• BECen, urriaren 6tik 8ra, nazioartean puntako enpresetako 600 ordezkari eta aditu baino gehiago izango dira
• Olatuen Astearen ospakizunen barruan, Sopelan “Expression Session” surf ekitaldia egingo da, teknologoen eta surflarien arteko topagunea, itsaso eta energiaren inguruko gogoeta eta ideiak trukatzeko eta partekatzeko
• Itsasoak ahalmen handia du elektrizitatez hornitzeko, emisioak gutxitzeko eta industria sektore berri eta indartsua eratzeko
• Euskadin ekimen aitzindariak garatu dira eta goi mailako enpresa daude itsas energiaren ustiapenaren alorrean
Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza
Bilbo, 2010eko irailaren 30ean.-
Ozeanoen energia ustiapenaz munduko bilkura garrantzitsuena izango den International Conference on Ocean Energy, ICOE 2010 Kongresua dela eta, nazioartean itsas energiaren garapenean puntako enpresa eta aditu nagusiak bilduko dira Bilbon, urriaren 6tik 8ra. Elektrizitatez hornitu, CO2 emisioak gutxitu eta industria sektore berri eta indartsua eratzeari begira, itsas energiak ahalmen edo potentzial handia du epe ertain eta luzean. Olatuen inguruko bilkura zientifikoaren harira, Energiaren Euskal Erakundeak “Expression Session” surf proba babestu eta eratu du Sopelan, teknologoen, surflarien eta kirol hori miresten duten kirolarien arteko topagune, olatuek eta itsasoak sor dezaketen energiari eta harekin egin dezakegun erabilerari buruzko gogoetak eta kezkak trukatzeko eta partekatzeko.
Itsas energia ustiatzeko puntako enpresak eta ekimen aitzindariak dituen Euskadin egingo da Itsas Energiaz Nazioarteko Konferentzia (ingelesez ICOE siglen bidez adierazita), hirugarren edizioa izango dena, hain zuzen ere. Antolatzaileak Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta TECNALIA korporazio teknologikoa dira, eta babesle nagusia Iberdrola dugu. Konferentziak Euskadiko zenbait enpresa eta konpainiaren sostengua edo laguntza du, adibidez, Ormazabal, Vicinay, Sener eta Ingeteam enpresena. Era beean, Euskadiko Energia Klusterraren eta Itsas Energia Sustatzeko Europako Elkartearen (Eu-OEA) laguntza eta lankidetza izango ditu.
Konferentzia Bilbao Exhibition Centren izango da, eta bertan mundu osoko 600 ordezkari eta aditu baino gehiago bilduko dira. Hala, Europakoaz gain, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Korea, Txina eta Zeelanda Berriko adituak izango dira, besteak beste.
Izan ere, goi mailako aditu ospetsuek parte hartuko dute Itsas Energiaz Nazioarteko Konferentzian; esate baterako, Nazioarteko Energia Agentziaren Energia Ozeaniko Ataleko presidente John Huckerby eta Energia Ozeaniko Europako Elkartearen presidente Alla Weinstein izango ditugu gure artean. Horiekin batera, puntako enpresetako ordezkariak ere izango dira Konferentzian. Hala, Frantziako Alstom multinazionalekoak, Europan itsasontzigintzan liderra den DCNS konpainiakoak, elektrizitate alorreko utilitiesen diharduten EDF eta Iberdrolako ordezkariak eta energia berriztagarrien ekoizpenean lehen enpresa europarra den Norvegiako Statkraftekoak izango dira itsas energiaren bilkuran.
Konferentziak bost osoko bilkura eta 18 saio paralelo izango ditu. Saio eta bilkura horietan 90 txosten aurkeztuko dira, itsas energiaren alorrean munduko adituen eskutik. Aldi berean, BEC azokan, bertaratuko diren enpresen zenbait erakustoki izango dira, ozeanoak energetikoki ustiatzeko azken teknologiak erakusteko asmoz. Hartara, enpresen eta I+G arloan aritzen diren zentroen arteko harreman sareak eratzeko aukerak izango dira, itsas energiari lotutako industria sektore berri eta indartsua abiarazteko.
ICOE 2010 Konferentzia egiteko Bilbo aukeratu izanak agerian uzten du Euskadin itsas energiaren alorrean garatzen ari diren ekimenen garrantzia. Izan ere, erakunde publikoek, EEEren bidez, bi egitasmo jarri ditu abian Mutrikun (Gipuzkoa) eta Armintzan (Lemoiz, Bizkaia).
Mutrikuko egitasmoa edo instalazioa, eraikuntzako azken fasean dagoena, olatuen energia ustiatzeko planta bat eraikitzean eta abian jartzean datza. Energia elektrikoa sortuko duen planta honek OWC deritzon teknologia erabiliko du, ur-zutabe kulunkarian oinarritzen dena. Planta Mutrikuko portua babesteko eraiki den dike berrian kokatuta dago, eta 600 pertsonaren energia premiak ase edo betetzeko adina energia sortuko du urtean.
