- Asmoa da BilboEner erreferentziazko erakunde bihurtzea uriko energia-esparruan.
- Eta, horrenbestez, bi erakundeei lagunduko die energia- eta hirigintza-politika eta -plan integraletan, bai energia-efizientziako eta energia berriztagarrietako proiektuak sustatzeari dagokionez, bai instalazioak optimizatu eta hobetzeari dagokionez.
- Era berean, Udalak Energiaren arloko Jarduketa Planaren funtsezko ildoak aurkeztu ditu, Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen araberakoak. Plan horretan, hain zuzen, BilboEner elementu estrategiko bat izango da, eta trakzio- eta koordinazio-eginkizun zeharkakoa izango du gaian inplikatutako udal-sail guztietan.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo AnsolakBilboEner marka aurkeztu dute gaur goizean Arabiar Aretoan. Marka horren helburua da Bilboko energia-trantsizioko estrategiaren eta Euskadiko 2030erako energia-estrategiaren esparruan energia-efizientziako eta ekoizpen berriztagarriko proiektuak sustatu eta garatzea, estrategiotan zehaztutako helburuak lortzen laguntzeko.
Hornidura-bermeko, kostu-lehiakortasuneko, jasangarritasuneko eta garapen teknologikoko irizpideei jarraikiz, "asmoa da BILBOENER uriko energia-esparruan erreferentziazko erakunde bihurtzea, energia-efizientziari eta energia berriztagarrien garapenari egiten dion ekarpenagatik", Aburto alkateak gaur goizean azaldu duen bezala. “Urratsak egiten ari gara –gehitu du– energia-trantsiziorantz, kontsumoa murrizteari eta baliabide propioak sortzeari dagokionez, eta pauso horiek, hain zuzen, indarreko legeriaren arabera Udalean sortzen ari garen Energiaren arloko Jarduketa Planaren helburuetako batzuk dira”.
Bestalde, Iñigo Ansolak, EEEko zuzendari nagusiak, “EEEren eta Bilboko Udalaren arteko etengabeko lankidetza” nabarmendu du, “hirirako energia hobetzeko proiektu ugari garatzeko aukera eman digulako, kasu honetan, BilboEner, energiaren arloan erreferentziazko erakunde berria, eredu energetikoaren aldaketan urrats berri bat dena, eta bi erakundeoi energia aurrezteko eta Hiribilduan energia-iturri garbiak erabiltzeko laguntza emango diguna”.
BilboEner erakundearen ardura izango da, batetik, proiektu bereziak bultzatzea efizientzia energetiko eta jasangarriaren aldeko urratsak egiten hobekien laguntzen duten interes-taldeekin, gizarteari irizpideak emanez energiarekin lotutako balioetan, eta, bestetik, energiaren arloko jarduketa-planen helburuak betetzen laguntzea, lankidetza publiko-pribatuaren bidez.
Horrela, Bilboko Udalari eta EEEri lagunduko die uriko energia eta hirigintzako politika eta plan integraletan, eta lehendik dauden instalazioak optimizatu eta hobetzen lagunduko du; adibidez, Artigasko zabortegiko biogas-planta eta Ordunteko urtegiko zentral hidroelektrikoa, biak ala biak Udalaren eta EEEren jabetza partekatukoak.
BilboEnerrek badu pertsona bat kudeaketan eta beste bat instalazioen mantentze-lanetan –langile gehiago kontratuko dira funtzioen arabera–, eta erakundearen ardura izango da Bilbon energia-efizientziaren jarraipena egitea eta koordinatzea zeharka. Horrez gainera, erakundeak Energia Jasangarritasunerako Batzordean parte hartuko du. Batzorde horrek jada egin du agintaldiko lehen bilera, eta gaian eskumena duten udaleko sail guztiek hartzen dute parte bertan.
Horrela, BilboEnerrek udaleko maila guztietan egingo du lan, barnera begira, kontzientzia energetikoa integratuz eta arlo guztietako langileen prestakuntzan lagunduz, zein kanpora begira. Eta, horretarako, soluzio energetiko berriak aztertu ditu –eta, hala badagokio ezarriko ditu–, Europako beste hiri nabarmen batzuetako energia-efizientziako ereduak eta planak aztertuko ditu, aliantza iraunkorrak ezarriko ditu, beti Bilboko Udalaren eta EEEren interesekin lerrokatuta.
ENERGIAREN ARLOKO JARDUKETA-PLANA
Juan Mari Aburto alkateak BilboEner markaren aurkezpena baliatu du Bilboko Udala amaitzen ari den Energiaren arloko Jarduketa Planaren funtsezko ildoetako batzuk azaltzeko.
