Tankearen kupula altxatu da, lanen erdiko puntura heldu dela adierazten duen operazioan

Bahía de Bizkaia Gas (BBG) sozietatearen gas natural likidotua biltegiratzeko hirugarren tankearen lanek bere mugarri nagusietako bat ezarri dute; izan ere, kupula altxatu dute, tankearen kanpoko egitura eraikitzeko lanei amaiera emanez. BBGen gasa biltegiratzeko instalazioen handitze proiektua 2011ko irailean hasi zen, hiru urteko epean gauzatzeko, eta hari lotutako inbertsioak 97,5 milioi euro baino gehiago dira.BBGko hirugaren tankearen eraikitze lanak
 
Kupularen altxatzeak eta kanpoko tankearen itxierak adierazten dute BBGen hirugarren tankearen lanen erdiak eginak daudela jada. Lan horiek energia-instalazio estrategiko horren sendotze erabatekoa dakarte, arku atlantikoan gasez hornitzeko gune nagusi den aldetik.
 
Lan horiek egiteko, BBGen eta  Cobra, Sener eta Balzola enpresek osatutako UTEren artean kontratu bat sinatu zuten, giltza eskuan erakoa,  2011ko uztailean, eta urte hartako irailean eman zitzaien hasiera lanei, gauzatzeko aurreikusten zen epea 36 hilabetekoa izanik. Horiek horrela,  2014ko udazkenean hirugarren tanke hori funtzionatzen egongo da. Lan horiek guztiak aurrera eramateko milioi bat eskulan-ordu beharko dira eta jardun handieneko fasean 450 pertsona ariko dira lanean. Aipatutako Kontratuak 97,5 milioi euroko balioa du. Horri erantsi behar zaizkio beste kostu gehigarri batzuk, esate baterako, proiektuaren kudeaketa eta gainbegiratzeari lotutakoak, zergak eta tasak. Orotara, inbertsioa 110 milioi euro ingurukoa izango da.
 
Tanke berriak, hirugarrenak, lehendik funtzionatzen ari diren beste bien antzeko ezaugarriak ditu, erabateko eustea motakoa eta  150.000 m3 GNL (Gas Natural Likidotua) biltegiratzeko ahalmena du. Gas natural hori likido egoeran heltzen da metano-ontzietan, -163o C-ko tenperaturan. Tankeari esker, gasa biltegiratzeko egungo ahalmena nabarmen handituko da; izan ere, lehengo  300.000 m3 izatetik 450.000 m3 izatera pasako da.
 
Hirugarren tankea eraikitzeak sendotu egingo du BBGen egoera edo kokapena gas sistemaren barruan,  Espainiako gas sisteman gehien erabiltzen den planta dena gaur egun. Plantaren handitzeak proiektu estrategiko horri  beste bultzada bat emango dio; izan ere, plantan eraginkortasuna bermatzen du, edukiera handiagoa duten metano-ontziak bertan deskargatzeko aukera izango baitute, 265.000 m3 GNL garraiatzeko gai direnak. Horretaz gain, eskari handieneko uneei aurre egiteko egoera hobean egongo da, gasa biltegiratzeko ahalmenaren handitzeari esker. Aldi berean, BBGetik bertatik, Euskadiko sarea Frantziako hegoaldearekin lotzen duen Euskador izeneko gasbidearen bitartez, Europako gasbideak hornitzeko aukera potentziala zabaltzen eta sendotzen da.
 
Hirugarren tankearen eraikuntzaren osagarri, plantaren birgasifikazio-ahalmena handitzea aurreikusten da, hau da, gasa ekoizteko ahalmena areagotzea GNLen tenperatura igoaraziz (likido egoeran -163 o C); geroago, gasa banatzen duen sare orokorrera bideratuko dena. Gaur egun, birgasifikatzeko ahalmena  800.000 Nm3/h-koa da, eta 1.200.000 Nm3/h-koa izatea espero da.
 
BBGen partaidetza duten hiru bazkideak enpresa eta erakunde erreferentzialak dira energia alorrean. Akzioetan parte hartze ezberdina bada ere, bazkideak hauexek dira: Enagas, akzioen %40, Espainiako gas sistemaren kudeatzaile teknikoa; Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia dena, akzioen %30; eta hirugarrena, RREFF Infrastructure, Deutsche Bank-en azpiegitura-funtsa dena, akzioen %30.  

Ente Vasco de la Energía QR