Bilbao Marine Energy Week kongresua Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), TECNALIA Korporazioak eta Bilbao Exhibition Centre-k osatutako aliantzak antolatuta dago. Kongresuak IBERDROLA du babesle, energiaren euskal sektoreko enpresa nagusietako bat.
Bilbao Marine Energy Week-en bigarren edizio honetan, hitzaldiak izango dira hiru egunez, erakusketa bat izango da SINAVAL-Eurofishing itsas sektoreko nazioarteko azokaren barnean, eta nazioarteko gonbidatuekiko enpresa-topaketak eta bisita teknikoak izango dira.
Astea hasteko, itsas energiei buruzko bilera sektorial batzuk eta europar proiektuen zenbait bilera izango dira: tailerrak, topaketa profesionalak eta Energia Berriztagarrien Enpresa Elkartearen Biltzarra.
Bigarren eguna itsasoko haize-energiari buruzkoa izango da, eta offshore turbinetan egindako azken aurrerapenen berri emango dute munduko fabrikatzaile nagusiek. Jarraian, hornidura-kateko eragile nagusiek offshore energia eolikoaren sektorearen osagarri diren zenbait alderdi garrantzitsu aurkeztuko dituzte, hala nola zimenduak, ekipamendu elektrikoa edo instalazio-bitartekoak. Hornidura-kateari buruzko gaiari jarraituz, euskal enpresa batzuek offshore energia eolikoaren negozio-aukerez eztabaidatuko dute.
Hirugarren egunean, “bimep day” aurkeztuko du Bilbao Marine Energy Week-ek. Zientzia-jardunaldi bat da, EEEk Bizkaiko kostan, Armintza parean, garatu duen proiektuari buruzkoa. Hari esker, energia elektrikoa sortzeko itsas zabaleko gailu flotagarriak ikertu ahal izango dira. Jardunaldian, itsas energia berriztagarriei buruzko ikerketa- eta garapen-proiektuetako aurrerapen nagusiak plazaratuko dira, eta arreta berezia ipiniko da gailu flotagarrietan. Hitzaldiak eta poster formatuko aurkezpenak izango dira; hala, aukera izango da askotariko gaiak aurkezteko. Eguna amaitzeko, mahainguru bat izango da itsas energia berriztagarrien garapena azkartzeko ikerketa-premia eta -lehentasunei buruz eztabaidatzeko.
Astearen amaierara hurbiltzearekin batera, itsas energiei helduko die kongresuak. Lehen saio batean, itsaslaster-turbinetako azken aurrerapenak emango dira ezagutzera. Bigarren saioa uhinen energia baliatzeko gailuei buruzkoa izango da. Bi saio tekniko horien ondoren, alderdi teknologikoak, kostuak murrizteko bideak eta baimenak izapidetzeari buruzko alderdiak eztabaidatuko dira.
Asteari amaia emateko, zenbait bisita tekniko egingo dira. Haietan, bi dira nabarmentzekoak: Mutrikuko uhinen energia-zentrala eta bimep azpiegitura.
Itsasoak energiaz hornitzeko ahalmen handia du itsas energia eolikoaren bidez, baina baita uhin-hargailuen bidez ere. Energia elektriko berriztagarriaren sorkuntza berri horrek abantailak ditu, energetikoak zein ingurumenekoak, hala nola emisioak murriztea, eta, horrekin batera, aukera garrantzitsuak ditu euskal industriarako. Garapen teknologikoan lider diren enpresek aukera berriak dituzte lan-lerro gehigarriak zabaltzeko eta, aldi berean, Euskadin erabat sendoa den ontzigintzarekin sinergiak sortzeko. Energiaren nazioarteko sektorearen aukera horiek dagoeneko baliatzen hasiak dira Ipar Europako herrialdeak: itsas parke eolikoak ezartzen ari dira, eta sektore horri lotutako industria berri bat sortzen ari dira. Euskadik badu beharrezko teknologia- eta ontzigintza-azpiegitura itsas energiako proiektu horien ezarpenaren lidergoa hartzeko mundu osoan, eta balio-katea ere bai, bere ahalmen industrial eta teknologikotik eta osagaien fabrikazioan duen ahalmenetik eratorria.
SINAVAL EUROFISHINGen aurkezpena
Bilbao Marine Energy Week kongresua SINAVAL EUROFISHING Elite, Expo, Conferences & Networking Ontzi, Itsas eta Portuetako Industriaren Nazioarteko Azokaren testuinguruan izango da. Azoka apirilaren 21etik 23ra izango da, Bilbao Exhibition Centre-n. Azoka horretan izatea ezinbestekoa da sektoreko profesionalentzat.
40 jardunaldi eta bilera sektorialetik gora, nazioarteko erosleen, ontzigintza- eta energia-sektoreetako erakusleen eta erakunde kolaboratzaileen B2B topaketak, balio erantsi handiko bi ekitaldi sozial eta merkataritza-trukerako erakustoki bat eskaintzen ditu Sinaval/Eurofishing azokak. Foru dinamiko bat da, eta kalitatekoa, sektoreko profesionalek ekitaldi honetan parte hartzea erantsi handiko jarduera izatea lortzen duena.
Nabarmentzekoa da, halaber, iragarri dela Sinaval-Eurofishing Elite azokan Seychelle Uharteetako Natura Baliabideetako ministro Peter Sinonek parte hartuko duela, "Atunaren arrantzari buruzko akordioak" gaiari buruzko arrantza-jardunaldiak direla eta. Berarekin batera, Affairs and Markets DG-MAREko Nazioarteko zuzendari eta ICCATeko lehendakari Steefan Depypere-k eta Europar Batasuneko europarlamentari Izaskun Bilbaok hartuko dute parte. Horiek horrela, SINAVAL-EUROFISHING arrantza-sektoreko estatuko urteko topaketa nagusia izango da.
IBERDROLA itsas energien arloan
Iberdrola aitzindaria da itsas energia baliatzeko zenbait proiektu motaren garapenean. Sektore horretan, offshore energia eolikoa da haren negozioaren oinarria; arlo horretan dituen proiektuek 8.000 megawattetik gorako kapazitatea dute jadanik.
Enpresa era horretako ekimenak sustatzen ari da Europako iparraldean; zehazki, Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian. Iaz abiarazi zuen bere lehen offshore parkea, 389 MW-ekoa: West Of Duddon Sands du izena.
Halaber, Wikingerko itsas parke eolikoa, 350 MW-ekoa, sustatzen ari da Baltikoaren uretan, eta oraintxe eskuratu du, ScottishPower Renewables Erresuma Batuko bere filialaren bidez, East Anglia One itsas parke eolikoaren eraikuntza, 714 MW-eko kapazitate instalatua izango duena.
Horrez gain, etorkizun handia duten beste itsas teknologia batzuetan ere proiektuak garatzen ari da Iberdrola: uhinen energia eta itsaslasterren energia.
www.bilbaomarinenergy.com
Aurkezpen bideoa (youtube)