Plana EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legean oinarrituta sortu da, BilboEner izango du elementu estrategiko gisa, zeina trakzio- eta koordinazio-eginkizun zeharkakoa izango baitu gaian inplikatutako udal-sail guztietan. Halaber, Bilboener Jasangarritasun Energetikorako Batzordeko kide izango da – idazkari teknikoa–; batzorde horretako kide ere badira Ekonomia eta Ogasun Saila (udal-eraikinen eta -instalazioen arduraduna), Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Saila (argiteria publikoaren kudeatzailea) eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila (ibilgailuen arduraduna). Lehendakaria alkatea bera izango da, eta lehendakariordea, berriz, Asier Abaunza, Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzia. Hain zuzen ere, udal-eraikin eta -instalazioak, argiteria publikoa eta ibilgailuak dira, ekoizpen berriztagarriaz gainera, Jasangarritasun Energetikorako Batzordeak definitutako energiaren arloko jarduketako lau unitateak.
Aipatu legeak oso helburu argiak ezartzen ditu tokiko administrazioen energia-eraginkortasunari dagokionez:
- Energia-kontsumoa % 35 gutxienez murriztea 2030erako.
Ildo horretatik, Bilbon 157.420.397 kWh kontsumitzen dira; horietatik 63.838.976 kWh udal-eraikinetako kontsumoari dagozkio, 63.303.551 kWh ibilgailuei eta 30.276.869 kWh argiteria publikoari.
- Gure kontsumo elektriko eta termikoaren % 32 sorkuntza berriztagarrikoa izan dadin.
Egun, ekoizpen berriztagarria 5.510.442 kWh-koa da Bilboko Udalean. Baliabide horiek Artigasko zabortegiko biogas-plantatik (% 68,93), Ordunteko zentral hidroelektrikotik (% 14,31) eta Sollanokotik (% 14,02) eta udal-eraikinetako eguzki-planta fotovoltaikoetatik (% 2,72) datoz.
Hori kontuan hartuta, eta energia-efizientziaren helburu horiek betetzen laguntzeko, eta Jarduketa Energetikoko azken Unitateari dagokionez: ekoizpen berriztagarria,
Bilboko Energiaren arloko Jarduketa Planak hiru ildo estrategiko ditu. Hauek zehazki:
- Elektrizitatea sortzeko instalazioak: Udalaren ekarpen berriztagarri nagusia da, sorkuntza hidroelektriko bidezkoa (Ordunte eta Sollano) eta biogas bidezkoa (Artigasko hondakinen tratamenduaren ondorioz), eta uste da mota horretako instalazioetan edo beste berriztagarri batzuetan inbertitu daitekeela etorkizunean.
- Sorkuntza termikoa udal-eraikinetan: barne hartzen ditu eguzki-energia termikoa, biomasa, aerotermia, geotermia eta abar, eta gertu dauden eraikinen arteko bero-sare txikiak plantea daitezke.
Egun, adibidez, udal-eraikin batzuek, batez ere kiroldegiek, eguzki-kolektore termikoak dituzte.
- Sorkuntza elektriko fotovoltaikoa udal-eraikinen estalkietan, bai autokonsumo indibidualerako, bai partekaturako, auzoko nodo energetiko gisa jarduteko, adibidez, sorkuntza- eta kontsumo-puntu batzuen arteko energia-komunitateen bidez.
Gainera, eta kontsumoaren murrizketari eta ekoizpen berriztagarri berriari heldu ahal izateko –gai biak legean aurreikusiak–, Energiaren arloko Jarduketa Planak
180.000.000 euro inguruko aurrekontua ezartzen du 2030era arte.
Jarduketa-planetik harago, eta haren babesean, energiaren arloko jarduketa-plan espezifikoak garatuko dira, indarreko lege-esparrutik eratorritako hainbat alderdi betetzeko.
Energiaren arloko Jarduketa Planaren eta etorkizuneko plan espezifikoen ebaluazioa eta jarraipena egiteko, honako hauek hartuko dira kontuan:
- Inbentarioa eguneratuko da, kontsumoen kontrolean oinarrituta, eta informazio hori egituratuta emango zaio Eusko Jaurlaritzari eta EEEri urtero.
- Energiaren arloko jarduketako lau unitateetako bakoitzerako plan espezifikoak garatu ondoren, inbentarioa eta auditoretzak aztertuko dira, eta lehentasunezko jarduketa-ildoak zein diren eta planteatutako helburuak lortu diren analizatuko da.
- Jasangarritasun Energetikorako Batzordeak, plan espezifikoen berrikuspen horretan oinarrituta, aldaketak edo zuzenketak aztertu eta proposatuko ditu, helburuak lortzeko ekintzen hedapena bizkortzeko, beharrezkoa izanez gero.