Bestetik, bimep izeneko ikerketa zentroak munduko erreferentea izan nahi du, kostatik urrun dauden itsas gailuak probatu eta ikertzeko gune gisa. Horretarako, Armintzako kaiaren inguruan, itsaspeko kable bat instalatzea aurreikusita dago, alor horretako enpresen itsas gailuek eta prototipoek itsaso zabalean sortuko duten energia lehorreratzea ahalbidetuko duena. Egitasmo horri loturik dago ikerketa zentro bat eratzea, Lemoiz udalerriko Armintza auzoa itsas energiaren inguruko ikerkuntzan munduko erreferente bihurtzeko xedez.
Jarduera paraleloak eta surf erakustaldia
ICOE 2010 Konferentzian azalduko diren txosten eta erakutsiko diren egitasmoez gain, hainbat jarduera paralelo ere egingo dira, esaterako, tailerrak eta ekitaldi sozialak. Jarduera horien artean, Waveplam egitasmoari buruzko jardunaldia nabarmendu behar da. EEEk koordinatzen duen proiektu europar horren helburua da tresnak garatzea, metodologiak eta estandarrak ezartzea eta, itsas energia energia berriztagarrien merkatuan ahalik eta lasterren sartzeari begira, baldintza egokiak eratzea.
Aipatutako jardunaldiaren barruan, parte hartzaileek aukera izango dute Sopelako hondartza bisitatzeko, eta bertan surf erakustaldia ikusteaz gain, surflariekin eta kirol horren miresleekin ideiak eta gogoetak trukatu eta partekatzeko parada izango dute olatu eta mareen bidezko energia-iturri berriztagarrien garapenaren inguruan.
Olatuen gaineko kirolari lotutako ekitaldi paraleloen harira, Energiaren Euskal Erakundeak “Punta Galea EVE Challenge 2010-2011” deritzon proba edo lehiaketa babestuko du. Aurten bosgarren edizioa izango den lehiaketa hori leku ikusgarrian egingo da, Sopela inguruko Galea aldeko 60 metroko labarren ondoan. Sarbide zaila eduki arren, oso toki aproposa da surfean aritzeko alde hori; izan ere, olatu handiak eta ibilbide luzekoak daude bertan. Gainera, surflarien jarduna ikustera bertaratuko diren pertsonek ezin hobeto ikusi ahal izango dute toki horretatik. Lehiaketan 16 surflarik parte hartuko dute eta 8.000 euro banatuko dira saritan. Eguna zehazteke bada ere, surflarien lana lau orduko saio edo jardunaldia izango dela erabaki da, 2010eko urriaren 1etik 2011ko martxoaren bitartekoa izango dena. Nolanahi ere, lehiaketaren antolatzaileek eta zuzendariak zehaztuko dute eguna, itsasoaren egoerak eta olatuen tamainak hala aholkatzen dutenean.
ITSAS ENERGIA ZIFRETAN
• Itsas energia hornidura-iturri fidagarria, agortezina eta %100ean predeziblea da, CO2 emisioak gutxitzeko eta gero eta handiagoak diren energia premiei aurre egiteko zeregin garrantzitsua duena, Europan eta mundu osoan ahalmen edo potentzial handikoa.
• Itsas energiaren baliabideen barruan honako hauek daude: olatuak, mareak, itsaslasterrak, tenperatura-gradienteak eta gatz-gradienteak.
• 2050ean, itsas energiaren bidezko elektrizitatearen ekoizpena 645 TWh izan liteke, 100 zentral nuklearren ekoizpenaren baliokidea.
• Europak itsas energiaren alorrean potentzial handia du, eta 2020. urtean 3,6 GW-eko ahalmen instalatua izan liteke, eta 188 GW inguru 2050ean, 26.000 lanpostu zuzen eta 14.000 zeharka sortuko dituztenak 2020an; 314.000 eta 157.000 izan litekeenak 2050ean.
• Berotegi efektuko gas emisioen aurrezpena 2,6 milioi tona CO2 ingurukoa izango da 2020an, eta 136 milioi tona 2050ean.
• 2020 urterako aurreikusten den inbertsioa 8.500 milioi eurokoa da, eta 2050erako 451.000 milioi.
• Itsas energiak berrikuntza eta garapen ekonomikoa dakartza. Teknologia aldetik izaten ari den garapen eta bilakaera azkarrak ikustarazten du laster industria sektore garrantzitsua izango dela Europan.
• Ekimen pribatuaren eta publikoaren arteko ahalegin bateratua funtsezkoa da itsas energiaren inguruko industria europarra sustatzeko.