Bilbao Marine Energy Week kongresuak olatuen energian eta itsas eolikoan munduko aditu nagusiak bilduko ditu apirilean
5 egunez 500 ordezkari eta txostengile aditu baino gehiago etorriko direla espero da.
Euskadi, elektrizitatea sortzeko Mutrikuko instalazio eta Armintzako bimep, itsas energia ikertzeko eremua, proiektuei esker, erreferente bat da munduan itsas energiaren alorreko ikerketa teknologikoan eta proiektuetan.
TECNALIA eta IBERDROLA Oceantec-en parte hartzen ari dira, olatuetatik abiatuta energia sortzeko teknologia eta produktuak garatzen dituen enpresa.
www.sinaval-bmew.eu
Energiaren Euskal Erakundeak, TECNALIAk Korporazioak eta BECek osatutako partzuergoak antolatu duen nazioarteko kongresu horren harira, Euskadin itsas energia berriztagarrien alorrean munduko aditu nagusiak bilduko dira; izan ere, nazioarteko kongresurik garrantzitsuenetarikoa izango da. Bilboko itsas energien astean, Bilbao Marine Energy Week BMEW izenekoa, hainbat ekitaldi eta jarduera gauzatuko dira; adibidez, asteak iraungo duen bost egunez, jardunaldi teknikoak, azoka profesional bat eta zenbait bilera egingo dira.
BMEW nazioarteko kongresuan gai ugari jorratuko dira, energia aprobetxatzeko iturri berriztagarria den itsasoa ardatz nagusiari loturik. Kongresua 2013ko apirilaren 15etik 19ra bitartean, BECen, egingo da, SINAVAL Azokaren barruan, urtero itsasontzigintzako profesionalak biltzen dituen azokan. Hain zuzen ere, itsas energien asteak aukera eskaintzen dio itsasontzigintzari garapen bide berri bat jorratu eta zabaltzeko. Hartara, itsasontzigintzak lan ildo osagarriak ekar diezazkioke itsas energia berriztagarrien alorrari, batez ere laguntza eta logistika zerbitzuen inguruan.
Kongresuan bi jardunaldi tekniko egingo dira; horietako batean, nazioarteko adituek offshore wind edo itsas energia eolikoaz arituko dira modu monografikoan. Bigarrenean, berriz, itsas energiaren alorrean izandako azken garapen teknologikoak eta proiektuak jorratuko dituzte, olatuen energian arreta berezia jarriz. Horretaz gain, Mutrikuko olatuen energia aprobetxatzeko instalaziora bisita tekniko bat egingo da. Guztira, kongresuan, 500 ordezkari baino gehiago izango direla espero da, gehienbat enpresetako kideak eta hitzaldiak ematera etorriko diren adituak.
Aipatutako jardunaldi tekniko horietan, nazioartean ospe handia duten ikerketa zentro teknologikoetako ordezkariak izango dira. Horiekin batera, itsas energiari lotutako teknologia fabrikatzen duten enpresetako kideek ere parte hartuko dute. Hala, Areva, Gamesa, Voith Hydro, Statoil, Dong, Alstome eta Andrith Hydro enpresetako ordezkariak izango dira, besteak beste, Bilboko kongresuan. Era berean, energia eta elektrizitate arloko konpainia handienetako ordezkariak ere izango dira, sorkuntza berriztagarria garatzeko estrategietan teknologia horiek erabiltzen ari diren konpainiak, hain zuzen ere.
Esanguratsua da, alde horretatik, IBERDROLA izatea BMEW kongresuaren babesle nagusia, berriztagarriak garatzearen aldeko apustu irmoa egin duen eta zenbait herrialdetan sorkuntza berriztagarriaren ezarpen proiektu garrantzitsuak dituen enpresa; teknologia berriztagarrien inguruan instalatutako ahalmenari eta ekoizpenari dagokionez, punta-puntako konpainia dena.
IBERDROLAk parte hartze nabarmena izango du jardunaldi teknikoetan; izan ere, know how delakoaz gain, ekoizpen berriztagarria eta garbia lortzea helburua duten proiektu eta estrategien ezagutza ere azalduko ditu. Horretarako, haren proiektu nagusien nondik norakoa emango du ezagutzera xehetasunez.
Itsas energia Euskadin
Euskadiko energia iturri berriztagarriak aprobetxatzeari begira, bertako itsas energiak duen potentzialaren garapena lehentasunezkoa da Eusko Jaurlaritzarentzat, 2020ko Energia Estrategian ezartzen diren ildoen arabera. Energiaren Euskal Erakundearentzat ere lehentasunezkoa dena, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia den aldetik eta haren proiektuak garatzen diharduenez.
