Hego Europako itsas energia berriztagarrien inguruko batzaldirik garrantzitsuena, Bilbao Marine Energy Week delakoa, noiz egingo den zehaztu dute dagoeneko. Hala, 2013ko apirilaren 15etik 19ra bitartean izango da, Barakaldoko BECen, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Tecnaliak antolatua.  itsas energia aztergai izango da; izan ere, gai horretaz jardunaldiak, mintegiak eta ekitaldi ugari eramango dira aurrera Bilboko Itsas Energiaren Astea (Bilbao Marine Energy Week-BMEW) izeneko ekimenaren barruan, BECen egingo den Sinaval Eurofishing azokaren harira. Bost egun horietan, itsasoa, energia, azken aurrerapen teknologikoak eta egitasmo aurreratuenak hizpide izango dituzte itsas eolikoan eta olatuen energiaren aprobetxamenduan nazioarteko adituek.
 
Izena emateko aukera dago online eran, batzaldiaren antolatzaileen webgune ofizialaren bidez (http://www.sinaval-bmew.eu/), abendutik aurrera. Izen-ematearen barruan sartuko dira ostatua eta beste zerbitzu eta jarduera batzuk.
 
Asteari ekiteko, apirilaren 15 eta 16an, nazioarteko bilera batzuk egingo dira. Itsas energia berriztagarrien alorreko proiektuetan parte hartzen duten energia agentzientzat eta enpresentzat ezin aproposagoa da batzaldi hau. Hala, Bilboko Itsas Energiaren Asteak eskaintzen dituen sinergiaz balia daitezke zenbait zereginetarako, hala nola teknologia horretan liderrak diren enpresetako ordezkariekin harremanak izateko eta mintegi teknikoetan parte hartzeko, munduko aditu nagusien partaidetza izango dutenak, hain zuzen ere. Aldi berean, itsas energiaz egingo den erakusketa profesionala ikusteko aukera izango dute.  
 
Jardunaldi teknikoei dagokienez, bi mintegi monografiko egingo dira; horietako bat itsas eolikoari buruz izango da; eta bigarrena, berriz, itsas energiak izango dute aztergai adituek. Apirilaren 17an egingo den itsas eolikoaz mintegian azken aurrerapenak aztertuko dituzte alor horretako nazioarteko adituek; ur sakonetarako teknologia berrietan arreta berezia jarriz. Mintegiaren osagarri, parte hartuko duten enpresetako ordezkarien arteko solasaldia edo eztabaida izango da hornidura-kateaz, itsasoan proiektu eolikoak aurrera eramateko ezinbestekoa dena. Gainera, egun horretan, Enterprise Europe Network-ek antolatutako Business Brokerage delakoa egingo da.  
 
Apirilaren 18an, itsas energiez bosgarren jardunaldian, olatuen energiaren inguruan izandako azken aurrerakuntzen berri emango dute adituek; izan ere, olatuak kaptatzeko gaiari lotutako garapen teknologiko berrienak azalduko dituzte. Horrekin batera, proiektu berritzaileenak ere mintzagai izango dute, adibidez, Armintzan garatzen ari den bimep ikerketa plataforma.
 
Azkenik, apirilaren 19an, Bilboko Itsas Energiaren Astean parte hartuko dutenek olatuen aprobetxamenduren bidez energia sortzen duen planta ezagutzeko aukera izango dute. Europan ezaugarri horiek dituen lehen planta komertziala dena Mutrikun dago, eta bertara bisita teknikoa egingo da, itsas instalazio edo plantaren funtzionamendua ezagutzeko. Horretaz gain, haien instalazioak erakusteko interesa duten enpresetara bisitak ere egingo dira. 
 
Jarduera horiekin batera eta BMEWen barruan, apirilaren 16tik 18ra bitartean, Barakaldoko BECen itsas energiei buruzko erakusketa bat izango da; bertan, itsas alorrean puntako enpresa teknologikoek parte hartuko dute. 
 

Informazio gehiago eta jardunaldien egitaraua
http://www.sinaval-bmew.eu/