Energia berriztagarria sortzeko aukera berriak eskaintzen ditu itsasoak eta lan-ildo berriak eskaintzen ditu euskal teknologia- eta ontzi-industriarako.
500dik gora delegatu, nazioarteko aditu eta puntako teknologia-industria izango dira BECen apirilaren 15etik 19ra bitarte.
Energiaren sektorearen eta itsas sektorearen munduko aditu nagusiak eta Europako enpresa liderrak Europa osoan itsas energiei buruz urtean egiten den ekitaldi garrantzitsuenetako batean parte hartuko dute apirilaren 15etik 19ra bitarte Bilbao Exhibition Centre gunean. Itsas energia eolikoaren eta olatuen energiaren eskutik datorren hamarkadarako garapen-aukera handiak dituzten bi sektoreen arteko sinergiak sortzen dituen aliantza bat sortu dute Sinaval Eurofishing Elite Azokak eta Bilbao Marine Energy Week Biltzarrak.
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), TECNALIA Korporazioak eta Bilbao Exhibition Centre erakundeak sorturiko aliantzak antolatzen du Bilbao Marine Energy Week Biltzarra, euskal energia sektorearen enpresa garrantzitsuenetako baten —hots, IBERDROLAren— babesa du eta energia-sektorearen eta itsas sektorearen laguntza ere bai, Energia Klusterraren eta Euskal Herriko Itsas Foroaren bidez.
Ekitaldian bi jardunaldi garatuko dira, eta nazioarteko adituek monografikoki aztertuko dute itsas energia eolikoa lehenengo jardunaldian, eta bigarrenean, aldiz, itsas energietako azken teknologia-garapen eta proiektuak, olatuen energiari arreta berezia eskainiz.
Energia-sektoreko enpresa nagusietako 40 hizlari aditu izango dira Bilbon gai horiek guztiak garatzeko, baita lehen mailako zenbait pertsonaia ospetsu ere, hala nola Xabier Viteri, Iberdrola Taldeko Negozioa Berriztagarriak ataleko zuzendaria, Kai Koelmel, Siemens Corporate Development Strategy korporazioko presidenteordea, Sebastien Hita, Areva Wind konpainiako presidenteordea, eta Elaine Miller, Europako Batzordeko officerra. Haiekin batera, hainbat teknologia-enpresa lider, hala nola Gamesa, Voth Hydro, Alstom eta Vestas, eta Europako proiektu-garatzaile nagusiak, hala nola Dong Energy, Crown State, Statoil eta Iberdrola, eta guztiek ere lehen eskuko ikuspegia eskainiko digute itsas parke eolikoak jartzeko Europako proiektu aitzindarien gain.
Bi debate-saio ere izango ditu ekitaldiak, eta sektoreko euskal enpresa nagusiek parte hartuko dute horietan, hala nola Ingeteam, La Naval, Ges, Ormazabal, Navacel, Vicinay Cadenas eta Asaken Rope enpresek, itsas energietako proiektuak garatzen diren nazioarteko esparruan euskal industriak dituen ahalmenen erakusgarri. Aste osorako, erakusketa profesionalak 500dik gora delegatu, aditu eta bisitari izango dituela aurreikusten da.
Sinaval Eurofishing Azokak itsas sektorearen eta energia-sektorearen enpresa garrantzitsuen 171 erakustoki ditu, eta bi sektoreetan izaten ari diren teknologia-aurrerapenak erakutsiko dituzte bertan.
Energia-hornikuntzarako potentzial handia eskaintzen du itsasoak itsas eolikaren bidez, baita olatuak atzitzeko dispositiboen bidez ere. Energia elektriko berriztagarriaren sorkuntza berri horrek energia- eta ingurumen-abantailak dakartza, hala nola emisioen murrizketa, eta aukera handiak ere eskaintzen dizkio euskal industriari. Euskadiko teknologia-garapeneko enpresa liderrek aukera berriak dituzte lan-ildo gehigarriak zabaltzeko eta, aldi berean, Euskadin erabat sendoturiko industrietako batekin, ontzi-industriarekin, sinergiak sortzen dira. Europako iparraldeko herrialdeak ari dira jada nazioarteko energia-sektorearen aukera berri horiek aprobetxatzen, itsas parke eolikoak ezartzen eta sektore horri loturiko industria berri bat sortzen ari baitira. Mundu osoan itsasoko energia-proiektu horien ezarpena gidatzeko beharrezko teknologia- eta ontzi-azpiegitura du Euskadik.
Itsas energiari buruzko zifrak
• 2020. urterako 150.000 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dira itsas parke eolikoetarako, eta Europa osoan 10.000 enplegu sortzea.
• Itsas energiako potentzial itzela du Europak, 2020rako instalaturiko 3,6 GW-ko ahalmena lortzeko posibilitateekin.
• Euskadi erreferentzia da itsas energien proiektuetan Mutrikuko sorkuntza-plantarekin eta Lemoiz-Armintzan dagoen bimep (Biscay Marine Energy Platform) deituriko olatuak atzitzeko dispositiboen ikerketa-plataformarekin.
• TECNALIA, Astilleros Murueta, Tamoin, Velatia eta Vicinay Cadenas enpresak offshore plataforma flotatzaile eoliko baterako teknologia garatzen ari dira. Gainera, partzuergoa soluziobide berritzaileak aurkezten ari da ainguratzerako eta konexio elektrikoko sistemetarako.
• Instalaturiko 50 MWko potentziako eta olatuen energiako 60 MWko itsas eolika flotatzaileko proiektu erakusleak garatzea aurreikusten du Euskadik 2020. urterako.
Teknologia Garbien Astea egingo da Euskadin
Teknologia Garbien Astea hartuko du apirilean Euskadik, eta bertan, Bilbao Marine Energy Week biltzarraz gain, Cleantech Forum Europe ekimena ere egingo da, teknologia garbien Europako elkarraldi garrantzitsuena, munduko liderrekin eta hazkunde-merkatuekin loturikoa.
Cleantech Group eta Innobasque erakundeek antolaturiko foro horrek hainbat exekutibo, inbertitzaile, ekintzaile eta nazioarteko korporazio bilduko ditu, errentagarritasunaren eta negozio-aukeraren bila. Cleantech Forum Europe ekimenak, gainera, zubi-lanak egingo ditu aurten Europaren eta Latinoamerikaren artean, eta saio bat eskainiko die inguru honetako cleantech-ei. Bi elkarraldien arteko sinergiak baliatuta, baldintza bereziak izango dituzte Bilbao Marine Energy Week biltzarrean parte hartzen duten pertsonek.