Iragan maiatzaren 21ean, Bilboko Udaleko alkate Iñaki Azkunak atxikimendu-dokumentua sinatu zuen, eta, beraz, Alkateen Itunarekin bat egin du Bizkaiko hiriburuak. Sinadura ekitaldia Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunaren aurkezpenaren harira burutu zen, datorren larunbatean, ekainak 5, izango dena, hain zuzen ere. Itunak esparru guztietan energia aurreztu beharra zabaldu edo dibulgatu nahi du, gure ingurunea zaintzeko.

Bilboko Udalaren parte hartzearekin, Bizkaiko hiriburuak bat egin du ekimen europarrarekin eta beste euskal udal batzuek jorratutako bidetik joko du. Hala, tokiko administrazioen ahaleginak bateratzea eta lankidetza sustatzea helburu duen Itunera atxiki da, eta pausoak emango ditu energia-kontsumoa murrizteko, eta ondorioz, emisio kutsagarriak gutxitu ahal izango ditu.

Hiri eta herrietan da, hain zuzen ere, jarduera handiena sortzen den lekua, eta horrexegatik eragiten dira hor berotegi efektuko gas emisioen erdiak. Europar Batzordearen lehentasun nagusien artean, energia-eraginkortasuna hobetzea eta energia-kontsumoa gutxitzea daude. Hori horrela, Itunarekin bat egingo duten udalen lanak eragin zuzena izango du energia egoeraren hobekuntzan, eta, beraz, emisio kutsagarrien murrizketan.

Hala, tokian tokiko energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko neurriek 20-20-20 deritzon ekimena (2020 urterako energia-kontsumoak %20 gutxitzea eta energia berriztagarrien erabilera %20 izatea) garatzen lagunduko dute, eta, ahal dela, gaindituko dute helburu hori, xede handinahiagoak baititu Alkateen Itunak.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Euskadin, Europar Batzordearen laguntza egitura den aldetik, Itunarekin bat egindako udalekin lankidetzan dihardu ekintza plan zehatzak ezartzeari begira. Horrekin batera, aholku ematen die udalei energia-kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko neurrien inguruan. Azken batean, ahalik eta udal gehienen laguntza eta konpromisoa bilatzen ari da EEE. Era horretan, dagoeneko ekimenarekin bat egindako Europako 1.700 herri eta hirirekin batera arituko dira euskal udalak.

Informazio gehiago