• ICOE 2012 kongresua urriaren 17tik 19ra, Irlandako hiriburuan, burutu da, eta bertan nazioarteko 750 ordezkari baino gehiago izateaz gain, 60 enpresaren erakustaldia ere egin da. • 2013ko apirilean, Bilbon itsas energien astea egingo da –Bilbao Marine Energy Week, eta Europako eta Ameriketako enpresa nagusiak ekarri nahi dira antolatuko diren erakusketa eta kongresura.

Itsas energiez nazioarteko kongresua eta erakusketaren (ICOE 2012) laugarren edizioa urriaren 17tik 19ra burutu da, itsas energiarekin zerikusia duten euskal enpresen partaidetza nabarmenarekin burutu ere. Irlandako edizio horrek Bilbon egin zenari jarraipena eman dio; izan ere, 2010ean arrakasta handiz egin zen Bilbon, Europa osoko enpresetako eta bestelako erakundeetako 700 lagunen presentzia izan zuena.
 
Oraingo honetan, lau euskal enpresa baturik eta elkar hartuta joan dira Irlandako hitzordura, itsas energiaren alorrean euskal industriak duen ahalmena erakustera. Hala, Tecnalia, Oceantec, Euskadiko Energia Klusterra eta Eusko Jaurlaritza elkarturik, azken hau Energiaren Euskal Erakundearen bidez ordezkatua, erakustoki berean aritu dira eta bertan erakutsi dituzte Euskadin itsas energien ikerketa, garapen eta ezarpenean gauzatu diren azken aurrerapen eta proiektuak.     
 
ICOE 2012 inguruan izan diren konferentzietan, itsas energiari lotutako teknologia garatzen duten puntako enpresen ordezkari eta nazioarteko aditu ugarik hartu dute parte, 750 lagunek baino gehiagok, eta bertan energia iturri berriztagarri hori garatzeko egiten ari diren azken aurrerapen teknologikoak eta proiektuak ezagutzeko aukera izan dute. Guztira, kongresuan 5 gai eremutan banatutako 100 aurkezpen inguru eskaini zituzten adituek, energia iturri berriztagarri horren garapenean eragina duten gai nagusiak jorratuz. Gai horien artean, nabarmenak hauexek izan ziren: itsas energiaren sorkuntzarako teknologiak, ingurumen eta araudiekin lotutako alderdiak, itsas energien inguruko gai ekonomikoak eta politikarekin zerikusia dutenak, ainguratzeko sistemak eta urpeko kableak eta instalazioak itsas zabalean abian jarri, eragiketan eduki eta mantentze lanak egiteko era egokiak. Era berean, kongresuak iraun zuen hiru egunean, 90 poster ere aurkeztu ziren adituen eskutik.  
 
Adituen hitzaldiekin batera, itsas industrian zein amarratzeko eta mantentzeko zerbitzu osagarrietan aritzen diren enpresen erakustaldi bat antolatu zen, eta bertan, 60 erakusketarik baino gehiagok hartu zuten parte. ICOE kongresuaren edizio honetan, bigarren aldiz eratu da horrelako erakustaldi profesionala, ICOEren aurreko edizioko lehenengo erakustaldiak izan zuen arrakastaren ondoren, Barakaldoko BECen burutu zena, hain zuzen ere.
 
Kongresuaren antolatzaileek bestelako jarduerak eta ekitaldiak aurreikusi eta eratu zituzten. Hala, kongresua egin zen aurreko eta ondorengo egunetan gizarte ekitaldi eta bisita gidatu asko antolatu ziren; nabarmentzekoak dira, besteak beste, OpenHydro-ren instalazioetara, Seagenen itsas lasterren turbinara eta Siemens MCT-en instalazioetara egindako bisita teknologiko gidatuak.
 
Aurrekoaz gain, ICOE 2012 oso baliagarria izan da Bilbao Marine Energy Week zabaldu eta ezagutarazteko, Sinaval-Eurofishing azokaren barruan, 2013ko apirilean, egingo den kongresua. Kongresu horretan itsas energia berriztagarrien inguruan diharduten munduko aditu onenek parte hartuko dute. Aldi berean, alor horretan aritzen diren puntako enpresa teknologikoek erakustaldi bat egingo dute, 2013ko urriaren 17tik 19ra bitartean. Alde horretatik, Sinaval-Eurofishing Elite-ren arduradunek Ameriketako Estatu Batuetako  Enbaxadaren Merkataritza Zerbitzuarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, azoka eta “Bilbao Marine Energy Week” sustatzeko Ameriketako merkatuan, Madrilen duten bulegoaren eta Itsas Teknologia  taldearen bidez. Hartara, Ameriketako eta Europako enpresa teknologiko ugarietako ordezkari asko izatea espero da Bilboko kongresuan, orain arte egin den kongresurik nazioartekoena izateko xedez.