Energiaren Euskal Erakundeak babestutako jardunaldian adituek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hartu dute parte.
Gipuzkoako Merkataritza Ganberan, “Energiaren egoera testuinguru globalean eta tokiko baliabideen potentziala" izenburupean burututako jardunaldian gaurkotasun handia duten gai horiek ikuspegi global batetik jorratu ziren, baita Euskadiko ehun ekonomikoan eta sozialean duten eragina ere izan zuten mintzagai.
Gaur egun, energiaren sorkuntzak eta hornikuntzak berebiziko garrantzia dute gizarte moderno baten garapen egokiari begira. Gainera, enpresaren alorrean lehen mailako izaera estrategikoa dute; izan ere, haien lehiakortasuna eta are bideragarritasuna ere baldintzatzen dituzte.
Jardunaldian, egungo energia ereduan izaten ari diren aldaketetan sakondu zen; batez ere, gero eta ugariagoak diren baliabide berriztagarriek eragindakoaz aritu ziren. Horrekin batera, erregai fosilen edota bestelako energia iturrien erabilerari buruz mintzatu ziren.
Aurrekoaz gain, kanpoko hornidura iturriekiko mendetasuna gutxitzeari begira, zer-nolako aukerak har daitezkeen benetan bideragarritzat izan zen jorratutako beste gai bat. Hain zuzen ere, Euskadiri bete-betean eragiten dion gaia dena, energiarekiko mendetasuna %90 baino handiagoa baita. Era berean, energia baliabideen gaineko subiranotasuna handiagoa izateko bideez ere luze eta zabal aritu ziren.
Energiaren egungo egoeraren nondik norakoa azaltzeko xedez, jardunaldian zenbait aditu izan ziren. Aditu horiek energiaren egoerari ikuspegi global batetik heldu zioten. Hala, Gonzalo Escribano, Elcano Errege Institutuko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Programaren zuzendaria, energia faktore geoestrategiko gisaz aritu zen, eta energia nazioartean boterearen orekan funtsezko erreferentzia bihurtzen duten faktoreetan sakondu zuen. Bestetik, Mariano Marzo, Estratigrafiako katedraduna eta Bartzelonako Unibertsitateko Geologiako Fakultateko energia baliabideen irakaslea, munduan dauden energia baliabideen egungo egoeraz eta etorkizunekoaz mintzatu zen bere hitzaldian. Gai horretan izaten ari diren aldaketak nabarmendu zituen, nazioartean agertoki berri bat ekar dezaketen aldaketak, hain juxtu ere. Horretaz gain, energia lehiakortasuna sustatzearen garrantziaz aritu zen, eta, horretarako, tokian tokiko hornidura iturrien garapena bultzatu beharra dagoela azpimarratu zuen.
Beste alde batetik, Euskadiko erakunde eta instituzioetako ordezkariek ikuspuntu hurbilagotik heldu zioten gaiari. Energiaren egungo egoeraz eta perspektibez mintzatzeko, jardunaldian honako hauek hartu zuten parte: Eloy Alvarezek, Deusto Fundazioko Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Orkestraren Energia Katedraren zuzendariak, nazioarteko energiaren egoeraz hitz egin zuen, Euskadin gai horren inguruan dauden premia eta zailtasunen perspektibetan arreta berezia jarriz; Beatriz Marticorenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Ataleko buruak, gogoeta egin zuen energiaren arazoaz toki-erakundeen ikuspegitik, perspektiba hurbilago batetik herritarren beharrei erantzuteko aukeren inguruan. Azkenik, Javier Zarraonandiak, Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendariak, Eusko Jaurlaritzaren energia politikaren gakoak eta ildoak azaldu zituen; energia eredu iraunkorragoa izateko bidean, ezarritako helburuak eta garatu nahi dituen jarduerak nabarmendu zituen. Halaber, kanpoko energiarekiko mendetasuna murrizteko eta energia berriztagarrien erabilera sustatze aldera, gas naturala gehiago erabiltzearen alde agertu zen, trantsizioko energia baliabide gisa, kutsakorragoak diren beste erregai fosil batzuen erabilera gutxitzea ahalbidetuko duena.