak aprobetxatzeko prototipoetarako entsegu-azpiegitura sortu zenez geroztik, BiMEP eta TECNALIA erakundeek elkarlan estuan parte hartu dute proiektu hori abian jartzeko lanetan, erakunde bakoitzaren gaitasunen garapenean aurrera egin dute elkarrekin, eta I+Gko zenbait ekimenetarako laguntza eskaini dute. Bi erakundeek etorkizunerako estrategia eta helburuak partekatzen dituzte, Euskadin offshore energia berriztagarrien garapena bultzatzeko, eta, alor horretan, industria- eta jakintza-alorra sendotzeko, Eusko Jaurlaritzak energiaren esparruan abian jarri duen Energibasque espezializazio adimendunaren estrategiarekin (RIS3) bat eginik.

Horregatik, BiMEP eta TECNALIA erakundeek beren harremana estutzea erabaki dute lankidetza-akordio bat sinatuz, beren gaitasunak maximizatzeko aukera emango duten baterako ekintzak bultzatzeko eta sinergiak indartzeko bide emango duena. Azken helburua da itsas energia berriztagarrien zabalkundea azkartuko duten soluzio aurreratuak ematea, eta Euskadi teknologia horien garapen-polo gisa kokatzea.

Uhinen energia-kaptadore, aerosorgailu flotatzaile eta itsas energiekin lotutako beste teknologia batzuei buruzko entseguak estandarizatu eta ziurtatzea da helburu hori lortzeko alderdi nagusietako bat. Horretarako, BiMEP eta TECNALIA erakundeek I+Gko asmo handiko programa bat jarriko dute martxan alor horretan, estatuko eta nazioarteko foroetarako baterako posizionamendu batean babestuta.

BiMEP zer den
BiMEP (Biscay Marine Energy Platform) EEE Energiaren Euskal Erakundearen sozietate publiko bat da, IDAEk partaidetua (EEE % 91, IDAE % 9), eta, fase komertziala lortu arte itsas energien garapen teknologikoa azkartzeko helburuarekin, aire zabalean itsas energiak biltzeko gailuen entsegu eta frogaketarako azpiegitura bat abian jarri duena, itsas energien kaptadore-prototipoen entseguetarako kokaleku izateko helburu nagusiarekin, eta, horrela, haien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eta segurtasuna frogatzeko eskala handiko egoera komertzial batera igaro baino lehen.

TECNALIA zer den
TECNALIA nazioarteko bikaintasuneko ikerketa aplikatuko Zentro Teknologiko pribatua da, itsas jatorriko energia berriztagarriko iturrien garapenaren aldeko konpromisoa hartu duena, etorkizunari begira sektore hori ekonomia jasangarritasunez garatzeko eta enplegua sortzeko lagungarria izan daitekeen neurrian. Ikerketatik, garapen teknologikotik eta berrikuntzatik abiatuta, toki-industrian inpaktu handia duen sektore hori sendotzen lagundu nahi du TECNALIAK, abantaila lehiakor bat garatzeko aukera eskainiz diziplina anitzeko jakintzari eta hainbat eremutako gaitasunen metaketari esker.