Euskadi munduko erreferente bat da itsas energien alorreko proiektu aitzindarien garapenari dagokionez, eta ugari dira alor horren garapenaren lidergoan dauden euskal enpresa eta zentro teknologikoak. Izan ere, munduko itsas energiari lotutako proiektu nagusienetako bi Euskadin ditugu: alde batetik, Mutrikuko (Gipuzkoa) olatuen energia ustiatzeko planta; eta bestetik, bimep, (Biscay Marine Energy Platform), itsaso zabalean itsas energia ikertzeko garatzen ari den proiektua.
Mutrikuko planta 2011ko uztailean jarri zen martxan, eta harez geroztik nabarmen erakutsi du itsas energiaren erabilgarritasuna, hornidura-iturri gisa. Erakusteko planta hori lehena da Europa kontinentalean modu komertzialean funtzionatzen eta ekoizten duen energia guztia sare elektrikora bideratzen. Plantan dagoen potentzia instalatua 296 kW-ekoa da, eta ezarpen nahiz eragiketa lehen fasea gainditutakoan, haren ekoizpena urtean 600.000 kWh izan daiteke, 600 pertsonaren etxeko kontsumoaren baliokidea dena. Planta proiektu osoa egiteko inbertsioa 2,3 milioi eurokoa izan zen.
Bestetik, Biscay Marine Energy Platform edo bimep proiektua dugu, Energiaren Euskal Erakundeak itsas teknologien ikerkuntzan garatutako proiekturik handinahienetarikoa dena. Egitasmo hori, funtsean, berrikuntza teknologikoaren eta ikerkuntzan bikaintasunaren aldeko apustu bat da, munduko edozein tokitan garatuko diren teknologiak Euskadira ekartzea ahalbidetuko duena; bertan, itsas egoera errealean haien benetako baliagarritasuna probatu eta egiaztatzeko.
Bimep itsaso zabalean dagoen azpiegitura bat da, Armintzako kaiaren aurrean kokatua. Azpiegitura horretan, enpresa teknologikoek eta ikerketa zentroek aukera izango dute euren gailuak eta tresnak probatzeko; izan ere, eskura izango dituzte zerbitzu eta ekipamendu elektriko guztiak euren gailuak konektatzeko eta ikerketa lanak egiteko. Hala, gailuen erabilera, funtzionamendu, ekoizpen, kostu eta mantentzeari lotutako aspektu guztiak probatzeko aukera paregabea izango dute. Itsaso zabalean dagoen azpiegitura horren eremua, 5,3 km-koa, balizatuta eta nabigaziotik libre dago. Gainera, 20 MW-eko potentzia instalatua duten urpeko 4 kable ditu, gailuek probetan ekoitziko duten elektrizitatea lehorrera eramango dutenak.
Proiektu hori garatzeko, diseinuan parte hartu duen TECNALIA Korporazio Teknologikoarekin lankidetzan aritu da EEE. Guztira, bimep egitasmo osoa garatzeko 20 milioi euro inbertituko dira, eta aurreikuspenaren arabera, 2013-2014an abian jarriko da.
Oceantec-i buruz
2008. urtean TECNALIAk eta IBERDROLAk eratua, olatuen bidez energia sortzeko teknologia eta produktuak garatzen dituen enpresa bat da Oceantec. Giroskopio batean oinarritzen den lehen kontzeptua garatu eta gero, gaur egun, dauden aukera teknologiko ugariak zorroztasunez aztertuta, ur zutabe kulunkaria offshore (itsaso zabalean) sistema identifikatu eta egokiena delakoan dago; uste baitu sistema hori dela etorkizunean lehiakor izateko berme handienak dituena undimotriz alorrean.
Gaur egun, aipatutako sisteman oinarrituta, prototipo bat probatzen ari da, 1:25 eskalan; 2015. urtera begira, itsasoan probatzeko eskala osoko prototipo bat edukitzea espero da. Oceantec enpresa UHINDAR izeneko proiektu teknologikoan ari da parte hartzen; IBERDROLAren zuzendaritzapean, beste 8 euskal enpresarekin batera, undimotriz-kaptagailuen parkeak garatzea du helburu proiektu horrek. Haren finantzaketa errazte aldera, 2012ko Etorgai Programaren bitartez, erakundeen laguntza ekonomikoa jaso du. Berriki, Cinco Días egunkariak teknologia berrien 2012ko proiektu berritzaile onenaren saria eman dio.
Informazio gehiago
Imanol Zenborain
T.638.458.042
izenborain@eve.es